Nekatuta nago. Atzoko erlojupekoa inoiz jokatu dudan luzeena eta gogorrena izan zen. Uste dut asko izango direla iritzi berekoak. Greba eguna izan zen atzokoa, ez? Zer nahi duzue esatea, hemen ez gara ezertaz konturatzen. Hurrengo egunean zenbat mendate igo behar ditugun, zenbat kilometro bete... Hori kontrolatzen dugu guk.
Halere, ez dut horretaz hitz egingo, herenegungo etapan gertatutakoaz baizik. Begira, gauza bat argi geratu zen: 18 talde gose dira. Argi eta garbi. Izan ere, hasi kontuak egiten. Jada 12 etapa jokatuko dira Giroa Venezian hasi zenetik, eta etapa guztiak lau talderen artean banatu dituzte. Columbiak Boassonekin eta Cavendishekin irabazi ditu saioak, LPRk Petacchi eta Di Lucarekin, Rabobankek Mentxovekin, eta Diquigiovannik Scarponirekin. Eta besteek, gu barne, ez dugu alerik lortu. Horregatik, herenegun nekez sor zitekeen ihesaldia. 13 txirrindularik alde egin genuen, esaterako, eta Katushako inor ez zegoenez, Katushakoak atzetik tiraka. Eta horrela beti. Hau da, 18 talde horietako txirrindulari bat aurrean sartzen ez baldin bada, talde hori tiraka hasten da atzetik. Hortaz, zaila da ihesaldiek aurrera egitea.
Sekulako urduritasuna nabaritzen da kirol zuzendarien artean. Babesleek estutu egiten dituzte, eta... Babesleentzako gogorra da Giroan, itzuli handi batean, garaipenik ez lortzea. Diru asko dago jokoan, aurrekontu handiak... Murtziako Itzulian, adibidez, ihesaldian inor sartzen ez baduzu, ba, ez da ezer gertatzen, baina hemen... Hemen onenak daude. Txirrindularien artean ez dago urduritasunik; kontu horren harira gure artean pikerik ez dagoela, alegia. Baina nago ni zuzendarien artean egongo dela halako zerbait. Izan ere, Giroa bukatu bitartean ea nork irabazten duen etapa bat, sailkapen nagusia nola dagoen kontuan hartuta!
Giroa hasi aurretik Basso sartu nuen faboritoen artean, baina orain, atzokoa ikusita, Leipheimer eta Mentxov dira faboritoak; errusiarrak talderik ez duela dioten arren.
TXIRRINDULARITZA. 18 talde gose dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu