mikel reina
Hirukotik

Otsaila, otsoen hilabetea

2024ko otsailaren 14a
05:15
Entzun

Etenaldiak beti dira garrantzitsuak, beharrezkoak, nahitaezkoak. Bizirik irauteko funtsezkoak, zurrunbilotik noizbait atera beharra baitago. Era berean, moduak eta moduak daude etenaldietara joateko. Atseden hartzeko denbora izaten da, ez bakarrik fisikoki, bata mentalki ere. Askorentzako, adibidez, familia eta lagunak ikusteko eta benetan haiekin egoteko garaia izaten da. Ohorezko Mailan ari diren hiru euskal taldeetako jokalariek horretarako tartea izan dute orain arte, eta asteburuan berrekingo diote lehiari. Orain, ACB ligakoen txanda izango da.

Talderik ez, ordezkariak bai

Otsaila Koparen hilabetea da askorentzat, Europa osoan, gainera. Euskal Herriko talderik ez dago egongo bertan; bai, ordea, euskal herritarrak. Gozatzekoa izango da Malagako ikuskizuna. Real Madril da faborito nagusia. Gainera, Walter Tavares eta Sergi Llull berreskuratuko ditu. Hori bai, Murtziak irabazi egin zien azken neurketa madrildarrei. Iaz bezala, Euskal Herriko bi entrenatzailek indarrak neurtuko dituzte: Ibon Navarrok eta Txus Bidorretak. Aurreko aldian finalean izan zen; orain, final-laurdenetan. Navarrok begiz jota edukiko du txapelketa, haren taldeak etxean jokatzen baitu, Malagan. Are gehiago, iaz garaikurra altxatu ostean. Malagako taldeak hamalau garaipen erdietsi ditu jarraian denboraldi honetan, klubaren errekorra. Nork hautsi du marka hori? Joventutek. Kasualitatea akaso. Bestalde, Manresa oso lehiakor aritu zen igandean Bartzelonaren aurka. Hamasei puntuko desabantailari buelta emateko gai izan zen. Kanaria Handia eta Valentzia, berriz, zalantzekin helduko dira Malagara. Biek ala biek galdu egin zuten azken jardunaldian, sentsazio txarrak transmitituz. Sailkapeneko behealdean dauden taldeen aurka egin zuten, gainera.

Askatasuna

Aurten ez da euskal talderik izango Kopan. Hau da, Baskoniak eta Bilbo Basketek atseden hartzeko denbora izango dute aste honetan. Oso modu desberdinetan heldu dira etenaldira. Garaipenak eta porrotak erabat aldatzen du ikuspuntua goi mailako kirolean. Gaur egungoak balio du; aurreko guztia lehenaldia da, ez du balio. Patua, gainera, oso berekoia da. Esate baterako, badirudi Joventutek neurria hartu diola Baskoniari. Iaz Kopatik kanporatu zuen, ACB ligako kanporaketetatik at utzi zuen, eta orain lehen zortzi talde onenetatik kanpora geratu dira gasteiztarrak.

Argi geratu da, beste behin, Dusko Ivanovicen taldea, gaur egungo jokalari kopuruarekin —jokatzen dutenekin, behintzat— ez dagoela hain exijenteak diren bi txapelketetan lehiatzeko moduan. Hau da, Euroligako ahalegina garesti ordaintzen dute asteburuan ACB ligan. Taldeak ez du gehiagorako ematen, ezinezkoa da gutxieneko erregulartasun bat lortzea. Cody Miller-McIntyrek noizbait egin beharko du eztanda. Zenbaki aldetik dagoeneko egin du. Euroligako aurtengo debutaririk onena da, eta tarte handiz, gainera. Txapelketaren historian hirugarren aldiz, hiruko bikoitza eskuratu zuen Asvelen aurka: 11 puntu, 11 errebote eta 20 asistentzia. Nikola Vujcicek eta Nick Calathesek bakarrik lortu dute estatistikako hiru ataletan zenbaki bikoitzak izatea. Hori gutxi balitz bezala, Baskoniako antolatzaileak asistentzien errekorra hautsi zuen. Atsedenaldirako 12 zeramatzan dagoeneko. Otsaila otsoen hilabetea da, eta Baskoniakoa aske dago.

Garaikurrak

Etxean jokatzen duenean otso bilakatzen diren talde horietako bat da Bilbo Basket. Ilargi betearekin beharrean, Miribillarekin bilakatzen da gizotso. Argi utzi dute etxean edozeinen aurka lehiatzeko gai direla. Handik urrun, ordea, beste gauza bat da. Kontuak kontu, iazko garaipen kopuru berarekin iritsi da Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldea Kopako etenaldira: bederatzirekin. Garaipen horiek, bi izan ezik —Valentziaren  eta Obradoiroren aurkakoak—, Miribillan eskuratu dituzte bilbotarrek. Jaitsiera postuetatik aldentzeko helburu argia duen talde batentzat, ezinbestekoa da etxeko partidak irabaztea. Gainera, orain, lasaitu barik, edo apur bat bai, hobeto lehiatu ahal izango dira FIBAren Europako Kopako kanporaketetan. Azken batean, garaikurrengatik borrokatzea beti da motibazio iturria. Garaikurra beti garaikur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.