Asier Azpilikueta.
IRITZIA

Oraingo hau (ia) gutxienekoa baita

2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Futbolaren edo futbol talde zehatz baten aurka hitz egin behar duen edonork bere excusatio guztiak astindu behar omen ditu, etorriko zaizkion accusatio guztiei aurre egiteko. Bada, honatx neureak: futbola gustuko dut eta gaztaroan 14 urtez aritu nintzen talde amateur batean; gainera, atsegin dut noiz edo noiz telebistan futbol talde profesional onen arteko partidak ikustea; bertzetik, txiki-txikitatik naiz Osasuna futbol taldearen jarraitzailea, laket baitut jokalari txar baina ausartez osaturik egon ohi zen talde zintzo baten zalea izatea; eta, azkenik, erran dezadan hamaika urtez aritu naizela Osasunaren etxeko partiden irrati kontakizunetan parte hartzen, Euskalerria irratian, euskararendako esparru berriak lortzen, baina, era berean, zeharka futbolzaletasuna eta osasunazaletasuna sustatzen.

Eta behin indarra hartuta eta neure burua zilegitasun gorritxoz zein futbolistikoz horniturik, aitor dezadan une honetan bortz axola zaidala Osasuna futbol taldea desagertzea. Lotsaren lotsak hartua bainau. Eta ez dut uste bakarra naizenik.

Erran ohi da Osasuna eta sanferminak direla nafar guztien atxikimendua lortzen duten gauza bakarrak. Baina ez da egia. Xehetasunetan sartuz gero, berehala azaleratzen baitira gure betiko ezberdintasunak.

Diru publikoak bidegabe erabiltzearekin kezka dugunok duela zenbait urte hasi ginen asaldatzen, Nafarroako Gobernua Osasunari urtero milioi eta erdi euro ematen hasi zelarik, Sadar futbol zelaia Nafarroako Erresuma deitzearen truke. Garai hartako lehendakari Patxi Izkok xalo-xalo aitortu zuen dirutza hori zuzenean Gobernuari itzultzen ziotela, Osasunak Ogasunarekin zuen zor alimalekoa kitatze aldera.

Iaz jakin baikenuen Osasunak nafar guztiokin 50 milioi euro inguruko zorra zuela. Astakeria. Lehen Mailan jokatzeagatik eta jokatzeko, inolaz ere milioiak balio ez zuten jokalari zein entrenatzaileei milioiak ordaindu baitzizkieten —jaitsi ziren denboraldian 30 milioi euroko aurrekontua izan zuen Osasunak?—. Eta, jakina, halakoak ordaindu ahal izan zituzten Ogasunari ordaindu ez ziotelako.

Baina Osasuna desagertzetik salbatzeko eta egindako jukutria estaltzeko, —o, kasualitatearen kasualitatea!— erregimeneko alderdiek ad hoc lege bat asmatu eta onartu zuten azaroan. Osasunari kontuak garbi azaltzeko eskatu gabe, batere bideragarritasun planik aurkeztu gabe.

Eta, orain, Osasunaren kontuetatik ateratako 3,7 milioi nora bideratu diren ikertzeko eskatu du epaileak, ustez bertze talde batzuen partidak erosteko erabili baitira. Eta taldearen etorkizuna, orain bai, kolokan dago. «Erantzukizun zibilak, penalak eta administratiboak» eskatzen hasi dira batzuk. Erantzukizun politikoak eskatuko nituzke nik, maiatzean garbitze aldera. Eta bidean Osasuna galtzen bada, neure aldetik bederen, gaitzerdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.