Krisia Etxegaraten dago. Aberatsei kosta egiten zaie irribarrea galtzea. Pobreei irribarre egitea bezalatsu. Baskonia esne mamitan ibili da azken bi hilabeteetan, baina orain ez dauka umorez egoteko gogorik. Donostian ere ez zuten barre egiteko, pozik egoteko arrazoi askorik, baina larunbat iluntzean ederki gozatu zuten. Krisiak Gasteizerako bidea hartu du, eta Etxegaraten egin du geldialdia. Astebete nora jo erabakitzeko. Donostiara buelta, edo Gasteizerantz jarraitu. Euroligan hiru, Kopan bat eta ligan beste bat. Bost partida galdu ditu azken hilabetean Baskoniak, eta jarraian hamazazpi irabazi eta gero, mina ematen du. Urdaiazpikoa jatera bakarrik ez zela etorri esan zuen Tabakek, bere lehen lanegunean. Jan du, eta asko, baina urdaiazpikoaren koipea ere jan beharrean izan da. Lagun Arok ere suelto, alai, loturarik gabe jokatzen uzten ez zion koipea kendu du gainetik, Kopako atsedenaldia baliatuz. Valladoliden aurka itxuraldatuta aritu zen erabat. Garaipen garrantzitsua da, baina pauso txiki bat baino ez. Katsikarisen egoskorkeria ere koipearekin konparatuko dugu. Harentzat ordezkaezina den jokalari baten lesioak behartuta eman dizkie minutuak Moerman eta Pilepici, eta haiek erantzun ona eman zutelako nagusitu zen Badalonan.
Behean. Sinestea ere kosta egiten zen. Lagun Aro hirukoak sartu eta sartu, Finley eta Woods egurrean, eta Doblas Othello Hunter azkarrari aurrea hartzen. Asteguneko elkarrizketan ere, Papamakariosek zintzo aitortu zuen, BERRIAn, konfiantza, fedea edukitzeko halako prestakuntza berezia egin zutela. Garaipena baino gauza hoberik ez dago norberak bere indarrean sinesteko, eta Lagun Arok behar handia zeukan. Zama astuna kendu du gainetik, baina badaki oraindik oso lan zaila daukala aurretik. Hamalautik zortzi zen kalkulua jardunaldia hasi aurretik, eta orain ez da askorik aldatu: hamahirutik zazpi. Bilbon da lehen saioa, larunbatean. Derbia. Uxue berrindartu egin da, baina Lagun Arok ezin du oparirik egin. Beltzezkoak edo zuridunak nagusi? Atariko borroka, erabakita. Belazeak, zuri!
Epelean. Uxuek aurrerapauso handia eman du liga erregularra zortzi onenen artean bukatzeko. Ez ahaztu horrek ematen duela hurrengo sasoian Europan jokatzeko txartela. Bizkaitarrek hiru garaipeneko errenta dute 9. sailkatuarekiko, eta hamahiru partida falta badira ere, koltxoi ona da. Hervelleren lesioak on egin zion Badalonan. Katsikarisek Moerman kantxaratu zuelako hasieratik. Frantziarrak lau hirukorekin eskertu zion konfiantza. Pilepicek ere neurria eman zuen kantxan egon zenean, Sambek bezala. Hamilton aulkian geratu zen, Rakovicen mesedetan, eta, aulkitik kantxaratuta, bere maila ona berreskuratu zuen Brooklyngoak. Aipatzekoa, era berean, Zisisen gidaritza ona. Orain arte, Raul Lopezen itzalpean egon da greziarra; hilabeteek aurrera egin ahala, sasoi ona lortzen ari dela dirudi.
Beroa hotz. Kazetariak pozik gaude Zan Tabakek gauzak sentitzen dituen bezala botatzen dituelako. Garaipen bolada hasi zenean, lehenengoa: «Ez naiz Gasteizera urdaiazpiko ona jatera bakarrik etorri». Kopan kanpoan geratu ostean, bigarrena: «Talde batek hiru joko antolatzaile edukitzea ez da ona». Eta hirugarrena, atzo, Obradoiroren aurka galdu ostean: «Nekearen aitzakia kazetariek gustura erabiltzen duzuen aitzakia da. Jokalari profesionalak dira. Galtzen badute, gaizki jokatu dutelako da. Kito!». Amen. Gaizki jokatu zuten atzo, eta gaizki azken asteetan. Lidergorik gabe lemazain postuan, Nocioni asmatu ezinik, Milko Bjelica batez besteko pobreekin, Causeur eta San Emeterio desagertuta... Kasualitatea izan liteke, baina dena Olesonen salmentarekin hasi zen. Agian, taldearen kirol helburuen inguruko hausnarketaren bat egin behar da. Taldea aldatu egin delako. Txarrera.

Zonakako defentsa
Urdaiazpikoa eta koipea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu