Parisen karrikaren erdian hesteak lehertu beharrean sumatuz gero, estuasunetik libratzeko ordaintzea bertze erremediorik ez dago, baita toki publikoetako komunetan ere. Arlo horretan alde handia dago aitzineko Olinpiar Jokoak antolatu zituen herrialdearekin, Japoniako hirietan kasik ez baita komuna bilatu beharrik: komunak aurkitzen du larri dabilena. Tira, egia errateko, Parisen badaude doakoak eta publikoak, baina ez, akaso, turista gehien biltzen diren tokietan. Eta ez dira horiek ezkutuan dituen komun bakarrak. Izan ere, Parisek izan zuen bertzelako Komuna bat, duela 153 urte lau hilabetez hiriko gobernua izan zena, eta ordura arte inoiz ikusi gabeko demokrazia zuzeneko antolakuntza politiko eta sozial bat praktikara eramateko ahalegina egin zuena. Badaude odoletan itotako iraultza hari lotuta dauden tokiak, baina ez dira bertze gertakari historiko batzuenak bezain errazak identifikatzeko. Errate baterako, Parisko Herriko Etxeak Louise Michel iraultzailearen izena eman zion Montmartreko plaza bati 2004an, baina plaka bakar bat ere ez dago izenaren arrazoia azaltzeko, eta, bai, ordea, han dauden zuhaitz espezie batzuei buruzko xehetasunak emateko. Belleville auzoan, berriz, mural eder bat dago Parisko Komunari eskainia: Ferme-de-Savy karrika ezkutuan, eta paretan beheiti heldu diren landareek ikuspena mehatxatzen diote. Badago Komuna, baina aurkitu egin behar da.

Montmartreko kanoiak
Non dago Komuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu