mikel reina

Menpekotasuna

2024ko urtarrilaren 18a
05:15
Entzun

Euroliga erabateko eraldaketa prozesuan dago. Pixkanaka txapelketa zabaltzen doa, baina ez batzuek gustuko izango zuten moduan. Ezta gutxiago ere. Mugak gaindituko ditu Euroligak, dagoeneko Maccabik egin moduan ligan jarraitzeko. Baina are urrutiago joan da orain txapelketa. Dubain eta Arabiar Emirerri Batuetan dago orain dirua, eta horregatik bertara bideratu nahi dute txapelketa.

Iturri batzuek dagoeneko egintzat ematen dute Dubaik talde bat izango duela 2024-2025eko denboraldian Euroligan. 150 milioi eurok dute horren errua. Hurrengo sei urteetarako izango litzateke akordioa, eta horren truke A lizentzia dutenek urteko miloi bat euro jaso dute. «Ezetz esateko moduan», esango dute batek baino gehiagok. Baina Dubai 2023-2024ko sasoiko Euroligan sartu da. Gazteen arteko txapelketako egoitzetako bat izango da. Europako harrobirik onenetako batzuk, tradizionaletako batzuk, inolako saskibaloi kulturarik ez dagoen herrialde batean.

Zorionekoa

Lekutara eraman dute emakumezkoen Espainiako Kopa ere: Huelvara. Martxoaren 21etik 24ra jokatuko da. Gero eta beranduago, eta gero eta urrutiago. 2018an desagertu zen Ohorezko Mailatik Conquero saskibaloi taldea, Andaluziako saskibaloiak goi mailan izan duen azken ordezkaria. Orain, sei urteren ostean, bertara eraman nahi izan dute txapelketa. Sailkatu diren zortzi taldeetatik, Perfumerias Avenida da hurbilen dagoena: 552 kilometrora. Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek ia 1.000 kilometro egin beharko dituzte. Baina egia absolutua esan beharra dago. Bertaratzen direnek erabateko bermeak izango dituzte. Zerbait badu Huelvak, horrelako txapelketak antolatzeko gaitasuna eta esperientzia ditu. Urte asko daramatzate harrobiko selekzio eta taldeetako txapelketak antolatzen.

Gipuzkoarrek Valencia Basket izango dute aurkari final-laurdenetan, liderra. Bizkaitarrek, berriz, azken urteetako agintetik gero eta urrunago dagoen Perfumerias Avenidaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Asteon, adibidez, Pepe Vazquez entrenatzailea kaleratu dute. Aurten berritasunak sartu dituzte zozketa egiterakoan. Orain arte bakarrik lehen itzuliko txapeldunak zuen osteguneko lehen partida jokatzeko eskubidea. Horrela denbora gehiago zuen atseden hartzeko. Orain hori bakarrik ez, zerrendaburuen arteko kanporaketak ere zehaztu dituzte. Ordutegiak ere aldatu dituzte, betiere telebistaren menpe. Ostiralean jokatutako final-laurdenetatik finalerako sailkatzen denak hiru neurketa jokatu beharko ditu 48 ordu baino gutxiagoan.

Auzoka

Hain zuzen ere, zortea edo gaitasuna auzoka doa. Fitxaketak Gasteizen espero ziren, baina Bilbora iritsi dira. Merkatua da azken batean. Rafa Pueyok Keith Hornsby ekarri du, kanpoko lerrotik atzemandako puntu eskasia betetzeko. Agian ez zen erabat taldeak behar zuena, txikiagoa delako. Baina ez dute besterik aurkitu. Orain, ikusi beharra dago zelan egokitzen den. Behintzat hiruko marrako portzentajeak igotzeko beste jaurtitzaile bat izango du Jaume Ponsarnauk. Big dataren arabera, bilbotarrena ACB ligako hirugarren defentsarik onena da azken zortzi partidetan, bakarrik Unicaja eta Real Madrilen atzetik; baina erasorik eskasena da. Argi dago non dagoen hutsunea, beraz.

Baskoniari, justu, kontrakoa gertatzen zaio: bigarren erasorik onena da. Dusko Ivanovicek Gabonetako oparia(k) itxaroten jarraitzen du. Ikatza besterik ez du jaso. Orain, azken fitxaketa ere lesionatu zaio: Chris Chiozza. Antolatzaile baten faltaren aurrean, beste bat lesionatu zaio. Hau da, orain bakarra dauka. Eta gauzek horrela jarraitzen badute, ez da harritzekoa izango horrek ere min hartzea. Jasangaitza da jokalari batek astean bi-hiru partida jokatzea, eta bataz beste 30 minutu baino gehiago egotea pistan. Era berean, ez da jasangarria gaur egungo saskibaloian 9-10 jokalari erabiltzea, are gutxiago Euroligan. Tony Parkerrek, adibidez, hori leporatu zion Gianmarco Pozzecori kaleratzerakoan, batez ere gazteekiko konfiantza eza. Merkatuak agintzen du, zentzu denetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.