mikel reina
Hirukotik

Talde bat, borroka bat

2024ko urtarrilaren 24a
05:05
Entzun

Itxaronaldiak luzeak egiten dira, batez ere beharren bat duzunean. Batzuk aspertu egiten dira itxaroteaz, beste batzuek, ordea, etsi egiten dute. Horrela egongo dira dagoeneko Baskoniako zale asko eta asko. Lanean ari dira bulegoetan; aukerarik egon, egon da, baina oraindik ez da inor heldu.

Errekrutatzea

Dusko Ivanovicek argi eta garbi esan zuen Andorraren aurkako garaipenaren ostean: «Argi dago antolatzaile postuan zerbait behar dugula. Jokalari bat ekartzen badugu, taldeari laguntzeko gai izan behar du; eta ez norbait berria etortzea, eta taldearen dinamika aldatzea. Lagundu ahal digun jokalari baten bila gabiltza». Montenegroko entrenatzailea eskola zaharrekoa da. Minutuak irabazi egin behar dira, ez daude oparitzeko moduan. Askotan esaten du soldaduak behar dituela bere esanetara. Denboraldi honetako taldean, ordea, oraindik soldaduskan daude asko, gehiegi ez esatearren. Ez daude guztiak prest borrokatzeko. Baskoniarentzat partida bakoitza guda baten parekoa da, eta astean bizpahiru ditu.

Hori bai, kapitain fidagarria du: Markus Howard. Bete-betean ari da. Esan eta egin. Horretarako dago. ACB ligako eta Euroligako saskiratzaile nagusia da estatubatuarra. Jaurtitzaile finenen pare, bere unea itxaroten du, eta une batetik bestera egiten die min aurkariei. Azkenera arte borrokatzea zainetan daramate Ivanovicek zuzentzen dituen jokalariek. Euroligan jokatu dituzten 22 partidetatik, bi puntu edo gutxiagorengatik erabaki dira zortzi, eta puntu batengatik beste lau. Hau da, bost puntu edo gutxiagorengatik erabaki diren partidetan, Baskoniak zazpi garaipen eta hiru porrot eskuratu ditu. Bizirik irauten badaki taldeak. Alde horretatik, ostiraleko Valentzia Basketen aurkako partida oso garrantzitsua izan daiteke epe laburrera. Garaipen bakarrera daude taronjak, Fontetan hamalau punturen aldeaz irabazi zuten gasteiztarrek, beraz, garaipenak ia hiru garaipenen aldea ezarriko luke aurkari zuzen batekiko.

Askotariko borrokak

Bilbo Basket gaur itzuliko da Europara. Bilbotarrei terapeutikoa gertatzen ari zaie Europan jokatzea. Txapelketak berak irabazteko hautagai nagusi moduan jartzen ditu azken asteetan kaleratu dituen zerrenda horietako baten. Baina ACB ligan jaisteko postuak gero eta hurbilago dituzte. Horrenbestez, terapiak orain arte ez da espero bezalako emaitzak ematen ari. Kontraste terapia izango ote da. Jakin badakite: aste barruan partida izan duten aldiro, asteburuan kale egin dute ACB ligan.

Gottingeni aurre egin eta gero, partida garrantzitsua izango dute Zaragozaren aurka, larunbatean, Miribillan. Jaisteko postuak garaipen bakarrera dituzte, Breoganek Gironari irabazi ostean, Bide batez, Herrialde Katalanetako taldea ere zuloan sartu da. Zazpi porrot bildu dituzte jarraian. Estu jarri dira gauzak sailkapeneko behealde horretan, eta bat baino gehiago kontuak ateratzen hasia da, puntu aldeek berebiziko garrantzia izan dezaketelako. Jaume Ponsarnauk bi jokalari utzi beharko ditu kanpoan. Hain zuzen ere, Thijs De Ridder harrobian hezitako jokalari gisa aritu daiteke ACB ligan, ez, ordea, Europan.

Batekin nahiko

Bestalde, Gernikak agur esan dio Eurokopari, beste behin final-zortzirenetan. Sabaia jo dute. Ezinezkoa egin zitzaien London Lionsi aurre egitea. Garaikurra irabazteko hautagai nagusia da talde hori. Horrelako kontrarioen aurka ezer gutxi egin daiteke. Behintzat, Malosten ondo lehiatu zuten, zaleen aurrean txapelketari agur esateko. Gernikarrek amaitu dituzte bi partidako asteak. Bi jardunaldi barru, gainera, ia bi asteko etenaldia izango dute FIBA leihoengatik. Baina aurretik, hasteko, igandean euskal derbia izango dute Mendizorrotzan. Oraindik ez dute derbirik irabazi denboraldi honetan, etxeko biak galdu baitzituzten. Gero, konturatu orduko, Espainiako Kopari begira egongo dira taldeak. Horrenbestez, geldialdiaren aurreko bi partidak uste baino garrantzitsuagoak izango dira. Gernikak eta IDK-k titulurako kanporaketak jokatzeko postuetan sendotzea dute helburu, eta Araskik, horietara gerturatzea. Hau da, bakoitzak bere borroka du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.