Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Scarponiri coca-cola zor

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazkagarria izan da etapa. Orduko ia 47 kilometroko batez bestekoa egin dugu. Pentsa! Oso-oso bizi ibili gara, eta eskerrak ez duen euririk egin. Azken kilometroei buruz, berriz, zer esan... Errepide zabal eta onetan ibili gara egun guztian, eta labirintoan sartu gaituzte gero. Erorketaren bat izango zela aurreikus zitekeen, eta hala gertatu da. Ez da hain larria izan, baina ez dakit ba... Sierra Nevadara entrenatzera joan nintzen batean Ventosorekin elkartu nintzen, eta ilusio handia zeukan Girorako. Iaz bezala, garaipen bat nahi zuen aurten ere, eta begira, lehen ahaleginean lortu du helburua. Zorionak hari.

Ez dut ezagutzen biharko [gaurko] etapa, baina mendatean amaitzen den etapa gisa dago markatuta. Ez da amaiera erraza, aurretik ez dagoelako zailtasun berezirik eta guztiok aurrean kokatuta iritsi nahiko dugulako azken hiru kilometroetara. Bizia jokoan izango dugu kokapenaren bila. Hori bai, Puritoren izena dauka igoerak. Gaur [atzo] lasaitasun bila jo du erasoa, arazoak sor zitezkeen gunean zegoelako. Haren atzean nindoan, eta tarte txiki bat ikusi duenean, aurrera joan da, arazoak saihesteko. Apustuak egiten hasita, Puritok arrosaz jantzita amaituko du biharko [gaurko] eguna.

Bitxikeria gisa, orain bi egun Scarponirekin apustua galdu nuela aitortuko dizuet. Bigarren helmugaratu zenean, elkarrekin joan ginen gero autobusean, eta Basso non iritsi zen galdetu zidan. Nire taldetxoan iritsi zela erantzun nion, hamar bat segundora. «Hamabi segundoko gainsariarekin, hogei bat segundo orduan», esan zidan. Ezetz erantzun nion, igoeran amaitzen diren etapetan ez dagoela gainsaririk. Hark baietz, eta nik ezetz. Coca-cola bat apustu egin genuen, eta hark arrazoi! 14. etapatik aurrera ez daude gainsariak; ordura arte bai. Giroa amaitu aurretik atera beharko diot coca-cola hori, tabernara bila joateko nahikoa indar daukadan batean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.