mikel reina
HIRUKOTIK

(Pa)zientzia

2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Amamak eta aitonek beti diote platerik gozoenak pixkanaka egiten direnak direla, plof-plof egiten duten horiek. Denver Nuggets horrelako talde bat da. Gaur egungo izenarekin 1974an hasi ziren lehiatzen, hau da, ia 50 urte behar izan dituzte NBAko lehen eraztuna lortzeko. Horregatik, inoizko garaikurrik gozoenetariko bat izango da aurtengoa. Pazientziarekin egindakoa, hori da benetako zientzia, gaur egun hainbeste kostatzen den hori.

Gutariko bat. 2015ean jarrizen martxan proiektua. Bueno, urtebete lehenago, hobeto esanda: Nikola Jokic drafteko 41. postuan aukeratu zutenean. Ez zen telebistan agertu ere egin, gainontzekoak bezala. Jaki baten iragarkia jarri zuten hura hautatu zutenean. 2015ean Michael Malonek hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Hartu bezain laster konturatu zen esku artean zuen Serbiako jokalari hura ez zela ohikoa. Normaltasunetik ihes egiten du Jokicek, zentzu guztietan. Horregatik dugu askok, ni barne, hain gustuko. Gaur egungo saskibaloi jokalari moldetik oso urrun dago, eta horrek egiten du erakargarri. Munduko saskibaloi ligarik fisikoenean ibiltzen jokatzeko gaitasuna du: burua eta eskuak hankak baino arinago doazkio. Horregatik du gaitasuna saskibaloiko hiru arlo estatistiko nagusietan hainbeste datu pilatzeko. Lehen aldiz hiru aldagaietako liderra izan da kanporaketetan: 600 puntu, 269 errebote eta 190 asistentzia. Inork baino gehiago.

Malonek eta, oro har, frankiziak ondo ulertu dute zer zuten esku artean, eta haren inguruan proiektuaren zutabeak eraikitzen joan dira azken urteetan. Jamal Murray da adibiderik onena. 2021eko apirilaren 13an ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta 539 egun egon zen saskibaloian jokatu gabe. Hau da, horrelako lesioen osatze prozesuak irauten duena baino askoz gehiago. Frankiziak eta medikuek ez zuten arriskatu nahi izan. Taldea kanporaketetan sartu arren, ez zuten inolako zalantzarik izan, ez zen momenturik onena berriz jokatzen hasteko, gehiegi zegoen jokoan. Azkenean, aurtengo denboraldiaurrean sartu zen taldearen dinamikan. Emaitza ikusita beti da errazagoa hitz egitea, baina atsedenak eta pazientziak mesede egin die.

Tokia aurkitu dute. Horrez gain, jakin izan dute bestelako jokalariei tokia egiten. Aaron Gordon eta Michael Porter Jr. dira horren erakusle. Lehendabizikoa laugarren postuan hautatu zuten 2014an, baina All Starreko birrintze txapelketaz gain, ez du inoiz bere tokia aurkitu ligan, orain arte.Bigarrenaren NBArako jauzia zailagoa izan zen. Unibertsitatean esperantza handia zegoen haren inguruan, baina bizkarreko lesio batengatik azkenean hamalaugarren postuan atera zen draftean. Zalantza asko zeuden harenlesioaren inguruan. Dena zuen jokatzeko, baina gutxi-gutxi erakutsi ahal izan zuen. Denverrek egin zuen apustu, eta ezin hobeto atera zaio.

Kultura bera ezarri du aspalditik Pat Rileyk Miamin. Lehenengo entrenatzaile bezala, eta orain zuzendari bezala. Txalotzekoa taldearen kanporaketak, erresilientziaren adibiderik onena, dena aurka izanda lortu dute aurrera egitea.

Immobilismoa. Bosgarren denboraldiz jarraian, ez ditu talde batek bi eraztun jarraian irabazi. Ez zen horrelakorik gertatzen 1975-1980 urte bitartetik. Hori da NBAk duen gauzarik onenetarikoa, etengabeko aldaketak onenen artean, zikloak azken batean. ACB ligan, berriz, Real Madril berriro ere finalean dago. Euroligan ere arazo bera dagoela dirudi. Kanaria Handiak uko egin dio Euroliga jokatzeari, nahiz eta Eurokopa irabazi eta sailkapena kantxan irabazi.

Sitapha Savane jokalari ohi eta klubeko presidenteak argi esan du «erabakirik zailena»izan dela, baina aldi berean ez zutela nahi duela bost urteko akatsa errepikatu: bakarrik zortzi garaipen lortu zituzten, eta ACB ligan emaitzak ere ez ziren onak izan, Europatik kanpo geratu baitziren. Hain zuzen ere, NBAko frankiziek baino bidaia luzeagoak egiten dituzte irletatik partidak jokatzeko. Hiru ordu behar badituzte Madrilera heltzeko, pentsa Istanbulera edo Kaunasera iristeko. Hori izan zen Savanek eman zuen lehen argudioa Euroligari uko egiteko.

Bigarrena, zelan ez, multzoa. Gutxienez 16 partida gehiago dira, atseden egunak hiru egunetik bira pasatuz. Alba Berlinek du txapelketako aurrekonturik baxuena, eta maila horretara heltzeko kanariarrek haiena %50 handitu beharko lukete. Adierazi zuen Euroligan jokatzeak 350.000 eta 500.000 euro bitarteko laguntza ematen duela bakarrik. Gainera, seguruenik, urtebeteko abentura izango da bakarrik, kanporaketetarako sailkatu beharra dagoelako hurrengo urtean berriro parte hartzeko. Era berean, ez dago Eurokoparako tokia ziurtatuta.

Kanaria Handiak uko egiteak ondorioak ditu. Badirudi Valentzia Basketek hartuko duela haren lekua. Horrenbestez, ACB ligako beste taldeek Eurokopa jokatzeko aukera izan dezakete. Horrek ere ateak zabaltzen dizkio Bilbo Basketi Txapeldunen Liga jokatzeko, atarikoa behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.