mikel reina
Hirukotik

Paradigmak

2024ko martxoaren 12a
05:05
Entzun

Izen propioen asteburua izan da. Gogoratzeko horietako bat, emaitzak desberdinak izan badira ere. Argi dagoena da, egun berean, igandean kasu honetan, horrelako bi erakustaldi ikusi izanak agerian uzten dutela saskibaloiaren paradigmaren aldaketa. Bai, Markus Howarden eta Alex Reyesen inguruan hitz egiten ari naiz.

Egun batetik bestera

Gaur egungo saskibaloiak izenondo asko izango ditu, gehiago eta gutxiago gustatuko zaizu, baina entretenigarriagoa da. Minutu gutxian partzial handiak egiteko edo jasotzeko gaitasunak goitik behera aldatzen ditu saskibaloiaren planteamendu klasikoak. Adibide soil bat. Lehen, laurdena amaitzeko 48 segundoren faltan bakoitzak bere jabetza agortuko luke. Orain ez. Orain lehenengo eraso egiten duen taldeak nahiago du jokaldi arin bat jokatu, horrela hirugarren jabetza bat sortzeko. Are gehiago gaur egun hiruko marrarekiko dagoen menpekotasuna ikusita.

Esan diezaiotela bestela Bilbo Basketi. Joan den asteazkenean FIBA Europe Cup txapelketako final-laurdenetan Legia Varsoviaren aurka hiruko bakarra sartu zuen hamazazpi saiakera egin ostean. Igandean, Granadan, berriz, Alex Reyesek hamarretik zortzi sartu zituen, berak bakarrik. Luke Recker handiaren marka berdindu zuen. Lehen aldiz jardunaldiko jokalaririk onena izendatu dute, baina bere taldeak ez zuen irabazi. Behintzat puntuen aldea mantendu zuten. Hori bai, garaipen batek bideratuta utzi zezakeen beste urte batez ACB ligan jokatzea. Oraindik itxaron egin beharko dute bilbotarrek. Bihar, aldiz, liga alde batera utziko dute, egun batez. 19 punturen desabantaila irauli behar dute. Zail izango dute, baina gaur egungo saskibaloian edozer da posible.

Bideojokoetakoa

Markus Howard bezalako jokalariek aukera ematen dute edozer posible dela sinesteko. Bideojokoetako jokalaria da Howard, zuk maneiatuta emaitza okerragoak lortuko zenituzke. 37 puntu sartu zizkion Bartzelonari Baskonia kanporaketetara sailkatzeko borrokan mantentzeko. Paradigma aldaketaren beste datu esanguratsu bat. Estatubatuarrak 22 hiruko jaurti zituen, inork ez ditu jaurti berak beste. Oscar Shmidtek hemeretzi saiakera egin zituen 1994an. Harrigarria da, baina Bartzelonak Howardek adina hiruko jaurti zituen: 22. Esanguratsuena, da, ordea, eskoltak portzentaje hobeak izan zituela Kataluniako talde osoak baino: zortzi sartu zituen Howardek eta zazpi Bartzelonak.

Hain zuzen ere, meritu handiko garaipena eskuratu zuten gasteiztarrek. Uste baino garrantzitsuagoa; galduz gero, zortzigarren postua bi garaipenera urrunduko baitzitzaien. Eta hori kontuan hartuta Joventutek azken segundoan galdu zuela Manresaren aurka. Gainera, Chima Monekeren azken orduko gaixotasunak ez zuen aukerarik eman Chris Chiozzak jokatu ahal izateko. Baskoniak bere sen eta izaera borrokalariena eta lehiakorrena atera behar izan zuen aukerekin jarraitzeko. Ez delako garaipen bateko aldea bakarrik Badalonako taldearekiko. Ia bi dira, puntuen aldea galduta baitute arabarrek, baita Teneriferekin ere. Horregatik, bi talde horiek baino garaipen bat gehiago lortzera derrigortuta daude.

Ziklo aldaketa

Garaipen bakarra duena Bembibre da emakumezkoen Ohorezko Ligan. Bakarra 24 jardunalditan. Asteburuan aspalditik itxaroten zeuden albistea heldu zitzaien: datorren urtean ez dira gorengo mailan arituko, 12 urteren ostean. Horrek ere beste paradigma bat zabaldu du txapelketan. Bierzoko taldearen jaitsierarekin bi herri bakarrik geratzen dira gorengo mailan, probintziako hiriburuak ere ez direnak: Gernika (Bizkaia) eta La Seu D`Urgell (Katalunia). ACBko taldeen sarrerak goitik behera aldatu du liga, agintariei gizonezkoen ligan diru gutxi iruditzen zaiena, emakumezkoetan asko da. Duela ez hainbeste, azpiegitura aldetik behintzat, txikiagoak ziren taldeek jokatzen zuten. Hori ere galduko da handitasunaren eskuetan.

Horregatik, orain arte Gernikak sailkapeneko hiru talde onenak Malosten menderatu izanak esperantzara kondenatzen ditu zaleak. Valentziak, Avenidak eta Zaragozak Gernikan galdu dute, eta oraindik Gironaren bisita falta da. Araskik ondo daki zer den Kataluniako taldeari Mendizorrotzan irabaztea. Posible da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.