HIRUKOTIK

Onerako eta txarrerako

mikel reina
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erabakiak erabaki. Migrazio handiak daude azkenaldian Europako saskibaloian. Zelan ez, Errusia eta Ukrainaren arteko liskarrak bizitzako arlo denetara arte heldu da. Mugaldeak pasa ditu. Saskibaloia ondorioak jasaten ari da, onerako eta txarrerako.

Azkenean Euroligak Errusiako taldeak kaleratzeko erabakia hartu zuen. Horrek goitik behera aldatu zuen sailkapena. Ez da aldaketa bakarra izan, nahiz eta bigarren honek ez duen zerikusirik ekialdeko istiluekin. Lauko finala lekualdatu du Euroligak, baita datak ere. Azkenean Belgraden jokatuko da, eta ohiko ordutegiak aldatu dituzte: maiatzaren 19tik 21era, hau da, finalerdiak ostegunean eta final handia larunbatean. Orain, kanporaketekin, zortzi talde onenen artean sartzeko borroka asko berdindu da. Justu hilabete barru amaituko da ligaxka; sei jardunaldi falta dira bakarrik. Hiru talde izan dira aldaketaren onuradun handienak: Anadolu Efes, Bayern eta Baskonia. Orain arte Errusiako taldeen aurka jokatutako lau partidak zituen galduta Baskoniak; bat Kazango Unics eta CSKAren aurka eta bi Zeniten kontra. Arabarrek azken-aurreko postutik 12. postura egin zuten jauzi egun batetik bestera. Ez zuten joan den astean abantaila baliatu. Jardunaldi bikoitzak beti dira garrantzitsuak, baina joan den astekoa bereziki. Bi garaipenek ihes egin zieten azken minutuetan; ez dira plaza errazak Tel Aviv eta Pionir.

Etenaldiak. Dagoeneko zortzi dira Euroligan jarraian pilatutako porrotak. Inoizko boladarik txarrena. Izar Gorriaren aurkako partida galdu ostean, 2013-2014 denboraldian bata bestearen atzetik galdutako zazpi neurketak gainditu ziren. Baskonia lehiatu gabe egon da hamasei egunez, eta kanpotik ikusita, ez du taldearen dinamika askorik aldatu. Gaur itzuliko dira Buesa Arenara, 24 egunen ostean, Efesen aurka jokatzeko Euroligan. Horrelako etenaldi luzeak onerako edo txarrerako izan daitezke. Arriskutsuak dira oso. Hori bai, Neven Spahijak ohi baino entrenamendu saio gehiegi egiteko denbora izan du. Azkenean, zu baino okerrago dagoen norbait aurkitzean oinarritzen da gaur egungo bizitza. Zure miseriak apur bat ezkutatzeko bidea da. Tristea bezain errealista. Gaur egun talde hori Real Madril da. Espainiako Kopako finala galtzeak min handia egin du tenplu zurian. Azken hamabi partidetatik zazpi galdu dituzte, eta Wizink Centerren jokatutako azken laurak jarraian. Pablo Laso Madrilen dagoenetik, seguruenik unerik zailena da.

Bilbo Basketen egoera guztiz ezberdina izan da. Orain arte. Hain dinamika onean dagoen taldearentzat (zortzi garaipen jarraian Miribillan) etenaldia ez da albiste ona izaten. Erabat beharrezkoak dira fisikoki eta mentalki, baina momentua oso garrantzitsua da. Valentin Bigoten ihesaldiak ere buruko min gehiago sortu dizkio Alex Mumbruri. Taldea orekatuta eta nahi bezala banatuta zuenean, berriro eskua sartu beharko du. Behintzat ez du aintzenako beharrizanik, helburua eskuan baitute. Harrobian lantzen ari diren jokalariei emateko aukera ezin hobea izan daiteke. Aldiz, epe laburreko fitxaketa bat errentagarritasun aldetik, baliteke positiboa ez izatea.

Aldebikotasuna. Emakumezkoetan ere Euroligak erabaki bera hartu du. Kasu honetan, behin ligaxka amaituta, kanporaketak zehaztuta zeuden. Ekaterinburg eta Dinamo Kursk kaleratuak izan ostean, Gironak, adibidez, kantxan lortu ez zuena, lortu du: kanporaketetarako txartela. Avenidaren aurka jokatuko dute, eta kexu agertu zen Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarra. Bide beretik, Errusiako taldeetatik ihesi irten den jokalarietako bat fitxatu du Salamancako taldeak: Adaora Elonu. Azkenean, beti daude bi alde, onerako eta txarrerako. Fitxatzen ari den bestea Boloniako Virtus da. Daniel Hackett Moskutik ekarri dute, eta atzo iluntzean baieztatu zuen beste fitxaketa bat: Tornike Xengeliarena; CSKAtik hau ere. Valentziarekin ere lotzen ari ziren, baita Baskoniarekin ere, baina azkenean, Gasteiztik urrun joatea erabaki du Georgiakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.