mikel reina
Hirukotik

Txapelketetako txapelketak

2024ko urtarrilaren 30a
05:05
Entzun

Garaikurrak maiatzean banatzen dira, baina orain hasten dira jokatzen. Saskibaloi denboraldia garairik garrantzitsuenetako batera heldu da. Otsailean ez dira irabazleak eta galtzaileak zehazten, baina aukeraketa hasten da, nor izan daitekeen, eta nor ez. Hau da, txapelketetan banaketa hasten da, txapelketa berean txapelketa txikiagoak izaten dira jardunaldi hauetan. Espainiako Kopa mugarri izaten da horretarako. Klubek ere garai honetan egiten dute azken ahalegina bulegoetan, fitxaketak eginez.

Baldintzatuta

ACB ligako bi euskal taldeak ez dira Malagan izango. Onodrioz, ondo bideratuta utzi nahi dute haien ibilbidea Koparen osterako. Bilbo Basketek garaipen oso garrantzitsua eskuratu zuen larunbatean Zaragozaren aurka. Dinamika aldatu zuen, behingoz. Europan lehen partida galdu zuen, Alemanian. Baina ACB ligan lehen garaipena lortu zuen bi partidako aste batean. Harrigarria. Dena dela, beharrizan handiagoak dituzte bilbotarrek ACBn, Europan baino. Azken baten, hurrengo faserako sailkapena denbora kontua besterik ez da, bideratua dute. Bihar izango dute matematikoki sailkapena eskuratzeko beste aukera bat, Portoren aurka, non eta Miribillan, gainera (20:00). Momentu onean lortu du garaipena Ligan, Koparen aurretik lehia zailak izango dituelako Murtziaren eta Valentzia Basketen aurka. Hori bai, onuragarria izango litzateke behingoz garaipen bikoitza lortzea aste berean, eta ez batak beste baldintzatzea, orain arte gertatu den bezala.

Bikoitza

Baskoniak kontrako dinamika izan du. Mingarria izan zen oso Valentzia Basketen aurkako porrota. Bazirudien neurria hartua zietela taronjei Euroligan, azken hiru partidetan irabazi eta gero. Porrot bikoitza izan zen. Norgehiagoka bera bakarrik ez, puntuen aldea ere galdu zuten gasteiztarrek; eta, batez ere, aurkari zuzen bat ia bi garaipenera uzteko aukera. Hau da, Valentzia Basket kanporaketetatik, edota play-in partidetatik hobeto esanda, aldentzeko abagune bikaina zen. Gainera, esku-eskura izan zuten. Orain arabarrak dira ohorezko postuetatik kanpo daudenak, eta Valentzia Basket barruan dago. Puntu bakoitza da garrantzitsua Euroliga bezalako txapelketa batean, are gehiago taldeen artean dagoen berdintasunarekin. Onena, akaso, Jordan Theodoreren debuta izan zen. Eta hori ez da sintoma ona izaten normalean.

Behintzat, Dusko Ivanovicek beste jokalari bat du jokatzeko. Diopek eta Rogkavopulosek ez zuten jokatu Obradoiroren aurka. Udako izen nagusietako bi, batez ere etorkizunera begira, eta entrenatzaileak ez ditu ezta erabiltzen ere. Nico Mannionek elkarrizketa batean esan zuen Buesa Arenan ez zuela aukerarik izan bere jokoa erakusteko. Ez dut uste hori denik. Hainbeste partidako denboraldi baten beti daude aukerak; hori bai, baliatu egin behar dira. Asteon, gainera, jardunaldi bikoitza dute Euroligan. Bayernen aurka jokatu dute gaur Munichen (20:00), eta Maccabi jasoko dute etzi (20:30), Gasteizen. Halako partidak erabakigarriak izan daitezke ohorezko postu horietan egoteko.

Elkarri lagundu

Hain berandu izanda, Ohorezko Mailako taldeek ezin dute Kopara arte itxaron. Hura jokatu ostean, bost jardunaldi baino ez dira faltako ligako fase erregularra amaitzeko. Datorren asteko FIBA leihoak izan daitezke mugarria. Garrantzitsua izaten da eten horietara sentsazio onekin iristea. Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek, ordea, galdu egin zuten asteburuan. Behintzat, haien aurkari zuzenek ez zuten irabazi. Batzuetan porrotak eragindako mina arintzeko balio du horrek. Kutxabank Araskiri aurkakoa pasatu zaio. Gernikari irabazi zion, baina ez zituen lagun izan aurkari zuzenen emaitzak. Kanporaketetan sartzeko borrokan dauden gainontzeko taldeek ere irabazi egin zuten.

Geldialdiaren aurreko azken jardunaldian elkarri lagundu diezaiokete. Arabarrek Estudiantesen aurka jokatuko dute, beste bi euskal taldeekin berdinduta dagoen taldea. Bizkaitarrek Ferrol jasoko dute Malosten, eta gipuzkoarrek Celta. Biek irabaziz gero, Araskirik aukera izango du gora begiratzeko. Gertatzen dena gertatzen dela, atsedena ere ondo etorriko zaie, Gabonetan ez baitzuten etenik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.