maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

'Neskatxa'

2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Piragua eta pala, Maialen Chourraut eta ura, ibaiaren ura eta ur emaria. Artista bat. Lerratzeak, erruloak, ateak eta korronteak; niretzat, 100 segundo inguruko apnea urduria. Hala izan zen Londresen, Rion, Tokion, eta Parisen ere bai, herenegun. Beti da zirraragarria eta aldiro sortzen dit irrika. Ez naiz piraguista, baina badakit zer dagoen atzean.

Lana eta kanala korapilatuak daude pertsonala den horrekin guztiarekin. Gehienak enpleguaren eta aisiaren separazio liberalean bizi gara; Maialen ez, eta pozik. Detaileak dira garrantzitsuena errendimenduko kirolean, eta niri detaile esanguratsua iruditzen zait jakitea 12 urterekin hasi zuela kirol hori, eta ez lehenago; beraz, ez zen beranduegi izan, eta, gainera, uda kanpaina batean hasi zuela. Desiraz eta gogoz Kontxatik Pariseraino.

Beldurrez jardun omen da askotan, nor ez bizitzan; gutxik azaleratzen dute, ordea. Zaurgarri agertzea eder egiten du berak. Nire lagun batek dioen moduan, «bakarrik ez, lagunekin bai». Piraguismoa bakarka parte hartzen den talde kirol bat da. Euskal Herrian ur bizietan aritzeko instalazioak falta izateak furgonetan ehunka ordu pasatzea dakar; ondorioz, lagunak eta bokadilloak maitatzea. Sinestezina da, halere, zer-nolako maila dagoen, sutsuki jarrai diezaiogun Miren Lazkanoren ibilbideari ere, Parisen eta hortik kanpo.

Azken detailea. Pariskoak berdintasunaren Jokoak izenez ezagutzen ditugun honetan, hori ez dadila parte hartzearen datuetara soilik mugatu, utz diezaiotela kirol kazetariek emakumezko kirolariak infantilizatzeari, igandean piraguismoko emanaldian gertatu zen modura. Maialen Chorrautek izen-abizenak dauzka, eta kirolari, palista, piraguista eta emakume izendatua izan daiteke, baina inoiz ez neskatxa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.