Susmagarria Donostian… Abuztuko zapatu arratsalde sargori batean hasi zuen bere jarduera Gipuzkoa Basketen, Astigarragako kiroldegian. LEB ligara jaitsi berritan, jokalari bikainak bildu zituen Pablo Lasok bere inguruan, gaurko ACB ligan Kopan egoteko moduko kuadrilla. Maila bat beherago aritzen zen Caja Riojaren aurkako lagunarteko lehiarekin estreinatu zen taldea, eta bigarren laurdenerako marmarka ari ginen asko harmailan. Sasiadituok ez genion topatzen inongo haririk ikusitakoari, eta atsedenaldiko tragoxkarekin jaurti genituen lehenbiziko «ez dute ezertara jokatzen» erdeinagarriak. Behin Caceresen ACB ligara itzultzeko eskubidea irabazita, Andy Panko edo Bernard Hopkins bostekoan edukita aulkian txorimalo batekin ere emaitza bera izango zela esatera ausartu ginen. Klubaren helburuak betetzen eman zituen lau urteak Laso gutxiesten xahutu zituen Illunbek.
… miresgarria Madrilen. Ez dira hainbeste hilabete igaro, eta bere hurrengo lanpostuan, entrenatzaile batentzat lorpenik gaitzena dena erdietsi du joko antolatzaile ohiak: Real Madrilen jokoaren bikaintasun eta erakargarritasunari buruzko adostasuna, Europa osoan. Ettore Messinak zeharo umelduta utzi zuen taldeari buelta eman dio, eta ez bakarrik zuriak aspaldi lortzen ez zituzten emaitzak pilatzen ari direlako. Askatasunean eta abiaduran oinarritutako Lasoren proposamena gero eta ikusgarriagoa delako, batez ere. Hutsarteetan telebistako kamerak hurbiltzen zaizkionean oraindik atzematen dizkiogu ateraldi xelebreak, eta baditu bere taldeak hobetu litzakeen ñabardurak ere (hirukoetan fede gehitxo askotan). Egia da baita ere jokalari zerrenda apartekoa daukala. Baina Lasok berak ere izan behar du nahitaez meriturik talentu hori hain modu gardenean kantxan islatzen denean. Sergio Rodriguez txundigarria berreskuratu izana ere opari ezin gozoagoa da saskibaloia maite dugunontzat. Ni eta ni bezalakoen ahotzarra ixteak ez du hainbeste meritu.
Gruyere defentsa. Batek daki entrenatzaileek saskibaloi bizia modan jarriko duten ala ez, baina Sergio Scariolok ere bere Baskonia ziztu batean jardun dadin nahi du. Baloia arerioek defentsa osatu baino lehen kantxaren beste aldean ipintzeko, ordea, atzealdean jarrera oldarkorra ezinbestekoa da, saskiratzea jaso ondoren korrika abiatzeak ez baitu ezertarako balio. Oraingoz, hortxe huts egiten dio plangintzak italiarrari. Real Madrilek laurden bakoitzean gutxienez 23 puntu egin zizkion Baskoniari, eta, behin hasierako erasoko etorria amaituta, astindu galanta jaso zuten gasteiztarrek. Zurien jokalari txikienak askeegi aritu ziren, eta orain arteko lau partida ofizialetan Hodge eta Heurtel parean zituzten arerioak atzeman ezinik aritu dira. Haiei laguntzera iritsi behar duten taulapeko jokalariak beldurgarriegiak ez direnez, defentsako bost kideek indar —hor Hangaren zangoak eskertuko dira— eta, batez ere, ardura handiagoa erakutsi beharko dute.
Egutegiari izua. 35 segundo falta zirela, Paunicek Fuenlabrada partida osoan lehenbizikoz aurretik jarri zuen hirukoa sartu zuenean, Raul Lopez, Grimau, Mumbru, Hervelle eta Gabriel ari ziren Bilbo Basketentzat lanean. 165 urte zahar da multzo hori, eta ACB ligan ia 70 urtetako eskarmentuaren jabe, baina ezin izan zuen saihestu porrota, eta oso garestia suerta daiteke. Azken laurdenean hamahiru punturen aldea xahutu izana Kanaria Handiaren aurka konpondu beharko dute Pueyorenek, kosta ahala kosta. Gero, ia jarraian, Real Madril, Bartzelona eta Unicaja aurrez aurre izango dituzte, eta, azaro bukaeran, Bilbokoak sailkapenaren sotoan eta Kopatik oso urrun ikus lezakete beren burua. 165 urteko bostekoak orduan erakutsi beharko du bere zuhurtasuna.
Barraskilo lasterketa. Donostian Kopa ez du inork helburutzat hartzen, eta askoz hobeto horrela. Zapatuan sumatu ahal izan zen Gipuzkoa Basket maldaz gora arituko dela ACB ligako plaza gaitzenetan. Sito Alonsok hizki larriz bereizita izango ditu maila apalagoko aurkariek Illunbera egin beharreko bisitak. Larunbatean, Joventut izango da han, baliabidez Gipuzkoa Basket bezain mugatua den lantalde gutxitako bat. Hirugarren jardunaldia izanda ere, horrelakoak irabazita eraikitzen da denboraldi arrakastatsu bat.

Saski da!
Pablo Laso, barka iezaguzu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu