Nola aldatu den TKE denbora gutxian! 2011ko aldian, bost talde gipuzkoarrek, lau kantabriarrek, bi bizkaitarrek eta galiziar bakarrak osatu zuten elkartea. Urte gutxi hauen bueltan, ordea, nabarmena izan da aldaketa; eta handiena, euren zoritxarrerako, kantabriar elkarteek pairatu dute. Lehen lau ontzi, eta orain bakarra, eta hori lurraldetasun arau (zentzu handirik gabeko) baten bultzadatxoarekin, gainera. Eta okerrena: haientzat etorkizun oparoagorik ez zaigula begitantzen, ikustera irits gaitezkeen horizontera bitartean ez behintzat. Ea ez dugun asmatzen!
Txanponaren beste aldean galiziarrak jarri dira: iaz, talde bakarra, eta datorren edizioan, hiru. Etorkizunean gehiago izan daitezkeela ere esan zuen igandean Xuxo Nuñez Tiranekoak, pentsa! Baina, harro badabiltza, merezia daukate, beraiek bakarrik baitakite zein neketsua den halako liga batean jardutea. Makurtu egiten naiz haien aurrean!
Euskaldunen multzoaren egoerak, bestalde, egonkor segituko duela dirudi. Izatekotan, Porturenak izan lezake hauskor itxura; lau urteko egitasmo handibezain arriskutsuaren bukaerari jarraipena ematea ez baita haur jolasa. Beste zazpiek, berriz, eta arraun taldeek ia berez duten izaera ezegonkorra ahaztuta eta ezjakin baten begietatik, ez dute printzipioz dudarik transmititzen.
Bi eremutan egon da lehia aurtengoan. Batetik, arraunlariena, uretan, edertasunez, emozioz eta helmugako bideoz betea. Bejondeizuela eta zorionak garaileei, irabazleei nahiz guztiei! Bestetik, epaileena, bulegoetan, itsusia, lotsagarria! Neguan tosta artean sartuko nuke bat baino gehiago, arraunlariak txotxongiloak bezala ez tratatzen ikasteko. Ikasi ote dute aurtengotik?
Ni, noski, aurrenekoekin geratu naiz: Hondarribiaren erakustaldiarekin, Urdaibairen balentriarekin, Orioren eta Kaikuren Zarauzko berdinketarekin, San Juanen merituarekin, Libiakoen egoskorkeriarekin...

ARRAUN-MINEZ
Mapa berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu