Saskibaloiari buruzko hogei liburukiko entziklopedia argitaratua utzi zuen Manel Comas zenak. Hamargarren alea lehia aurretiko estrategiei buruzkoa zen. Bildumako kuttunena behar zuen: aurkarientzat segadak marraztu eta gauzatzen espezialista zen Comas. Jokoari erritmo patxadatsua ezartzen iaioak ziren antolatzaileei, adibidez, aurrez aurre beharrean atzetik zaintzea bezalakoak bururatzen zitzaizkion. Behin saskia oskarbi erakutsita, arinkerietan eror zitezen. Berea baino askoz hobea zen bostekoa parean zuenean, lehentasun bakarra izaten zuen entrenatzaile bibotedunak. Konfrontazio zuzena saihestea, ahal bazen, azken bost minutuak bertan izan arte. Munstrorik bizkorregi ez iratzartze aldera, horrelakoetan lehen zatian bost puntuz azpitik erosoago sentitzen zen Comas abantailekin baino. Arerioari erantzuteko denbora murriztu, eta orduan iristen zen kale edo baleko ahalegina egiteko garaia. Ia bi ordu lozorroan pasa, eta handiki askok ez zuten garaiz suspertzerik lortzen. Real Madrid edo Bartzelona dozenaka bider ahoa bete hortz utzi zituen gisako amarruekin Comasek.
Duela bi aste, Valentziaren ahalmen fisikoarekin arduratuta, errutinak irauli eta Alex Ruoff eta Tobias Borgekin ekin zion Sito Alonsok partidari, gihar lehiaketa bat ospatzea onartuta. Lehenbiziko laurdena hamasei puntugatik galdu zuen Bilbo Basketek, eta ostera 36ko pasada jaso, Valentziarenak egiten Valentzia baino askoz txarragoa zelako, noski. Comasen hamargarren liburukia ez du gogoan izango Alonsok, baina ikasgai hori bai, fresko asko gainera. Barneratuko zuen Bartzelonako automaten ahalmen fisikoari aurre egiteko modurik onena Bartzelonako automaten ahalmen fisikoari aurre egin behar ez izatea dela. Piztiari aurre egin baino, lo har dezan lortu behar du Bilbo Basketek.

Saskibaloia. Espainiako Kopa. CORUÑATIK
Manel Comas, hamargarren liburukitik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu