mikel reina
Hirukotik

Merezi ote?

2025eko maiatzaren 27a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Merezi. Merezi hitza termino zaila iruditu izan zait beti. Merezi ote, galdetzen dio bere buruari Gontzal Mendibilek. Orain kantu horren bertsioa egin du Chill Mafiak. Merezimenduek gutxirako balio izaten dute askotan; ez dira titulu bat. Berez ez dute inora eramaten. Ekintzek balio dute.

Terminologia

Ez dakit merezimendua, justizia, etorkizuna edo zer izan daitekeen, baina Sarunas Jasikeviciusek lehen Euroliga irabazi du entrenatzaile gisa. Euroliga modernoan lehena da jokalari eta entrenatzaile bezala garaikurra irabazten. Aurretik, Armenak Alachachianek, Lolo Sainzek eta Svetislav Pesicek bakarrik lortu zuten. Egiari zor, azken zazpi urteetan sei aldiz heldu da Lauko Finalera entrenatzaile lituaniarra, hiru talde desberdinekin, gainera. Nahikoa ote da merezi hitza erabiltzeko? Bakoitzak erabaki dezala.

Argi dagoena da Jasikeviciusek nahi beste izaera eta itxurakeria dituela; baina entrenatzaile handia da. Lehengo entrenatzaileen bertsio eguneratua da: oso exijentea, dena kontrolpean izan nahi duena, eta jokalariekin gertuko harremana izateko gai dena. Wade Baldwinek esan zuen, adibidez, Europan izan duen entrenatzailerik onena izan dela. Estatubatuarrak hori esatea asko da. Talde sendoa sortu du Fenerbahcek. Zure jokalari onena edozertarako prest egotea beharrezkoa izaten da, dena ematea. Bada, Nigel Hayes-Davisek lidergorako gaitasuna erakutsi du. Gainera, bidea erakutsi die Devon Halli, Nicollo Melliri edota Marko Gudurici. Talentuaz gain, sasoia ere behar da gaur egun. 

Finaleko hirugarren laurdena gaur egungo saskibaloiaren erakusle izan zen: ahalmen fisiko ikaragarria, etengabeko borroka eta muturreko lehia. Hor galdu zen Mike James. Jamesek ematen dizuna, Jamesek kentzen dizu. Egoskortu egin zen. Normala ere bada, Elie Okobo eta Jordan Loyd guztiz gaindituta baitzeuden. Finalaurrekoetan erakutsitako nagusitasunak nahi baino arinago egin zion ihes. Horrelakoa da James. Haren entrenatzaileak, Vassilis Spanulisek, sen berezia zuen halako partidetarako. Har ere, aukera du Euroliga jokalari eta entrenatzaile bezala irabazteko. Agian, urte batzuk barru, Jasikeviciusen inguruan esandako gauza bera esango dugu Spanoulisen inguruan.

Sinesmenak

Badaezpada hobe da liga erregularra lehen postuan ez amaitzea. Madarikazioa dirudi. Bai, behintzat, merezimenduetan bezala, horrelako usteetan sinesten dutenentzat. Euroligako formatu berria ezarri zenetik, sailkapeneko liderrak ez du inoiz garaikurra altxatu, eta dagoeneko zortzi urte igaro dira. Ez hori bakarrik, azken hogei Lauko Finaletatik hamabostean, garaipen kopuru handiena lortuta heltzen zen taldea ez da gai izan finalerako sailkatzeko. Askok garbi ikusten zuten finala Greziako bi taldeek jokatuko zutela. Baina herrialde bereko bi taldek ez dute sekula finala jokatu, betiere Euroligaz hitz eginda.

Askorako eman du Euroligak, eta are gehiagorako emango du. Oraindik ez dakiguna zera da, zelan eta zenbat. Ligaxka 20 taldera luzatzeko aukera mahai gainean dago. NBAren eta FIBAren mehatxua ere bertan dago. Argi dagoena da Euroligak bere piezak mugitzen hasi beharra duela, beste batzuek egin duten bezala. Dubai, Hapoel Tel Aviv eta Valentzia Basket ate joka daude. Haiek ere mugimenduen zain daude. 

Talde batzuek dagoeneko hasi dituzte mugimenduak. Paris da horren adibide. Arreta piztu duten jokalari guztiek alde egingo dute. Lauko Finala amaitzeaz batera edozelako zurrumurruak biderkatu dira, norabide guztietan. 

Gero eta gutxiago falta da uda iristeko. Laster tartea izango da bakoitzaren sinesmenak edota usteak adierazteko. Gehiago edo gutxiago, denok ditugu horrelakoak. Merezi ote? Bakoitzak erabaki beharko du zeri heldu nahi dion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.