TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA. Aldaketaren lekuko

Xabier Usabiaga.
2009ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez itzuli bakarra jokatuko da Euskal Herrian profesionalentzat: Euskal Herriko Itzulia. Euskal Bizikleta desagertu egin da, baina bere izaeraren muina utzi dio Euskal Herriko Itzuliari ondare gisa: Arrateko Igoera. Bi antolatzaileen bat-egitea ezinbestekoa zen. Egun gizartean dagoen krisian, gehiegizkoa zen hain herrialde txikian goi mailako bi lasterketek jarraitzea. Ez dago azpiegitura ekonomikorik horri eusteko. Azken urteetan batak zein besteak diru publikoari esker iraun ahal izan du hein handi batean, baina iturriak agortzera egin du. Normala da.

Aldaketak, ordea, ez dio probari kalterik egingo. Euskal Bizikletak ekarpen garrantzitsua egin dio. Arrateko amaierarekin, zaleek hainbeste maite duten benetako mendiko etapa bat izango du itzuliak aspaldian ez bezala. Neurri batean, euskal ziklismoaren nortasuna berreskuratu du Itzuliak. Edonori galdetuz gero, 80ko hamarkadako Ibardin gaineko amaierak izango dira karreraren unerik gogoangarrienak. Gerora mendian amaitu diren etapek ez dute Julian Gorospek, Jose Luis Laguiak, Martin Earleyk, Eric Van Lanckerrek, Claudio Chiapuccik, edota, besteak beste, Fede Etxabek lortutakoen xarmarik izan. Arratek balio erantsi hori emango dio aurten, eta zer esanik ez, antolatzaileen asmoa betetzen denean, Itzulia, bertan amaitzen denean.

Ziklismoak berak ere aldaketa sakonak izan ditu oso denbora gutxian. Aspaldiko urtetako legeak irauli egin dira, eta orain ziklismo diferentea daukagu. Garai bakoitzak du berea, bere lege, ezaugarri, ñabardura eta protagonistekin, eta egungo honek 80ko hamarkadakoa ekartzen dit gogora. Ez da 90ekoa baino hobea edo okerragoa, desberdina. Niri gehiago gustatzen zait, ez baita hain matematikoa, eta logikarik zentzuzkoenak ustekabean apurtu daitezke. Hori ona da, ez dago iragarpenak goitik behera betetzen diren kirola baino gauza arloteagorik.

Denboraren joanak eta arau berrien etorrerak eragin dituen aldaketak aurten ari dira ikusten, batez ere. Eta Euskal Herriko Itzulia horren lekuko izango delakoan nago. Nire ustez, egungo ziklismoan taldearen eraginkortasuna mugatu egin da, eta norbanakoen norgehiagokak berreskuratu du lehiaren begia, zorionez. Hala ikusi da orain arte jokatu diren probarik garrantzitsuenetan: Paris-Niza, Tirreno-Adriatiko eta Milan-San Remon.

Frantziako proban ez zuen gizonik indartsuenak irabazi, onenak baizik. Alberto Contadorrek aurkariak gutxietsi egin zituela uste dut. Hutsegite estrategiko hori egin zuen. Okitu egin zen kontrolatu behar zituen eta kontrolatu behar ez zituen karreristen erasoak motzeegian lotzen. Ez du akats bertsua egiten duen lehen aldia. Iazko Giroan, Monte Poran amaitutako etapan, antzeko zerbait egin zuen. Eusten nahiko lan zuela, bera hasi zen erasoka, bertuteak baino gehiago gabeziak bistaratuz. Aurkariek ederki baliatu zuten, sailkapenean tartea jateko. Orduan ez, baina Paris-Nizan garesti ordaindu zuen, hurrengo eguneko erakustaldiak gutxirako balio izan baitzuen. Hori bai, goi mailako ziklismoa eskaini zuen. Gutxitan ikusten diren horietakoa.

Tirreno-Adriatikon, Andreas Kloeden zen lider eta helmugarako 40 kilometrora zegoen mendate batean uzkaldu zen. Garai batean ez zen deus pasatuko. Taldeak egingo zion egin beharreko lana ordekan, edozein ahuldade konpontzeko lain. Egun baina, amaitu dira ia edozein mendate 30 kilometro orduko abiaduran igotzen duten 80 laguneko tropelak. Hori ederki ikusi zen Milan-San Remon. Cipressa igo ondorenean hain tropel txikirik ez da aspaldiko urtetan ikusi. Horren guztiaren ondorioz, orain norberak konpondu behar ditu lasterketak sortzen dituen arazo eta oztopoak, edozein talderen aterpea itukinez beteta dago.

Eta, hori, batez ere Euskal Herriko Itzulian ikusiko da. Lehen etapa gorabeheratsu hori kontrolatuko duen talderik ez dago. Ibilbide gogorrean lana egiten duten ziklistek gutxi iraun dezakete buruan, eta bahea estutuz doan neurri berean gutxitzen da lehian sartzen den ziklisten kopurua. Ataunen karrera jokatuko duten txirrindulariek izenak ezagutuko ditugu, eta Arraten, beharbada, garailearena. Han Alberto Contadorrek irabazten badu, Zallako erlojupekoan ez baitio inork lehen posturik kenduko. Hori bai, iraganean baino zuzenago jokatu beharko du estrategikoki. Bera izango da aldaketen lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.