mikel reina
Hirukotik

Zazpigarrenez

2025eko ekainaren 4a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

NBAk txapeldun berri bat izango du zazpigarren urtez jarraian. Bihar hasiko da finala, 02:30ean, eta Oklahoma City Thunder eta Indiana Pacers arituko dira nor baino nor gehiago. Bi taldeek ez dute sekula elkarren aurka final bat jokatu. Egia esan, konferentzietako finaletatik bagenekien elkarren aurka inoiz jokatu ez duten bi taldek neurtuko zituztela indarrak finalean.

Inoiz ez

Indianan saskibaloi tradizio handia dago betidanik, baina orain arte ezin izan dute gorenera eraman tradizio hori. Hain zuzen ere, ez dute inoiz eraztuna irabazi. Oklahomari dagokionez, lehengo egoitzan, Seattlen, saskibaloi tradizio handiagoa zegoen. Bertan irabazi zuten azken aldiz eraztuna, 1979an.

Kanporaketetan esperientzia garrantzitsua izaten dela esan ohi da. Hau da, jokalari beteranoen beharra izaten da momentu onak eta ez hain onak kudeatzeko. Oklahomak ez daki zer den hori. Talde oso gaztea osatu dute; jokalariek 25,6 urte dituzte batez beste. Aurreko denboraldian ere liga erregularra irabazi zuen. Hori lortu duen talde gazteena da. Ez da kasualitatea. Sam Presti kirol zuzendaria nagusi da Draft-eko hautaketetan. Jokalari asko pilatzen ditu, eta, ondorioz, aukera du gehiago eta hobeto hautatzeko. 2012an heldu ziren azken aldiz NBAko finalera. Nortzuk zeuden talde hartan? Kevin Durant, James Harden eta Russel Westbrook. Hau da, azken hamarkadako ligako izar nagusietako hiru.

Shai Gilgeous-Alexander, Jalen Williams eta Chet Holmgren dira orain taldeko jokalari onenak. Joko antolatzaileak irabazi du jokalari onenaren saria. Zazpigarren urtez ez du jokalari estatubatuar batek irabazi. Azkenaldian denen ahotan dago falta asko lortzen dituelako eta, horrenbestez, jaurtiketa libre asko ere bai. James Hardenek ere hala egiten zuen. Ukaezina da: jokalari itzela da. Gainera, ez dago bakarrik, ezta Williams eta Holmgren ere. Iragan denboraldiarekin alderatuta, bi fitxaketa erabakigarri egin dituzte: Alex Caruso eta Isaiah Hartenstein. Bi jokalari horiek defentsa lanetan laguntzen dute; eta, batez ere, izaera lehiakorra dute. Kanporaketetan beharrezkoa izaten da hori. Gainera, Luguentz Dort daukate. Ligako defendatzaile onenen bostekoan sartu dute; merezita, gainera.

Europako zaleak

Egia esan, Oklahoma da irabazteko hautagai nagusia. Indiana Pacersek gauza asko egin beharko ditu ondo, buruz buru lehiatzeko. Bestetik, Tyrese Haliburtonek berretsi egin du erakutsi duena bezain ona dela. Haren jaurtitzeko modua ez da oso erakargarria, baina sortzen eta egiten duen guztiak maitemindu egiten zaitu. Hain zuzen ere, hori da Rick Carlisleren taldearen dohainik handiena: erritmoa. Baloia asko, ondo eta arin pasatzen diote elkarri. Antolatzaileak gidatzen du jokoa, eta Pascal Siakam, Andrew Nembhard, Myles Turner, Aaron Nesmith eta Obi Toppin daude saskiratzeak lortzeko. Jaurtitzaileen bertsiorik onena beharko dute Oklahomaren defentsa gainditzeko, zorrotza baita. Gainera, bakarkako jokaldiak beharko dituzte partidak irabazi ahal izateko, eta oso onak, gainera. Orain arte bakan batzuk lortu dituzte, baina finaletan gehiago beharko dituzte. 

Bi taldeek jokalari asko dituzte, eta hori ere garrantzitsua da. Izan ere, nekea eta lesioak tarteko, jokalarien parte hartzea asko mugatzen da kanporaketetan. Horrek ere asko baldintzatzen ditu, azken urteetan are eta gehiago. Ikusteko dago ikusleek zelan erantzungo duten; izan ere, azkenaldian finalek ez dituzte batzuetan esperotako datuak izan. Europako saskibaloira ohituta gaudenentzako finalik erakargarrienetakoa da, hemengo jokamoldera gehien hurbiltzen diren taldeetako bi direlako. Hori guztia esan ostean, aipatu bezala, Oklahoma City Thunder da hautagai nagusia. Gainera, etxean jokatzea alde du. Baina, egiari zor, denboraldi honetako kanporaketetan gutxirako balio izan du horrek, taldeek garaipen asko lortu baitituzte etxetik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.