Pello Bilbao.
Euskal Herriko Itzulia: Orio-Arrate. IRITZIA

Zuzendariak baretu dit asmoa

2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hauxe da gure Euskal Herria, baina muga-mugan gabiltza aurtengo Itzulian. Goizean goizetik, irteerara joan garenean, euria goian behean hasi du, eta autobusera bueltan joan gara, ahal genuen guztia janzteko. Getaria aldera joan gara lehen kilometroetan, eta ateri samar eutsi dio han, baina, boladaka, blaitu ederra hartu dugu. Horrek gogortu egin du etapa, eta ez da erraza izan.

Egia esatea nahi baduzue, Diego Rosak erasoa non jo duen ere ez dakit oraindik. Aurretik lau lagun zihoazela esan digute guri, eta beste talde handi bat atzerago. Baina erakustaldi ederra eman du italiarrak. Bejondeiola! Tropelean oso lan ona egin du Jumbok, nik uste baino hobea. Kaos handiagoa espero nuen, baina Kelderman ez dute utzi bakarrik. Jaitsieretan erritmo bizi-bizia jarri dute, eta baten batek behar baino gehiago arriskatu duela uste dut, hankaz gora joan delako. Atzean, berriz, ahal genuen bezala joan gara gainerakoak.

Gorputzaldi ona izan dut berriz ere, eta Angiozarren erasoa jotzeko zorian egon naiz. Fabricio [Ferrari] zihoan aurrean, eta ez zen aukera txarra eurekin bat egin eta etaparen lehian sartzeko. Arrateko azken igoeran banekien ezinezkoa izango nuela onenen erritmoari eustea, ito egiten nautelako beti. Eta urrutitik saiatzeko burutazioa izan dut. Baina zuzendariak baretu nau. Lasai egoteko esan dit Eugeniok [Goikoetxea], eta, tira, hortxe geratu da asmoa.

Talde gisa ezusteko polita hartu dugu, hala ere, oso maila onean ibili garelako denok. Izuako lehen igoerara arte gehienok tropelean ginen, eta asko lagundu didate kokapen lanean. Indar kontua zen hortik aurrerakoa, eta nahikoa lan izan dugu. Bustita zegoen, eta hormigoizko zorua ere bazegoen tarte batean. Zutik jarri, eta gurpila irristatu; eserita jarri, eta ezin aurrera egin. Oso-oso igoera gogorra da Izuako hori, eta gorriak ikusi ditugu. Bigarren taldetxo batean geratu naiz, Vuillermoz, Brambilla eta beste hainbatekin, eta jaitsieran harrapatu ditugu aurrekoak, taldeburuak soilik daudenetan oso zaila izaten delako euren artean elkarlanean hastea.

Madrazo eta biok tropel nagusian iritsi gara Usartzako azken igoerara, eta Caja Ruralen gisako talde batentzat pozgarria da hori. Eta erlojupekoan zer? Gorputzaldi ona badaukat, saiatuko naiz estutzen. Bi minutura daukat Mikel Landa, lehen euskalduna, eta ia ezinezkoa da harrapatzea. Baina saiatuko naiz lan ona egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.