Aitor Manterola Garate.
Harmailetatik begira

Zein da zein: Oriol ala Zlatan?

2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Umetako jolasa. Bazen etxean jolas bat, galderen bidez per- tsonaia bat asmatzeko aukera ematen zuena. Zein da zein? zuen izena, eta hainbat lagunen aurpegiak ziren jolasaren oinarri: Susan, Erik, Joe... Antzeko ezaugarri fisikoak izaten zituzten pertsonaia batzuek, eta horrek zaildu egiten zuen asmatzea. «Betaurrekoak dauzka», galdera jolaskide batek besteari. «Ez, ez dauzka», bestearen erantzuna. Betaurrekodun guztiak jokoz kanpo. Eta horrela, pertsonaia asmatu arte. Futboleko asteburuak ere izan du 'Zein da zein?' horretatik asko. Zein ote da zein?

Celta ala Athletic?. Vigoko lehen zatia jokoan zela, zalantzaz gainezka jarri ziren begira zeuden guztiak. «Non da Athletic? Elastiko urdun argia al daramate jokalariek soinean?». Izan ere, denboraldi honetako Athleticek (ere) asko estutzen du aurkaria, presio itogarria eginez. Baina herenegun gauean, zuri-gorriak ez ziren ari horretan; bai, ordea, urdin argidunak. Zein da zein? «Entrenatzailea txiki bat al du presioa egiten ari den taldeak?», galdera batek. «Ez», besteak. Ez da Athletic, orduan. «Entrenamenduetan aldamio baten gainean jartzen al da presioa egiten ari den taldeko entrenatzailea, jokalarien lana hobeto ikusteko?», beste galdera bat. «Bai», erantzuna beste aldetik. Pista argigarria. Luis Enrique ibiltzen da horrela, eta Celta izan zen Athleticez jantzi zena lehen zatian.

Caparros ala Jagoba?. Zein ote da zein?Ura eta ardoa dira ia denean, eta galderaren okerra agerian geratzeko arriskua handia da. Baina ez. Galdera ona da. Jagoba Caparros izan zen Bartzelonan gaur zortzi, eta Caparros betiko Caparros edo Bartzelonako Jagoba joan zen igandean, Anoetan. «Bere taldea zeharo atzean sartu al zuen?», galdera. «Bai», erantzuna besteak. «Caparros da orduan», irmo batek. «Bai, Caparros da». Jagobarena egun bateko mozorroa izan zen.

Oriol ala Zlatan?. «Golegilea al da?», galdera jolaskide batek. «Bai, petoa», erantzuna besteak. «Jokalari garaia da?», beste galdera bat. «Oso garaia», bigarren erantzuna. «Kataluniako talde nagusian jokatu al zuen?», hirugarren itauna. «Bai», seko asko bestearen ordaina. «Gol harrigarriak sartzen al ditu?», oraingoan asmatu behar duen ziurtasunaz bota dio galdera. «Bai, bat baino gehiago, gainera», zeken antzean erantzun besteak, jolasa galdu duen uste txarrean. «Badakit zein den...», harro batek. «Bai?», galtzaile dela arindu nahian besteak. «Zlatan Ibrahimovitx da!», ozen, denek entzuteko moduan garaile ustean denak. «Ez, ez, ez! Ez da Ibrahimovitx» besteak, galtzaile izaten hasi, eta ezustean garaile bihurtu delako poza ezkutatu ezinik. «Oriol Riera da!», eman dio errematea.

Cristiano, Messi ala Borja?. Estu doa jolasaren zati hau ere. Partidarik ikusi ez duena ari da galdezka, eta ari zaio kostatzen. Atera dio besteari pertsonaia hau golegilea dela, jokalari abila teknikan, eta beste hainbat kontu. Baina ez daki nola jarraitu galdezka. Halako batean: «Hiru gol sartu al zituen asteburuan?». Besteak: «Bai». Itsu-itsuan galdera egileak, ziur asko: «Erraza. Cristiano edo Messi». «Ez, ez, Borja Viguera, Alavesekoa».

Jota ala Silva?. Alderaketa hau Naxari Altunari irakurria da Twitterren, eta, egia esatera, badute antzik. «Txikia al da?», lehenengo galdera. «Bai, txiki-txikia», erantzuna. «Baloiarekin abila?», hurrengo itauna. «Oso», erantzun motza bezain zehatza. «Utzita al dago beste talde batetik Eibarren?», galdera estua. «Bai», erantzuna. Izan zitekeen David Silva. Baina ez, Jota Peleteiro da. Hemendik lau bat hilabeterako galdera: «Igo al da Lehen Mailara?». Erantzuna ere, orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.