Giza komunitate batean etxeko animalia gisa dauden zakurren artean mota jakin batekoak badira anitz, zerbait erran nahi ote du horrek? Errate baterako, Irlandan eta Britainia Handian arriskutsutzat sailkatutako arrazetako zakur anitz topa daitezke auzoetan. Erasokorrak izan daitezke, baina karrikatik doazenean eta paretik pasatzen denarekin begirada gurutzatzen dutenean, «kontuz nirekin» baino gehiago, «kontuz nire jabearekin» da ulertarazi nahi den mezua. Euskal Herrian, berriz, garai batean artzain txakur aleman anitz ikusten ziren. Nobleak, zintzoak, leialak eta ausartak. Baina hartarako trebatuz gero, preso politikoak hiltzeko ere balio dutela erakutsi zuen haien sorterriko diktadurak.
Parisen, berriz, erreparatuz gero, saltxitxa motako zakurrak nabarmentzen dira. Pila bat dago. Hor ikus daitezke hankatxoak bizi-bizi mugituz, pin, pin, pin, pin, nagusi erraldoien gibeletik oinez. Ez du interpretazio erraza horrek, saltxitxa zakurren kopuru demografiko handi batek zer erraten ote duen paristarrez. Izan ere, zakurren soziologia ez da zientzia zehatz bat; ez da gizarte zientzia bat ere. Sasi-zientzia bat izanen da akaso, eta zentzuzkoena izanen da Cesar Millan Dog Whisperer (zakurren trebatzailea) saioko aurkezleari aditzea: «Zakurrak zakur dira, eta hagitz kontent daude zakurrak direlako».