Espainiako Kopako finala

Andoni Iraolaren lekukoa gura du

Unai Bustinza izan zen Athleticen hamaikakoan ezusteko nagusia Espainiako Kopako finalean. Gorengo mailan aritu den lehen urtean gutxi jokatu du, baina «asko» ikasi duela aitortu du.

Unai Bustinza, Neymarrekin lehian, Kopako finalean. TONI ALBIR / EFE.
haritz gallastegi
2015eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Athletic familia Kopako porrotari buelta eman guran dabil. Aurreikuspenak bete egin ziren arren, galtzeak beti ematen du min. Futbol mundua Lionel Messiren erregetzaren inguruan jardunean den bitartean, zuri-gorriei aurrera egitea tokatzen zaie. Jokalariek hilabete dute luzea eta gogorra izan den denboraldian pilatutako neketik atseden hartu eta ilusioz gainezka bueltatzeko.

Unai Bustinzak (Bilbo, 1992) eskertuko luke bere balioa erakusteko lekua izatea. Eskuin hegaleko bizkaitarrak Neymar zaintzeko ardura izan zuen finalean. Ez da gutxi onenen artean jokatu duen denboraldian garrantzia handiena duen neurketa jokatzea, baina aho zapore gazi-gozoa utzi zion Camp Nouko neurketak. «Jarraitzaileak guri ematen digutena itzultzen ahalegindu ginen, baina ez zen posible izan. Ea epe laburrean kapaz garen Kopa etxera ekartzeko», aitortu dio BERRIAri. Ikaragarria izan baitzen zale zuri-gorriek erakutsi zuten fideltasuna. Bartzelonak Messi dauka zelaian irabazteko, eta Athleticek olatu zuri-gorria harmailetan taldeari indarra emateko. Ez batek ez besteak ez du parekorik.

Bustinzak ez du sekula ahaztuko Camp Noun bizi zuena. Baina ez da horrekin konformatzen. Antzeko egun gehiago bizi gura du bere kirol ibilbidean. Argi ez dagoena da datorren sasoian elastiko zuri-gorria soinean eramaten jarraituko duen edo kanpora joan beharko duen hobetzen ahalegindu eta etxera bueltatzeko. «Gorengo mailan egin dudan lehen denboraldia oso positiboa izan da. Asko ikasi dut. Hala ere, ez dakit zer gertatuko den datorren sasoian. Ni Lezaman etxean bezala sentitzen naiz, eta hobetzen jarraituko dut. Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Iraola, eredu

Andoni Iraolaren agurra notizia ona da Bustinzak Athleticen izan dezakeen etorkizunerako. Usurbildarraren hutsunea bete beharra dago, eta Valverderen metodologia ezagutzeak mesede egin diezaioke eskuin hegaleko bizkaitarrari. Hala ere, argi dauka Athleticen arrastoa utzi duen futbolariaren lekukoa hartzea ez dela samurra izango. «Niretzat pena bakarra da urtebete baino ez naizela izan Iraolaren taldekidea. Egunero ikasten da zerbait berarekin entrenatzeko aukera izanez gero. Ikaragarri gozatu dut. Eta, gainera, taldekide oso ona da».

Bestalde, badirudi Athleticek akordioa daukala Eneko BovedaEibarko jokalariarekin hura klubera itzultzeko. Eta bigarren taldeko Iñigo Lekuek ere aukera handiak ditu denboraldi-aurrea lehen taldearekin egiteko. Lehiakide berriei aurrea hartzeko zer eskainiko du Bustinzak? «Daukadan guztia. Intentsitate handiarekin jokatzen dut, eta kontzentrazioa ez galtzen ahalegintzen naiz. Erasoan, berriz, aukera ikusiz gero aurrera egiten ahalegintzen naiz. Ea hurrengo urteetan futbolari osoagoa izateko behar direnak ikasten ditudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.