ainara arratibel gascon
Notre-Dameko plazan

Parekideak?

2024ko uztailaren 30a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak martxoaren 8an egin zuen iragarpena. Pariskoak lehen Olinpiar Joko parekideak izango ziren, atletei erreparatuz gero. Albiste ona, zalantzarik gabe. Baina errealitatea bestelakoa da entrenatzaile kopuruari dagokionez. Joko hauetako datua eman ez badute ere, Tokion soilik %13 izan ziren emakumezko entrenatzaileak. Eta horietako ia gehienak, noski, emakumezkoak entrenatzen. Riokoetan, bost urte lehenago, %11 izan ziren. Joko batzuetatik bestera, soilik bi puntu gehiago.

Oraindik ez da apurtu kristalezko sabai hori. Nekez ikus ditzakegu goi mailan emakumezkoak gizonezkoen taldeak entrenatzen. Pixkanaka gero eta gehiago dira entrenatzaile titulua ateratzen dutenak, baina ez da haien alde egiten gizonezkoak zuzentzeko; ez bakarkako kiroletan, ezta taldekakoetan ere. Eta berdintasunerako urratsak egin nahi badira kirolean, ardatz garrantzitsuenetako bat hori da. Izan ere, prestatzaile batek, entrenatzaile batek, boterea du, eta emakumeek botere egituretan egon behar dute  kirolean ere, eragin ahal izateko, eta kristalezko sabaiak apurtzen jarraitzeko. Bai kudeaketan daudenek bai kirolariek bultzatu beharko lukete hori, bidelagun izan.

Emma Hayes futbol entrenatzaile eta AEBetako emakumezkoen futbol taldeko hautatzaileak horren arrazoietan sakondu zuen duela egun batzuk, The Guardian egunkarian emandako elkarrizketa batean. «Mehatxu gisa ikusten gaituzte askotan: botereguneak galtzearen beldur dira. Sexistek eta misoginoek nekatu egiten naute, baina ez naute geldiaraziko». Oraindik bada zeregina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.