mikel reina
Hirukotik

Uzta

2025eko irailaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saskibaloia —eta, oro har, bizitza— zikloak dira. Onak, eta ez hain onak. Boladak dira, azken batean, eta haien luzera ere oso aldakorra izaten da. NBAn, adibidez, dinastien garaia bizi izan genuen. Miami Heat eta Golden State Warriors taldeek bata bestearen atzetik lortu zituzten eraztunak. Selekzioetan ere horrela gertatzen da, azken batean belaunaldi kontua baita. Uzten antzekoa da. 

Selekziorik indartsuena

Orain Alemaniaren garaia da. Badirudi ekonomian galdu duten indarra saskibaloian berreskuratu dutela. Hor ere inbertsio kontua izango ote da? 2023an Munduko Txapelketa irabazi zuten, eta igande honetan Europakoa. Orain arte bi selekziok baino ez zuten lortu hori: Sobietar Batasunak eta Espainiak. Iaz, alemaniarrak podiumetik kanpo geratu ziren Parisko Olinpiar Jokoetan. Ez zuten dominarik lortu. Baina azken urteetako selekziorik indartsuenetako bat direla erakutsi dute beste behin. Entrenatzailea aldatu arren, saskibaloi modernoaren ispilu izan dira Alex Mumbruren eta haren lan taldearen eskutik.

Erritmoa izan da Alemaniaren ezaugarri nagusia. Defentsatik erasora pasatzeko gaitasun ikaragarria izan dute. Herrialdean ekoizten dituzten autoen antzera, ziztu bizian igarotzen dira zerotik ehunera. Horretarako, ordea, motor onak behar izaten dira. Kasu honetan, bi dituzte: Dennis Schroeder eta Franz Wagner. Antolatzaileak txinparta baten pare jokatzen du, onerako eta txarrerako. Baina jokalari onenaren saria lortu zuen 2023ko Munduko Txapelketan, baita orain ere. Toni Kukocek baino ez zuen lortu halakorik. Wagner, berriz, saskibaloi modernoaren adibide argia da. Bi metro luze da, baina tamaina hori izango ez balu bezala mugitzen da. Talentu handia dauka, eta dotore mugitzen da. Motorrek ere hori behar dute.

Fidagarritasuna, berriz, bestelako jokalariek ematen dute. Isaac Bongak txapelketa bikaina egin du, eta merezita jaso zuen finaleko jokalari onenaren saria. Hark ere motorra dauka, baina bestelakoa: fisikoa. Theis, Obst, Da Silva, Thieman edota Lo jokalariek ere, besteak beste, oso argi izan dute zein zen beren lana, eta horrelako lehiaketa laburretan funtsezkoa da. Mumbruren lana ere aipatzeko da. Txapelketa aurretik pankreatitisa izan zuen, eta ezin izan du Alemania aulkitik nahi bezala gidatu. Baina erakutsi du prestakuntzan zehar egiten diren lanak partidak baino garrantzitsuagoak direla. Jokalari eta entrenatzaile gisa urrezko domina lortzen duen hirugarrena da.

(ID_15318055) LATVIA BASKETBALL
Alemaniako jokalariak garaikurra jasotzen. TOMS KALNINS / EFE

Arrakasta

Ergin Ataman ere nabarmendu nahiko nuke. Entrenatzaile berezia da, kantxan eta kantxatik kanpo. Harroa da, baina horretarako arrazoiak ematen ditu. Turkiaren lana txapela kentzeko modukoa izan da; adibidez, partidarik galdu gabe iritsi ziren finalera. Kasu honetan, kimikoekin indartu dute uzta: Shane Larkinekin. Atamanen eta Larkinen ekarpenak erabakigarriak izan dira. Alpere Segun gehiegi ezagutzen ez zutenek ere zertarako gai den ikusi dute. Uztaipean nagusi izan da, gainontzeko jokalariei hobeto aritzeko modua ematen dien izar horietako bat.

Giannis Antetokounmpok berak aitortu zuen: «Denetarik bizi izan dut, baina domina hau lortzea nire kirol ibilbidean izan dudan lorpenik handiena da. Zure herrialdea ordezkatzea beste edozeren gainetik dago». Greziarrari ez ezik, beste askori aurpegiratu izan diete hori; batez ere, NBAko jokalariei. FIBA saskibaloian menderatzaile izateko gaitasuna du. Aurtengo Europako Txapelketak, ordea, kontrakoa erakutsi du. Normala da.

Izan ere, badaude gainontzekoak hobetu ezin dituzten uztak, eta horrekin bizitzea ere ez da erraza. Luka Doncicek ez du inoiz talde ona izan inguruan; baina lehen, behintzat, jokalariren bat lortzen zioten; aurten hori ere ez. Era berean, badaude ondo inguratuta egon arren uzta handia ematen ez dutenak ere. Nikola Jokicen eta Serbiaren kasua. Asko zuten, baina gutxi egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.