Ekaitza. Eguraldi ona kolpe batean itsustu zen kostaldean herenegun arratsaldean. Lanbroa, taosa nonahi... Eguzki argitsua estali egin zuen erabat beheko lainoak. Nork esango zuen halakorik izango zenik hain goiz-eguerdi ederra eduki eta gero. Harrapatu zituen ezustean hainbat arrantzale aldaketa horrek. eta kalte handienak txalupa txuri-urdinak, gorritxoak eta babazorroak izan zituzten; hainbestean moldatu ziren arrantzale zuri-gorria eta armagina.
Arrain txikia, handi. Txalupa txuri-urdina lasai ederrean atera zen itsasora. Lan gutxirekin asko harrapatuko zuelakoan. Erraztasunaren haizeak burua erabat nahasita. Aurreko batean, leku beretsuan arrainik handienetako bat harrapatu zuela eta, berriz gauza bera egingo zuelakoan, taosa gorabehera. Arrain txikitara abiatu zen, harrapaketaren araudiaren egutegiak hala behartuta. Arrantzan hasi orduko, txiki horietako bat txalupara. Haizea tsunami buruan. Harrapaketa oparoa erraz ikusi zuten arrantzaleek, eta lasaitu egin ziren. Lana tamainan. Tentsioa eta arreta auzoan. Arratsaldeko taosak baino gehiago itsutu zituen arrain txikiak erraz harrapatuko zituzten usteak. Eta azkenean, ez txiki eta ez handi. Lehorrera, kopetatik behera izerdi hotz bustia zeriela. Kezkatuta...
Lekuarekin, kale. Txalupa gorritxoa ere han inguruan ibili zen arrantzan. Barruan beste aldarte batean atera ziren hauek: lanerako prest eta etxera arrainekin batera, dirua eta lasaitasuna eramatekotan. Esana zien patroiak arrantza ona eginez gero, estutasunik gabe igaroko zutela lanaldiko azken hilabete parea. Eta horretan, saiatu ziren jo eta su, kanabera, sare eta gainerako tresnekin. Baina arrainik ez txalupara. Denbora pasa eta joan, eta lasaitasunik ez ontzira. Lanbroak eguna jaterako itzuli behar ezinbestean, eta esku hutsik heldu ziren. Saioa leku okerrean egin zuten ustearekin. Estututa...
Zulotik ura sartuta. Txalupa babazorroak pasatu zuen tarterik larriena guztien artetik. Lanbroak bete-betean harrapatu zuen, eta ez aurrera, ez atzera geratu zen itsasoaren erdian. GPS gailua ere etxean ahaztuta joan zirenez, ez zuten egoera samurra bizi izan. Ezin arrainik harrapatu egoera baldar eta arriskutsu horretan. Egonean zain zeudela, okerragoa gertatu zitzaien. Danbateko latza entzun zuten arrantzaleek txaluparen kroskoan. Danba! Handik gutxira, danba berriz ere. Eta konturatzerako, ura belaunetik gora. Itotzeko zorian... larrituta.
Gutxirekin asko. Armaginen txalupa ez zen bestetan bezain lasai ibili arrantzan. Eibartar askok uda kostaldean pasatu arren, arrotza egin zitzaien taosaren itxia, eta ezin nahi bezain eroso jardun arrantzan. Baina ez ziren estutu erabat, eta ahalik eta lasaitasun handienari eutsiz, baldintza txarretatik zerbait ekartzea lortu zuten. Azkarrak izan hauek, eta nonbait, entzuna zuten etor zitekeela beheko laino iluna, eta txalupan ez zuten ezer sobera eraman: beharrezkoa eta nahikoa. Gabezia horrek arrantzan eragingo ziela jakitun, konforme etxeratu ziren arrain txiki antzeko bat harrapatuta. Zer suma beti.
Marrazoa eta argia. Txalupa zuri-gorria ur handitan sartuta zebilen lanbroak atea jo gabe lekua egin zuenean itsasoan. Ur handitan, handiren baten uretan, edo handia izan zen baten uretan. Berdin dio. Ez lanbro eta eguraldi aldaketa...zuri-gorriz jantzitako arrantzaleak adoretsu beti, ausart, onenak direla sinetsita. Horren baitan uler daiteke hau: argi handi berezia jarri zioten txalupari, iluntasuna argi zezan. Eta argi horrekin itsututa, zer eta marrazo handi batek atera burua uretatik. Lehia estuan, ez batzuek ez besteak irabazi. Baina galdu ere ez. Poztasun horrekin etxera... hazita.
Harmailetatik begira
Taosaren azpian, arrantza txikia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu