Marta Xargay, Alexa Moreno, Laurel Hubbard, Teresa Almeida, Raven Sounders, Susana Frizell, Shawn Dingilius-Wallace… Tokio 2020. Izendegia seguru luzeagoa dela Jokoetan atzera bagoaz, eta emakumeak kopuruan gehiago. Denek dute komun gauza bera: komentario eta titular lodifoboak jaso izan dituzte, eta denak dira aldi berean goi errendimenduko kirolariak. Nortzuk izango dira, beraz, Joko hauetako atleta lodiak?
Irantzu Varela aktibista transfeministak Pikara Magazine-n dio pertsona lodiak, oro har, alfer gisa direla irakurriak. Imajinario oso bat dago eraikia; ez direla osasuntsuak, eta jarduera fisikoa praktikatzen badute, argaltzeko soilik egiten dutela. Dirudienez, modu horretara jasoko dute errespetua. Baina zer pozgarria den ikustea barne eta kanpo eskema guztiak apurtzen dituzten atletak, eta erakusten dutenak gorputzen homogeneizaziotik kanpo badirela beste mota bateko kirolariak. Jasaten duten biolentziak argi uzten du arrakala sakona dela, eta zauriak azkura ematen diola jendarteari. Guk bai burua lodi eta sedentario.
Beste aldean, benetako gorputz eta atleta osasuntsuak. Onenak. Ederrenak. Arrakastatsuenak. Dieta zoroak denboraldiaurre eta denboraldietan, pisu akordeoi latzak hortik kanpo askok. Gaizki elikatutako gorputzak pisu jakin baten barruan mantentzeko, baraualdi luzeak eta beganismoa elikagai jakinak jateari uzteko aitzakia. Elikadura nahasmenduaren atarian (edo atea pasata) batzuk, eta pisuarekin harreman tentsionatuan besteak. Konplexua da gaia. Guk onenak eta ederrenak ikusten ditugu berdin-berdin.
Gatazka mahai gainean dago. Barneratzen hasi gaitezke normalizatuak dauden jokabide, praktika eta irudi batzuk ez liratekeela normalak izan behar, kirola, per se, ez baita beti osasuntsua. Gaur egun, nerabe askok gimnasiora joan nahi dute; Enekok larunbat eta igandeetan karreterako bizikletan 150 kilometro egitera irten nahi du; eta Aitor Euskal Herrian urrutienen dagoen mendi puntara igoko da extreme txapelketa batean parte hartzera. Denak goi mailako kirolariak imitatuz, gorputza indartsu eta argal mantentzeko, loditasunak mina ematen baitigu begietara. Inor ez da hurrengo Jokoetara joango, baina akaso Instagrameko post guaiena izango dute batzuek, eta haien haurrak gutxiago zaintzea lortuko dute hainbatek. Uste dut arazoa pentsatzen genuena baino estrukturalagoa dela.