Danel Agirre.
SASKI DA!

Onik irits nadin aireportura

2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gertakari larri ez hain larria. «Hil egingo zaitut. Gaur gauean ez zara Greziatik bizirik irtengo. Nire begiengatik zin degizut. Zu hilko zaitut, zure familia hilko dut, hitz ematen dizut. Zure ama, zure emaztea eta zure seme-alabak zure aurrean bortxatuko ditut!». Panathinaikos eta CSKAren arteko kanporaketan epaileek hirugarren lehian taxututako aktak laburtzen du Europako hainbat bazterretan eliteko kirola zer den: tokian tokiko mafiosoen denbora-pasa garestia. Dimitris Giannakopoulos greziarren presidentea klub hori zuzendu duen leinu iskanbilatsuaren azken katebegia da. Familiako tradizioari tinko heldu dio berak ere: mehatxu pertsonalak epaileei eta mimoak eta finantzaketa harmailetako ultrei kantxako arerioak imajina daitezkeen trikimailu guztiekin izutu ditzaten. Recep Ankarali epailea larriki iraindu zuen Giannakopoulosek norgehiagoka amaituta, bere aldagelara baimen gabe sartu eta kandela bat jaurti ondoren —Panathinaikos askoz ahaltsuagoa den arerioari gailendu berritan gainera!—. Lehenago, Gate 13 ezaguneko milaka partaideek laserrak erabili zituzten etengabe jokalari errusiarrak ernegatzeko, bengalekin eta galarazita dauden sirenekin lagunduta. Euroligak beti bezain mengel erantzun zuen hurrengo egunean. «Gertakari larriak» zirela ahopean esan bai, baina diruzko isuna bakarrik ezarri zion kanporaketako laugarrenari ere OAKA kiroldegian lasai aurre egin ahal izan zion Panathinaikosi. CSKAk bere nagusitasuna azaldu zuen azkenik, eta Lauko Finalerako txartelak atera. Etxekoen entrenatzaile Dusko Ivanovicek zale greziarrei eskerrak eman zizkien kanporaketa osoan azaldutako babesagatik. Bere lanpostuaren betebeharretako bat da hori; presidenteak azaldu behar izan gabe ere bazekien hori fitxatu zutenerako. Ugazabak ez zuen batere asteburu ona pasako ordea. Bartzelona kanporatu zuen 24 ordu beranduago Olympiakosek, hiriko beste bi handikiren —Angelopoulos anaien— jostailuak. Kataluniarrak sutan itzuli ziren etxera Grezian jokatutako bi lehietan epaileek egindako lanarekin. Mafiaren heriotza mehatxuen aurrean Euroligak duen jarrera ikusita, humanoa da txilibituarekin ari direnak, errazkerietan erori, eta Grezian etxekoen alde egitea. Besterik ez bada, aireportura onik iristeko.

Aitzakia bat. Estatistika lagun iruzurti samarra da askotan saskibaloian, eta itsuan hari kasu egitea ariketa arriskutsua. Nire susmoa da, ordea, azkenaldian Bilbo Basket gehiegikeriatan erori dela hiruko jaurtiketekin. %33 dute horietan beltzezkoek, ligako bigarren batez besteko kaskarrena, haiek baino saiakera gehiago Joventutek bakarrik egiten baditu ere. Bikoen %54rekin ari dira asmatzen Sito Alonsorenak. Kalkulua erraz askoa da: hirukoekin, 100 jabetzatan 99 puntu pilatzen dituzte; bikoekin, 108. Gainera, saskira hurbildutakoan faltak kobratzea ere ohikoagoa suertatu ohi da, eta marratik %77 txukun askoa du Bilbo Basketek. Real Madrilen aurka 32 aldiz saiatu ziren beste behin 6,75 metroko marraren atzealdetik, eta lautan jaso zuten saria. Piboten laukotea porru eginda dago, eta aitzakia gisa erabil liteke hori lotsarik gabe, baina neguko trinkotasunaren aztarnarik ez da geratzen Miribillan.

Aitzakia bi. Azkenaldian, bere jokalariak kamuts aritu diren bakoitzean (sarri gertatu da, tamalez), deigarria izan da Ibon Navarroren prentsaurrekoetako haserreen antzezpena. Josean Kerejetaren aldartea imajinatu eta, ahal bada, hura baino are saminduagoaren plantak egiten dituela dirudi. Astero jokalari berriren batekin aritzearen eragozpenaz luza liteke, baina ederki daki entrenatzaileak bere presidentearen entzumenak (besteen) desenkusak ez dituela jasan ohi.

Aitzakia hiru. Taquan Deanen ihesaldiak Gipuzkoa Basketen oreka ezin hauskorragoa zapuztu duela ofiziala da. Depresioak jota dago multzoa, ezorduan gainera. Behar duen bultzadatxoa nondik etor daitekeen ez da antzematen. Sasoi osoan zehar pairatutako mila eragozpenek ez lukete balizko jaitsiera bat irensgarriago egingo, ordea, bi hilabete faltan abantaila eroso askoarekin aritu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.