Alpinista

Zein ederra!

Juanjo San Sebastian
2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Felix Iñurrategiren pasadizo bat. Pagasarrirako BBK martxetako batean izan zen. Normalean, ekitaldia antolatzen zuen taldeak bere ibilgailuetako bat erabiltzeko aukera ematen zien gonbidatu batzuei, lehenbailehen itzul zitezen tontorreko zelaitik eguneroko martxara, oinez itzultzeko askoz denbora gehiago beharko zuten eta. Edozein parte hartzaile arrunti beharbada bidegabea irudituko zitzaion ohitura hori, baina BBK-k horrela ematen zizkien eskerrak gonbidatuei ekitaldian parte hartzeagatik, eta, aldi berean, modua egiten zuen bere irudia gonbidatu entzutetsu haiekin lotzeko. Urte batean, autoan eramandako gonbidatuen artean zeuden Felix eta Alberto Iñurrategi ere. Anaia gazteena noranahiko autoan sartua zen jada, eta, Felix beste horrenbeste egitekotan zela, hortxe ekin zioten ondoan zeuden bi neskatxak: «Hori da hori aurpegi gogorra!», bota zuen haietako batek. «Bai, baina zein ederra!», erantzun zion bigarrenak. Hain barregarria egin zitzaidan egoera, ezen nahi gabe ere hamaika aldiz etorri izan baitzait gogora. Felixen beste hainbeste oroitzapen bezalaxe. Adibidez, gogoan iltzatua gelditu zitzaidan elkarrekin egin genuen lehenbiziko espedizioaren aurreko bileretako batean esan zuena: «Nik ez dut honetan jarraituko zuen adina izatean, ezta pentsatu ere». Garai hartan, berrogeitaka urte nituen, mendi garai eta urrunen zale porrokatua nintzen, eta ia hogei urte neramatzan halakoetara joaten; eta, halere, Felixen esana zuhurra eta zentzuzkoa iruditu zitzaidan. Ezinbestean ikusten diot lotura, gainera, Bonattiren hitz batzuekin. 35 urtetan, bizimodua errotik aldatzea eta alpinismoa uztea erabaki zuen Bonattik, noiz-eta bete-betean zebilenean eta nazioartean miretsia zenean, eta zera esan zuen horren harira: «Segitu nezakeen, baina, orduan, gauza bera egingo nuke behin eta berriz, besterik ez». Izan ere, Felix, kabroi halakoa, ez zen soilik alpinista handia izan. Ederra ere bazen, izugarrizko umorea zeukan, eta, gainera, zentzuduna zen. Gerora, zein azkar ailegatu zen hura hil zelako berria! Pirinioetan zeharkaldi batean murgilduta nengoela jakin nuen horren berri, Nafarren Zubiaren ondoan, Ordesatik oso hurbil. Albiste txarrak ziztuan zabaltzen baitira beti. Oroitzapenak gogora etorri ere halaxe, ziztuan. 1997ko azaroaren 6ko hura tartean: Cook mendia igotzen hasi berriak ginen, Zeelanda Berrian. Aukera genuen sérac hura inguratzeko, baina azpitik pasatzea erabaki genuen, amen batean egiteko modukoa baitzen. Baina sérac-a amen batean ez, baizik eta askoz bizkorrago erori zitzaigun gainera. Elurrak azpian hartu ninduen. Astia izan nuen esperantza galtzeko. Erabateko angustia hamar minutuz. Bat-batean, ezer ikusi baino lehen, «hemen dago, hemen dago» entzun nuen hurbil-hurbil, eta urrunxeago, galdera bat: «Bizi da?». Ikusi nuen lehenbiziko gauza ez zen zerua izan, zerbait baitzegoen zeruaren eta nire begien artean: Felixen eskutzarrak, eskularru eta guzti elurrean aztarrika, eta, gero, haren aurpegia. Halaxe, bada, Pagasarriko neskatxa hark pentsatu zuen hori bera pentsatu nuen nik ere orduan: «Hori da hori aurpegia! Zein ederra!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.