Iñigo Lasa Fresneda.
Pau Etxaniz. Piraguista

«Parisera heltzeko gauza asko egin behar dira ondo»

2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Londresko kanalean entrenatzen ibili da egunotan Pau Etxaniz (Donostia, 2001). Bertan jokatuko da munduko piraguismo txapelketa, irailean. Gertu dagoela dirudi, baina hilabete pasatxo barru Londresera itzuli aurretik, 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa eta Munduko Kopako proba bat jokatuko ditu piraguista gipuzkoarrak.

Hilabete erabakigarria duzu aurretik. Lehiarako prest?

Bai. Hiru txapelketa garrantzitsu ditut denbora gutxian, eta datorrenari ekiteko gogoz nago.

Parisko Olinpiar Jokoak ate joka daude. Nola ari zara bizitzen hori guztia? Tentsiorik nabari al duzu piraguisten artean?

Ez, nik behintzat, ez dut presio hori: «Hau aurrera atera beharra daukat». Ez, hori ez da nire kasua, nahiko ondo daramat hori. Ez dut asko pentsatzen horretan, txapelketa batean nagoenean, lehiaketa dut buruan. Nik nirea egiten dut, eta listo. Tentsioa ere ez dut nabaritu, gure artean oso ondo konpontzen gara, eta, ez,Olinpiar Jokoak ez dira tabu bat. Denok joan nahi dugu, hori bai, eta lehia polita izaten ari da.

Espainiako selekzioarekin gizonezko bakarra joango da, eta borroka horretan zaudeten hirurak, gainera, gazteak zarete. Hori bai, Parisera bakarra joango da…

Bai, bai. Miquel Travek 23 urte ditu, ni baino urtebete nagusiagoa da, eta David Llorentek, 25. Oraindik ez dago ezer erabakita. Lehenengo, selekzioak postua lortu beharra dauka, eta hori Londresen jokatuko den Munduko Txapelketan lor daiteke. Ondoren, barne proba moduko bat egiten da selekzio bakoitzetik zein doan erabakitzeko.

Aurreneko aldiz sailkatu zaitezke Olinpiar Joko batzuetarako. Gauza handia da hori. Ametsedo helburu gisa duzu Parisen egotea?

Nik kate bat izango balitz bezala hartzen dut. Parisen egoteko, gauza asko egin behar dira, eta ondo, gainera. Lehiaketa askotan ondo ibili beharra duzu, eta hori egiteko, asko entrenatu. Asko entrenatzeko, gorputza zaintzea derrigorrezkoa da... Paris amaieran dago, eta, hara heltzeko, gauza asko egin behar dira. Noski, joan nahi dut, baina pixkanaka-pixkanaka.

Etxean eskarmentu handiko jendea duzu. Aitak-eta —Xabi Etxaniz, piraguista ohia eta entrenatzaileak— zer esaten dizute?

Alde horretatik, zorte pittin bat dut. Asko laguntzen didate, esperientzia asko dute, eta hori eskertzekoa da. Nire bidea egiteko esaten didate, kirolari bakoitzak berea duela, eta nik neureari eutsi behar diodala.

Eslalomaz gain, hurrengo urtean kayak kroseko modalitatea jokatu da. Domina eskuratzeko aukerak bikoiztu egiten dira.

Bai, orain arten eslaloma bakarrik zegoen, eta Parisen bi modalitate horiek egongo dira. Domina lortzeko aukerak handitu egiten dira, eta uste dut hori aprobetxatu beharra dugula. Ez dakigu hurrengo Olinpiar Jokoetan egongo diren; beraz, ezin dugu aukera hori pasatzen utzi. Gainera, niri asko gustatzen zait kayak krosa; bereziki, irabazten dudanean [barrez].

Kayak krosa gustatzen al zaizu gehien?

Ez, eslaloma gehiago gustatzen zait. Kayak krosa eslalomaren aldaera bat da, oldarkorragoa. Lehia hori dago. Beste hiru aurkari daude kanalean, eta eslalomean zu bakarrik zaude. Gazteagoa nintzenean, futbola, eskubaloia eta horrelako kirolak gustatzen zitzaizkidan, aurkariak parean zenituelako, eta kayak krosak hori du. Aurten, baina, ez nabil hain ondo, baina, tira, garrantzitsuena gelditzen da: munduko bi txapelketa. Orain arte gaizki ibili izanak berdin du, munduko txapelketan ondo ibiltzen bazara.

Hilabete eskasean hiru txapelketa garrantzitsu jokatuko dituzu: 23 urtez azpiko Munduko txapelketa Krakovian (Polonia), Munduko Kopako proba bat La Seu d'Urgell, (Herrialde Katalanak) eta Munduko Txapelketa nagusia Londresen. Hilabete gogorra duzu aurretik.

Oso gogotsu nago. Denboraldi amaierara sasoiko iritsi naiz, eta, behin martxa hartuta, ez diot horrelako txapelketa bati uko egin nahi. Taldekide batzuk 23 urtez azpikoetara ez dira joango, Munduko Txapelketa gertu dagoelako. Baina hori ere Munduko Txapelketa bat da, eta bertan seguru asko ikasiko dudala.

Londresen ari zara entrenatzen. Zer itxura du kanalak?

Asko gustatzen zaidan kanala da, blokekakoa. Artifiziala da, Tokioko eta Riokoen antzekoa. Nahiko handia da, primerakoa.

Zure ezaugarrietara ondo moldatzen al da?

Bai. Kanal batean ondo arraun egiten baduzu, normalean gehientsuenetan ere ondo ibiliko zara. Badaude batzuk hauek baino lauagoak direnak, fisikoagoak, baina Munduko Kopakoak eta lehiaketa garrantzitsuenetakoak nahiko antzekoak dira denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.