'Hobby' katatonikoa. Asteburua motz geratzen zaienek saskibaloiari so egitea dute onena ordu gutxi batzuk ia eternal bilakatzen ikasteko. Ostiraletik iganderako tartean, sakonunetik bozkariora igaro daiteke Euroligako talde bat. Entrenatzaile zaharra antzarak ferratzera bidali, berria aurkeztu eta lanean ipintzeko denbora ematen dio klubeko zuzendaritzari. Eta sare sozialen kikiriki etengabean, iritzia hiruzpalau aldiz aldatu ohi du zale katatonikoak. Baskoniako hainbat jarraitzailerekin gertatu berri da. Pedro Martinez kaleratzeagatik bariku gauez pipertuta zeuden berberak ika-mika hutsalak gainditzea eskatzen ari ziren zapatuan, jokalariek eta Velimir Perasovicek harmailaren marmarrik gabe datozen erronkei ekiteko. Igandeko meriendaren ordurako, euforiak hartu zituen. Porru eginda dagoen Kanaria Handiaren aurkako garaipenarekin, «norabide aldaketa» beharrezkoa zela baieztatu zuten, eta Luca Vildoza, Darrun Hilliard eta halako jokalariek «zerotik hasi ahal izatea» eskertu. Ostiraletik lau urte pasatu ziren susmoa izango zuten, ziur asko, eta, hein batean, ez zitzaien arrazoirik falta.
Kontakizun ofiziosoa. Joan den astean, Whatsappeko zazpi txatetan jaso du Saski Da!-k Jot Down-ek Joe Arlauckasi egin elkarrizketa. Baskoniako hegal-pibotaren moduko solaskide atsegin eta ahobero samarrak perfektuak dira agerkari horrek landu ohi dituen hizketaldi luzeetarako. Jot Down-ek irakurleak ere Arlauckas onenean zenean koskortutakoak dituenez, ez da harritzekoa pieza mamitsuaren oihartzuna. Testuan, negozioetan arrakastatsu izateko Josean Kerejetaren moduko «pertsona txarra» izan beharra dagoela dio Arlauckasek, hurkoa zapaltzea beste erremediorik ez delako izaten. Erretratu ankerra dirudi. Baina presidenteak berak ere ontzat emango luke, ziur aski, eta oso hedatuta dago: «Tipo ezatsegina eta ilun samarra da, baina bera gabe imajinaezinak lirateke Baskoniaren azken 30 urteetako hazkundea eta arrakasta». Kontakizun ofizial horrek bi ahulgune nabarmen baditu, halere, behetik jota. Kerejeta gabeko Baskonia gaur non legokeen asmatzea ezinezkoa da, batetik. Eta erakunde publikoak —kluba bera salbatzera iritsi arte— presidenteari oparitu dioten arnasa eskuzabal, etengabe eta baldintzarik gabekoa aipatu gabe lagatzen du, bestetik. Enpatiarik gabeko negozioen marrazoa gehiegi goratzea eztabaidagarria da. Gainera, kontua da gose zen bakoitzean guztiok elikatu dugula.
Betikoa ezin irauli. Joan den sasoian Alavesen aritu Bojan Krkicek adierazi berri du Kerejetarekin topo egitea bere ibilbideko trantzerik desatseginena izan zela. Presidentearen biktima zerrenda amaigabea da. Testuinguru ekonomikoak hobera egin duela dirudi, behintzat, eta pentsatzekoa da kaleratuak ez dituela urte luzez sosik ikusi gabe edukitzen, duela ez horrenbeste bezala. Pedro Martinezekin feeling hobeezina zuten (genuen idatzi du ia Saski Da!-k) baskoniazale askok. Molde horretako entrenatzaile batekin Gasteizen talde handi bat eratzea posible dena froga zedin espero zuten, behingoz. Betikora itzultzea nahiago izan du Kerejetak, betiko ezinegonaz.
Duela bi urtekoa, ahaztuta. Emaitza txarregiei aurrea hartu ohi die Baskoniako presidenteak entrenatzailea aldatzerakoan. Lantaldearen arreta eta kontrola galtzen ari diren kapatazak ordezkatzen ditu, ahalik eta lasterren. Ez dago jakiterik, ordea, ostiralean hartu erabakiaz ziurtasun osorik zuen. Baskoniaren kontu ofizialak Martinezen agurra 19:31n txiokatu zuenetik Perasovici 19:37an ongietorria eman zion arte sei minutu baino ez ziren igaro. Duela bi urte kontratua berritzeari uko egin zion Perasen baiezkoa ziurtatu baino lehen, alegia, ez zuen aurreko entrenatzailearen kaleratzerik iragarri klubak. Horretarako egun osoa izanda ere. Merkatua ez zegoen Gasteizen exijitzen den mailako izenez gainezka: Sito Alonso (sartu hemen zure emotikonoa), Sasa Obradovic (langabezian astebete eskas darama) eta Joan Plaza baino ez.

SASKI DA!
Whatsappeko zazpi txatetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu