Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Zaldunak, baloi baten atzetik

2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Zaldunak... eta erregea. Gustatu egiten zaizkio hemen goiko honi zaldunen filmak eta marrazkiak. Arturo Erregea ikusten hazi ginen belaunaldikoa naiz. Adi-adi egoten ginen ETBri begira, zaldun prestuaren pasadizoei so. Borrokak arerioen aurka: edozein lekutan eta, nola ez, propio prestatutako guda-zelaietan, harmailak noblezia apainaz gainezka, denak lerden-lerden. Mendeen joanean, zelaiak futbolean jokatzeko leku bihurtu ziren. Ingalaterran bertan, diotenez, nahiz eta futbola bera askoz lehenago sortu omen zen. Zaldunak borrokan zaldi gainean, eta ezpata eskuan, eta jokalariak korrika bi hanken gainean, baloia oinetan. Baina batzuetan, zaldunak ere aritzen dira futbolean, eta erregeak ere bai. Hau, esaterako:



Carlos V.a... Nafarroarentzat, euskararen herriarentzat garai beltzenetakoan protagonista izana. Espainiako erregea, 1500ean jaio eta urtebetera. Gero, ez dakit nik zein inperiotako errege ere bai. Etsaia, azken batean. Futbolean baino zaldi gainean ibiliko zen gehiago, edo ibilgailu gurpildunen batean, betiere zaldiak aurrean tiraka zituela. Baina hara non, gure artean azaldu da beste Carlos V. bat. Txuri-urdin jantzita, eta beltzez ere bai batzuetan. Ez da espainiarra. Mexikon sortua da, eta elastikoan, lehen Vela zena orain Carlos V.a bilakatu da. Burua ezinbestean 600 urte atzera mexikarraren elastikoa ikustean. Garai hartako errege hark beren aldeko eta nafarron kontrako batasuna erdietsi zuen bezala, oraingoak ere badu batasunetik: Realaren erasoko jokoa, lotu, josi, uztartu egiten du... eta nola ez, futbol zelaietako gudak irabaziarazi edo ez galarazi, joan zen larunbatean Elxen bezala.



Zaldunik gabeko zaldia. Izango ziren halakoak guda-zelaietan. Filmetan eta marrazki bizidunetan, behintzat, azaltzen dira. Zalduna bere gainetik erori, eta lasterka bizian segitzen duten zaldiak. Gure ustez, nora ezean; baina, auskalo, zaldiaren buruan, akaso, zertan ari den ondo jakinda. Ihesi, adibidez. Futboleko jokalariak ez du zaldirik azpian, baina jokalari askok zaldien pare egiten dute lasterka. Athleticen dago bat, eta De Marcos du abizena. Ezagun egin ziren haren lasterkaldiak duela bi denboraldi, eta Europan barrena ere sona handia hartu zuten korrikaldiek. Zaldunik gabe ihesi doazen zaldiek bezala, De Marcosek ere ihesi egiten du. Aurkariei egiten die ihes. Osasunakoei ostiral gauean. Ihes eta ihes, bakarrik zegoela baloia hartu eta sarera gozo bota arte. Gero, taldekideek harrapatu zuten, ospatzeko.



Zaldun apaina, ez lehiakorra. Mendeetan atzera eginez, eta ordukoan oinarrituz sortutako fikzioan, ba omen ziren zaldun apain askoak. Dotore eta lirainak. Arropa distiratsuena, ezpata trebeena, zaldi politena... Joaten ei ziren guda-zelaietara arerioak zapalduko zituztelakoan, eta gehienetan, harrotasuna ondo umilduta itzultzen ei ziren gaztelura. Osasuna ere halaxe bueltatu zen Iruñera ostiralean. Joan zen zelaira, egin zituen imintzioak aurkaria zapaltzekoak, dotoretu zituen mugimendu asko, baloia txukun erabili zuen, baina eraginkortasuna falta. Arerioa zauritzeko ahalegin guztiak, ustelak. Eta aurkariak bi kolpe zehatz eman zizkion, gainera, bihotz ondoan.



Errege gaiztoa epaile zital. Dueluetan, izaten omen zen epailea, zaldunetako batek edo biek azpijokoren bat egiten bazuten berehala mozteko trikimailuak. Harmailetan egoten zen jarrita. Lasai ederrean. Tronoan. Erregea bera epaile. Gaur bezala, orduan ere izango ziren ustel askoak, bere komenientziara epaituz borrokak. Bi zaldunetako batek irabaztea komeni, eta beti haren alde erregea. Larunbatean, Ipuruan azaldu zena ez da erregea, baina epailea bai. Gironari hiru aldiz eman zion penaltia jaurtitzeko aukera, eta hirurak barrura.



Borrokalari gazte ausarta. Hasiberriak egundoko gogoa izaten zuen garai hartan. Ezpata eskuan hartu orduko borroka nahi. Hainbat filmetan, protagonista nagusiak prestatzen du gaztea. Eta gaztea saiatzen da jo eta jo, kolpea bota eta bota, baina zaharragoak esperientzia lagun. Alavesek mila ahalegin egin zituen larunbatean, baina Las Palmas behin bakarrik jo zuen. Ikasten segitu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.