mikel reina
Hirukotik

Zuloak

2023ko azaroaren 28a
05:05
Entzun

Bete-betean. Zuloan sartuta ez, baina sartzeko bidean dago Bilbo Basket. Seigarren partida galdu du jarraian ACB ligan, eta agerian geratu da egutegiaren zailtasuna eta gogortasuna. Baten bat Espainiako Koparekin ametsetan egotetik, jaisteko postuekin amestera igaro da. Oinak lurrean jarri dituzte bilbotarrek. Hauxe daukagu, eta ez denboraldi hasierakoa. Ez dugu ahaztu behar zein den Jaume Ponsarnauren taldearen helburua: beste urtebetez ACB ligan mantentzea. Ez gehiago, eta batez ere, ez gutxiago. Zaila da larunbatean Unicajaren aurka baino puntu gutxiago lortzea. ACB ligako markarik eskasena berdindu zuten bizkaitarrek 43 punturekin. Normalean, atsedenaldian lortzen den emaitza lortzeko 40 minutu behar izan zituzten. Marka da, gero. Horrela, ezinezkoa da partida bat irabaztea, eta hori Ibon Navarroren taldeak ez zituela bereziki saskiratze gehiegi egin. Real Madrili 99 puntu sartzetik zetorren. Gainera, FIBAren Europa kopa txapelketako nagusitasuna ez da kontsolamendua. Ligaxkan ikusi ahal izan dute entrenatzaile, jokalari, zuzendari eta zaleek lehiaketako maila apala. Ikusteko dago bigarren ligaxkan maila igotzen den edo ez, baina ez dago esperantza askorik. Baina hori datorren astean izango da. Ponsarnauk aspaldiko partez astebete izango du hurrengo erronkari aurre egiteko, ez dela edozelakoa: Bilbo Basketek Alex Mumbruren Valentziaren aurka jokatuko du.

Zabaltzen. Valentzia burua altxatu ezinik dabil. Hasiera ezin hobea eman zion Euroligari, lehen sei partidetan partida bakarra galduz, baina azken lau partidak galdu ditu. Bolada txar hori luzatu nahi du Baskoniak ostiralean. Eta bide batez, garaipenaren bidera itzuli Monakoren aurkako estropezuaren ostean. Dusko Ivanovicek egun batetik bestera taldearen dinamika aldatzea lortu du; orain, bestelako lana du, luzera begira hastea pixkanaka. Horretarako, jokalari gehiago behar ditu dinamikan. Nico Mannionekin saiatu zen Manresaren aurka, baina italiarrak arazo fisikoren bat izan behar du, erakutsitako mailatik oso urrun baitago. Erritmo aldaketarik gabe eta konfiantza barik. Agian, ez da bakarrik fisikoa. Barne jokoan ere Khalifa Diopek min hartu zuenetik protagonismo oso gutxi izan du, eta Maik Kotsarrek ere bere minutuen beherakada nabarmena nabaritu du. Jakina da Montenegroko entrenatzaileak soldaduak behar dituela, esaten duena zalantza gabe betetzeko. Beraz, hauekin oraindik bidea du egiteko. Alde horretatik, Chima Monekek egunak eta egunak ditu. Horrelakoak dira mota horretako jokalariak, gorabeheratsuak, ematen dizutena berehala galtzeko gaitasuna dute. Emozioekin batera jokatzen duen jokalaria da, onerako eta txarrerako. 

Aspaldiko partez, emozioak transmititzen hasi dena Gipuzkoa Basket da. Onak, gainera; ezin zaio gehiago eskatu. Denboraldiko helburu nagusietako bat lortzen hasia da, Illunbera gero eta jende gehiago erakartzea. 99 puntu sartu zizkion Mikel Odriozolaren taldeak Ourenseri. Hori gutxi ez, eta jaurti zituen 48 jaurtiketetatik 38 sartu zituen: %79. Pentsa, portzentajea txikiagoa izan zuen jaurtiketa libreetan: %67. Uztaiko zuloa ohi baino handiago ikusi zuen. Laugarren postuan daude gipuzkoarrak: zazpi partida irabazi dituzte, eta bi galdu. Horrez gain, txalotzekoa da Gipuzkoan saskibaloiaren alde klub batzuekin egiten ari diren lanketa. Banandu baino gehiago, elkartu nahi dituzte guztiak: batera aurrera egin.

Aztarna. Noiz arte egingo du aurrera LeBron Jamesek? 39.000 puntuen langa gainditu duen lehen jokalaria da. Ezer gutxiago gainditu edo irabaz dezake. Aro bat ezarri duen jokalaria da Akronekoa. Onena? Erantzunik gabeko galdera horietako bat da. Onenen artean bai, seguru. Ikusgarria da, urteak aurrera joan ahala, zer-nolako gaitasuna duen bere gorputza zaintzeko. Urte amaieran, 39 urte beteko ditu, eta, oraindik, NBAko jokalaririk onenetarikoa da. Erakustaldiak ematen ditu etengabe. Badirudi bere azken erronka semearekin jokatzea duela. Nahi duena egin dezake, horretarako eskubidea irabazi du. Zulo handia utziko du ligan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.