Anfitrioi gaiztoa

Espanyolen etxea bisitatu duen azken berrogei aldietan lau partida baino ez ditu irabazi talde zuri-gorriak

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Lehen itzuliaren balorazioa egiteko eskatu zaie asteon Athleticeko jokalariei. Ligaren lehen erdia jokatutakoan ohikoa izaten da horrelako kontuak aztertzea. Bartzelona izan da neguko irabazlea, baina Guardiolaren taldea ez da irabazle bakarra izan. Valentzia, Mallorca, Deportivo, Getafe eta Athletic ere pozik daude egindako lanarekin. Unai Emeryren taldea alde batera utzita, gainerako taldeak Espainiako Ligako beste txapelketako onenak izan direla esan daiteke. Beraz, Athleticeko jokalariek badute egindako lanarekin harro egoteko arrazoirik.

Denboraldiaren lehen erdian egindakoak asko balio du. Baina talde baten lana baloratzeko beste erdia ere hartu behar izaten da aintzat. Athleticek Espanyolen kontra hasiko du bigarren itzulia. Bi taldeen egoera zein den argitzeko egokia izan daiteke azken jardunaldiaren biharamuna aztertzea. Athleticek galdu egin zuen Riazorren, eta Espanyolek berdindu etxean, Mallorcaren aurka. Bi taldeek izan zituzten epaileen lanarekin haserre egoteko arrazoiak. Eta ez zuten denborarik galdu euren haserrea agertzeko.

Baina oso era ezberdinean egin zuten kritika. Talde bizkaitarrak neurketa baldintzatu zuten akatsak egin zituela gogorarazi zion Estrada Fernandezi, gorengo mailan lehen denboraldia egiten ari den epaileari. Zarata handirik gabe egindako protesta izan da. Sailkapenean eroso dauden taldeek egiten duten gisakoa. Pochettinok eta enparauek, berriz, gogor kritikatu dute Rubinos Perezek Mallorcari oparitu zion penaltia. Aste guztian aritu dira epaileen lanaren gainean berbetan. Jaitsierako postuetatik hiru puntura dagoen taldearen urduritasuna adierazten du Espanyoleko kideen jarrerak. Horrenbeste presiorekin ez du lan samurra izango Turienzo Alvarezek. Luparekin aztertuko dute gaur bere lana.

Epaileak egin dezakeenari begira hasi aurretik, badauka zerekin kezkatu Caparrosen taldeak. Zuri-gorriek lehen aldiz jokatuko dute Cornella-Prat futbol zelaian. Itxura ederra dauka Espanyolen etxe berriak. Futbol giro aparta sortzeko behar den guztia dauka. Polita da oso. Baina, antza denez, futbol zelaia egiteko ardura izan zuen arkitektoari xehetasun garrantzitsu bat ahaztu zitzaion: berdeguneak futbolean duen garrantzia, hain zuzen. Espanyoleko jokalariek makina bat aldiz esan dute berdegunea oso egoera txarrean dagoela. Antza, eguzki printzak ez dira berdeguneraino ailegatzen, eta horrek kalte egiten dio belarrari.

Berdegunea ez da ondo egongo. Baina, onerako zein txarrerako, bi taldeentzat egongo da txarto. Ondorioz, ez dirudi aitzakia moduan erabil dezaketenik. Bi taldeen arteko lehiek ere ez dute gaurkoa baldintzatuko. Baina atzera begiratzeak balio dezake norgehiagokaren zailtasunaz ohartzeko. Athleticek lau aldiz baino ez du irabazi Espanyolen zelaia bisitatu duen azken berrogei aldietan. Azken lau hamarkadetan etxetik kanpo izan duen aurkaririk gogorrena izan da. Sarriatik lehenengo eta Monjuic-etik ondoren, esku hutsik bueltatu da Athletic gehienetan. Ea zer gertatzen den Cornellako zelai berrian.

Gutxienez aldaketa bi

30 punturekin gora begira daude lehoiak. Baina Europan lehiatzeko txartela lortzea benetako helburua bada, ezinbestekoa da estu eta larri dagoen talde baten etxean gutxienez puntu bat eskuratzea. Zuri-gorrien aurretik dauden taldeek ez dute horrelako neurketetan huts egiten. Bide batez, txarretik onetik baino gehiago izan duen urtarrila zapore gozoarekin amaitzeko aukera dute zuri-gorriek. Athleticek lau puntu eskuratu ditu azken lau neurketetan, baina galdu egin du aurkari zuzen biren kontra.

Caparrosek gutxienez aldaketa bi egin beharko ditu hasierako hamaikakoan. Txartel pilaketak tarteko direla, San Josek eta Javi Martinezek ezin izango dute jokatu. Bi futbolariak dira garrantzitsuak, baina, batez ere, Aiegiko erdilariaren hutsunea nabaritu dezake taldeak. Baina, era berean, bederatzi hilabete pasatxo irauten duen txapelketa batean ohikoa da horrelako gauzak gertatzea. Orain arte gutxi jokatu dutenek, beraz, aukera paregabea dute eurekin taldeak ez duela ezer galtzen erakusteko.

Bi aukera ditu teknikariak. Bata, falta diren jokalarien partez euren postuan aritu daitezkeen beste bi zelairatzea da. Kasu horretan, Gurpegi eta Ustaritz dira hasierako hamaikakora bueltatzeko aukera gehien dutenak. Bigarren aukeran ere badute lekua bi horiek. Baina Caparrosek arrakasta eman dion jokatzeko erari eutsi gura badio, Andosillakoa eskuin hegalean ariko da eta Iturraspek izango du Orbaizen alboan jokatzeko aukera. Teknikariak bigarren aukera baliatzenbadu, Susaetak galduko du lekua hamaikakoan. Bestalde, Mikel Santamaria atzelari gaztea da deialdiko berritasun nagusia. David Lopezek, berriz, ez du lekurik izan Caparrosek egindako zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.