Hiri handietako sarrera gune nagusietakoak izaten dira tren geltokiak. Etorri berriak hiriaz hartzen duen lehenbiziko irudia izaten da, maleta hartuta nasara salto egin, oinez hasi, giroa usnatu, jendeari behatu, pareten bertze aldean zer egonen den imajinatu... Euskal Herritik Parisera doazen bidaiarientzat, Montparnasseko geltokia da ate hori. Handik metropoliak mendebaldera eta hego-mendebaldera hedatzen ditu burdinazko zaldiaren bideak, eta, horren eraginez, Montparnasse errepublikak minorizatu dituen bi nazio bereziren topagune bihurtu da, bertzeak bertze: bretoiena eta euskaldunena, Parisera kuraiaz beterik sartzen ziren garaietatik, bazter guzietako xokorik ederrenak gibelean utzi behar izan ondoren. Erraten denez, bretoien migrazio horren ondorioetako bat da Montparnasse auzoa krepe dendaz beteta egotea. Baina egun hauetan Montparnassera ailegatuko den euskaldunak topo eginen du krepe dendek baino lehenago atentzioa emanen dion bertze gauza batekin: uniforme anitzekin, eta kolore bat baino gehiagokoekin. Lehendik ere zaintza handia zuen geltokiak, baina orain esteroideak hartu ditu. Eta trenaren lehengusu den metroaren barrunbeetan sartuz gero, uniformeez gain kartelen ohartarazpenak: «Ez du zentzurik lasterka egiteak, poltsarekin alde egin behar duzu. Ahantzitako poltsa bat = trafikoa ordubetez geldituta». Bakean egonen al da hiria?

Montmartreko kanoiak
Sarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu