Orain, bai. Orain bai dela NBA munduko saskibaloi ligarik onena. Kanporaketak hasten direnean beste maila batera egiten du jauzi txapelketak. Are gehiago aurten. Konferentziako final-laurdenetan kanporaketa bikainak ikusi bagenituen, zer esan finalaurrekoen inguruan.
Irizpideak
Liga erregularra hain luzea izanik, 82 partida, ahalegina kudeatu beharra dago. Derrigorrezko zerbait da. Baina kanporaketetan denak egiten du gora: kalitateak, fisikoak, defentsak... Azken horretan nabaritzen da gehien. Gainera, azkenaldian NBAko epaileek gero eta kontaktu handiagoa uzten dute. Hori bai, jokalari batzuekin badirudi aldaketa egoten dela, pentsatzen dugun baino gehiagotan gertatzen den zerbait da. Edozein tokitan gertatzen da, ez bakarrik NBAn. Irizpidea denentzat berdina izan beharko litzateke, baina badaude bestelako irizpideak ere. Estatu Batuetan, adibidez, Shai Gilgeous-Alexanderren gainean dago jarrita fokua. Falta asko ateratzen ditu kontaktuak behar baino gehiago puztuz.
Defentsa ia kanporaketetan hasten baita NBAn. Hau da, benetako lehiakortasuna hasten denean, partida bakoitza garrantzitsua eta erabakigarria izan daitekeenean. Aurten, lehen aldiz, finalaurrekoetako lehendabiziko sei partidak kanpoko taldeek irabazi dituzte. Horrek are eta ikusgarriago egin ditu kanporaketak, kantxa faktorea ezerezean utzi dutelako lehen aukeran. Gauzak horrela, orain bai merezi duela lo apur bat gutxiago egitea partidak ikusteko.
Kantxa faktorea
Batez ere, Euroliga barik geratu garelako aste guztirako, hilaren 23tik 25era. Protagonistak prest daude, etxeko taldeak nagusitu dira bosgarren partidetan. Hemen bai, kantxa faktoreak indarra hartu du azken partida erabakigarrian. 2009an bost partidako kanporaketak jarri zirenetik, behin bakarrik gertatu da lehen bi lehiak galdu dituen taldeak aurrera egitea. Bartzelonak bere esku izan zuen, baina azkenean Monako gailendu zen. Era berean, Ergin Atamanen Panathinaikosek ere aurrera egin du. Hemen ere zalantza gutxiago zeuden, irizpide kontuak ere bai. Lehen esan bezala, edozein tokitan gertatzen da.
Gauzak horrela, ez da ACB ligako talderik egongo Lauko Finalean 2004az geroztik. ACB ligaren gogortasunaren seinale argia da, zati batean behintzat. Hasteko, beste liga batzuetan egutegiak eta jardunaldiak moldatzeko aukerak ematen dituzte, nahieran batzuetan. ACB ligan, ordea, horretarako muga handiagoak daude, eta edozein taldek eman diezaioke susto bat besteari. Esan diezaiotela bestela Baskoniari. Badalonan galdu eta gero, maldan gora jarri zaio kanporaketak jokatzeko aukera, zortzigarren postuan jarraitzen badu ere. Pablo Lasoren taldeak oraindik ez ditu denboraldi osoan hiru partida jarraian irabazi, ez ACB ligan, ez Euroligan, ezta bi txapelketak nahastuta ere. Bilbo Basketek, berriz, sasoiko helburu nagusia lortu du, eta beste urtebetez ariko da maila nagusian.
Beste behin
Azkenik, orain fase erregularrez eta kanporaketez hitz egiten ari garela, Ibon Navarroren Unicajaz hitz egin beharra dago. Ostera ere lortu duelako entrenatzaile gasteiztarrak arrakasta, Txapeldunen Liga irabazi duelako. Bilbo Basketek bezala, Grezian, Atenasen kasu honetan. Malagako taldeak momentu erabakigarrietara sasoiko heltzeko gaitasuna lortu du. Kanaria Handiko Espainiako Kopan ikusi genuen, eta orain Lauko Finalean berretsi du. Bidean, zelan ez, porrotak egon dira, baina prozesuaren parte direlako. Ezinezkoa da hainbeste hilabetetan gorabeherarik ez izatea; ohikoa da gorabeherak izatea. Beraz, kontuz Navarroren taldearekin ACB ligako kanporaketetan. Sailkapenean postuak galdu baditu ere —liderrak izan ziren—, oraindik uste dut asko duela esateko. Garaikurrerako bidea zaildu zaio, baina zerbait alde batera utzi beharra zegoen ahalik eta ondoen heltzeko maiatzera. Gainera, entrenatzaile arabarrak jokalari asko erabiltzen ditu, denak nahi ditu prest, eta horrek, rol banaketak batez ere, denbora behar du. Garai erabakigarrira ondo heltzea da helburua.