Domen Lorbek. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Anbizio pixka bat falta izan zaigu»

Bat egin dute liga bukaerak eta haren sasoirik onenak. Ez daki Donostian jarraituko duen: «Hala nahi nuke nik». Taldeak hazi egin behar duela dio, mailari eusteko helburua txiki geratu dela.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bizkar gainetik zama astuna kendu izan balute bezala daude Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalariak astearteroko ate irekietako lan saioan. Domen Lorbek (Krank, Eslovenia, 1985) lehenetakoa izan da kantxaratzen. Sasoiko lehen erdian jasandako miseria guztiak ahaztu ditu, eta pozik dago, ondo jokatzen ari delako, hiria eta taldea gustuko dituelako eta entrenamenduak bukatu eta etxera bueltatzen denean Enej seme jaio berria zain izango duelako.

Kantxara iristen lehena izan zara; etxera joateko ere hala dela esan didate.

Bai. Martxoaren 12an jaio zen semea, eta orain, bera da nire eta emaztearen arreta bakarra.

Noizean behin ere gauza onak tokatzen direla, ezta?

Beharko. Denboraldiko lehen erdian arazo fisiko asko izan nuen: sudurra hautsi nuen, orkatila behartu... Nahi eta ezin ibili nintzen, lesio batetik osatzen hasi eta berriro mina hartu, martxa ezin hartuta. Orain ere ez nago bete-betean, baina jasateko moduko mina daukat, eta gaitzerdi.

Zer lesio duzu ba?

Oin zolako faszitisa daukat. Hor dago; batzuetan mina ematen dit, baina, Voltaremari esker, taldeari laguntzen ari naiz.

Kosta egiten da lesio klase hori osatzen, ezta?

Bai, bide bakarra dago: atsedena. Hiru partida geratzen dira liga bukatzeko, eta gero hartuko dut atsedena. Taldeak nire beharra zuela sentitu nuen, eta nahiago izan dut pixka bat sufritu eta osatze prozesua atzeratu.

Garbi geratu da arazo fisikoek asko mugatu dutela zure jarduna.

Bai, erabat. Dagoeneko ondo ezagutzen dut neure gorputza, eta fisikoki ondo egotea funtsezkoa da. Ondo banago, bete-betean aritzen naiz lan saioetan, eta partidetan ondoren. Nire errua ere bada lesioen kontua; dagoeneko lau uda daramatzat atsedenik hartu gabe selekzioaren lehiaketak direla eta. Uda honetan atsedena hartuko dut, hilabete pare bat edo. Ondoren erabakiko dut Lituaniako Europako Txapelketa jokatu edo ez, baina, erabat osatuta baldin banago, jokatuko dut.

Pankorekin batera, zu zeu izan zara taldeko jokalaririk onena ligako azken herenean. Kontent?

Bai, oso, horrek entrenatzaileak nirekin konfiantza daukala esan nahi baitu. Lehen esandakoaren harira, norbera bere buruarekin eta gorputzarekin gustura sentitzea da gakoa. Hala denean, bere kabuz etortzen dira saskiratzeak, defentsa ona, konfiantza...

Inor gutxik pentsatuko zuen Jimmy Baroni hasierako bostekoan postua kenduko zeniola. Garrantzitsua al da hori zuretzat?

Ez. Ez gehiegi, behintzat. Nik jokatu egin nahi dut, ahalik eta gehiena, eta hori hasieratik edo aulkitik kantxaratuta egiten da. Jimmy ondo ari da aulkitik aterata, eta horrek erakusten du hasierako bostekoan kantxaratzea ez dela hain garrantzitsua.

Hiru jardunaldiren faltan eutsi diozue mailari. Konforme?

Helburu garrantzitsuena hori zen, eta, alde horretatik, bai. Taldeak liga hasiera bikaina izan zuen. Zortzi onenen artean egin genituen jardunaldi batzuk, baina sekulako txakalaldia izan genuen gero, etaesango nuke bolada txar horrek gerora buruz-eta kalte handia egin digula. Bolada txarra ezin genuela eten ikusteak halako etsipen bat sortu zuen gugan.

Joan den sasoian ere antzeko bolada txar bat pasatu zenuten. Arrazoiren bat ba al duzu?

Bitxia da taldeak bilakaera bera eduki izana bi urtez jarraian, baina, hala gertatu baita, esango nuke teknikariek eta zuzendaritza batzordeak sakon aztertu beharreko arazo bat dela. Zergatik errepikatzen den aztertu, taldeari zer gertatzen zaion ikusi, zer hutsune dituen, nola osatu hutsune horiek...

Baina jokalariek ere zerikusia izango duzue bolada txar horretan, ezta?

Bai, bai, noski. Ez dut gure erantzukizuna alboratu nahi. Astegunetako lan saioetan ondo aritu garela pentsatzen dut, baina partidetan buruz-eta ahul ibili gara sarri. Hiruzpalau partida azken segundoan galdu genituen, batzuk zorte txarraren ondorioz, besteak geure erruengatik, eta min handia egin zigun horrek. Jaikitzeko komeriak izan genituen.

Batzuen arabera, jaitsiera saihestuta, konformatu egin zarete. Ados?

[Segundo batzuk hartu ditu erantzuna pentsatzeko]. Baliteke hala izatea. Kirol talde guztiak lehiatzen dira helburu jakin batzuk lortzeko, eta guk ere bagenuen liga hasieran: zortzi onenengandik gertu ibiltzea. Ibili, ibili ginen, baina gero aipatutako bolada txar hori etorri zen. Anbizio apur bat falta izan zaigula uste dut, batez ere etxetik urrun jokatu dugun partidetan. Lehiatzeari utzi diogu tarteka, eta hori ezin da errepikatu.

Taldekide batzuek esana da, etsigarria dela beti jaitsiera saihesteko bakarrik lehiatzea. Ados al zaude?

Bai, oso etsigarria da, urteak aurrera doazelako eta ez duzulako Kopa jokatzen, titulua lortzeko kanporaketarik jokatzen... Hurrengoa laugarren urtea izango da jarraian ACB ligan, eta, nire ustez, jaitsiera saihesteaz harago dagoen kirol helbururen bat finkatu beharko litzateke, klubeko atal guztiek hobeto ibil gaitezkeela sinets dezagun. Hazi egin behar dugu, eta orain da une aproposa.

Donostian geratuko al zara hazkuntza horretan laguntzeko?

Ez dakit; kontratua bukatuko zait, baina nik hemen geratu nahi nuke. Nik nahi izatea, ordea, ez da nahikoa. Taldeak ere nik hemen jarraitzeko nahia eduki behar du. Itxaron egin behar da denboraldia bukatu arte.

Zu gustura zaude taldean.

Oso. Bai taldean, eta bai hirian. Haur jaioberria daukagu, eta, toki batean ondo bazaude, zertarako mugitu?

Etorkizuna lotuta ez edukitzeak urduritu egiten al zaitu?

Ez. Aitarekin eta Erazem anaiarekin sarri hitz egiten dut, eta esaten didate etorri behar duena etorriko dela, eta, Donostian geratzen banaiz, merezi dudalako izango dela. Lasai nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.