Pertsonalburuez. Gipuzkoa Basketek, ACBko historian ikusitako talde kaskarrena den horrek, aste honetan bertan ekingo die sasoi honetako aldaketei. Udako plan osoa berregin beharra dago, korrika eta presaka. Lantalde ezgauzaren kontratuak negoziatu zituzten berberei konponketez arduratzea tokatzen bazaie, onena espero dezakegu.
Kale egindako hiru. GBCk igandean Sevillaren aurkakoaren hondarrean izandako oldarraldi hutsala Andres Rico eta Julen Olaizola hasiberrien kemenak eragin zuen. Proiektuaren lider izan behar zutenak aulkian eserita zeuden aspaldi, beste behin kamuts aritu ondoren. Merkatuan penagarri mugitu den idazkari teknikoaren, hau da, Antonio Alonsoren porrot erabatekoaren adierazgarri da. Jaume Ponsarnau entrenatzaileak ere badu berea. Hark iradokitakoak dira fitxaketa asko. Eta maila ezin baxuagoko multzoarekin abiatu bai, baina inongo aurrerabiderik ez zaio antzeman bi hilabetean, ez erasoan, ez defentsan. Alonso eta Ponsarnauren lana ikuskatzen duen zuzendari nagusiak, German Ceak, lasaitasuna saldu nahi izan zuen joan den astean komunikabideetan, baina inor gutxi konbentzitu zuen. Berak ere sakelakoa sutan zeukan ordurako, guztien artean eratutako anabasaren aurrean itsu jarraitzerik ez baitzegoen. Hobekuntza azkar eta eraginkorrik gabe, Gipuzkoa Basketi ezinezko dirudiena lortzeko aukera errealistak onartu beharko litzaizkioke: sasoi bateko norgehiagoka guztiak galtzea, alegia.
Hamaikagarren beteranoa. Unicajak German Gabrieli agurra egin zion domekan. Laster Donostian izango dela zabaldu da bertako kazetarien artean. Abila eta zuhurra da oso pibota, baina 35 urteko haren lotailuak mila sestra igarotakoak dira. Hamar minututik behin errebote bakarra hartzen du azken urteotan Gabrielek. Bestalde, ez dirudi Ponsarnau zapatuan Andorran egongo denik. Astebetez lanpostuari eusten badio, bederatzigarren porrot ia ziurrarekin batera ailegatuko da haren agurra.
Saltoa bai. Atzerantz. «Sosik gabe, nahita ere ezin da» leloarekin azaldu izan da Donostian azken bosturteko gainbehera. Hein handi batean, zuzena da arrazoiketa. Irudimenak ez ditu hain sarri aurrekontuen arteko milioi euroko tarteak estaltzen. Baina joan den udan diru sarreretan jauzia emandakoa da Gipuzkoa Basket. Datuok behar bezala baieztatzea zaila bada ere, ezagutu diren zifra sasiofizialen arabera sei klub badaude donostiarrak bezain gastu gutxi edo are gutxiago egin dutenak. Ligako azpiko tropeltxoa atzean utzi nahi zuela iragarri zuen abuztuan Nekane Arzallus presidenteak. Azpiko tropeltxoa eta erratz-autoa zeruertzean ikusi ere ez dira egiten, ordea.
Jordan eskuzabal hura. Saski Da-k bere egitekoa zuzen betezeko seta bururaino eraman ohi du: zapatua Alemaniako ligako Hagen-Oldenburg eta Mitteldeutscher-Tubingen norgehiagokei so igaro zuen. Azken horretan, maiatz arte Illunbek gozatu ahal izan zuen Jared Jordanek bizioak aldatu ez dituela egiaztatu zen: 15 asistentziarekin bukatu zituen lanak. Hirugarrenez ari zen Tubingenekin, sasoia abiatuta ailegatu baita Suabiako taldera. Sarri aitzakia gisa erabili ohi den egokitzapen aldiaren beharrik gabe, 43 asistentzia daramatza dagoeneko. Donostian beste urtebete eman zezan benetako saiakerarik egon ote zen zaila da jakitea. Ponsarnauk hasieratik argi zeukan, hori bai, Pedro Llompartek izan behar zuela bere ordezkoa. Bien ibilbideen puntu honetan, oinordekoa dezentez jokalari kaskarragoa dela oso argi geratu da dagoeneko. Jordan bera ere Chris Paul izatetik oso urrun dago, hori bai. Jaurtiketa susmagarri samarra du; defentsa, zeharo susmagarria. Joan den astean iruzkindu genituen jokalari anakroniko horietako bat da, saskibaloiaren prehistoriatik ateratakoa dirudien zuzendari destilatua. Elitean aritzeko gabezia gehiegi ditu. Baina bera baino askoz hobeak diren hainbat antolatzailerekin gertatu ez bezala, atsegingarria da oso larunbat arratseko pare bat ordu arretaz Jared Jordani begira ematea.

SASKI DA!
Piromano jaun-andreak, itzali sua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu