Euskal Herriko Itzulia. PASIO BATEN ATZETIK Alex Aranbururen zale taldeak.

Animo gehien jasotzen duen txirrindularia

Bi, ia beti, bat baino hobe izaten badira, Alex Aranburu ezin da kexatu, bi zale talde baititu: herrikoena eta lehengusuena. Itzuliko errepideetan eta irteeretan ez da zaila haren aldeko elastikoak ikustea.

Kuadrillakoek ere osatu dute Aranbururen aldeko taldea. Irudian, haiekin hizketan ageri da. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Zaila da neurtzea, baina litekeena da Alex Aranburu Deba izatea Itzulian animo gehien jasotzen duen txirrindularia, eta «Aupa, Alex!» gehien entzuten den oihua. Ez da iritzi subjektiboa, errealitate estatistikoa baizik. Izan ere, Caja Ruraleko 22 urteko txirrindulariak ez du zale multzo bat, bi baizik. Biak, gainera, builosoak dira. Biek elastiko deigarriak daramatzate, eta biek egiten dizkiote bisitak autobusean. Alegia,tropelean norbait bakarrik ez badago, hori Aranburu da.

Bi multzo ezberdin izatearen arrazoi bakarra geografikoa da. Talde bat herrian du, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), eta bestea, Aztirian, amaren aldeko familiaren sustraiak hondoratzen diren Gabiriako auzoan (Gipuzkoa). «Bi multzoen arteko harremana oso ona da», dio Ioritz Debak, Aranbururen lehengusuak: «Bakoitza bere aldetik dabil, baina askotan elkartu izan gara. Lagunak ditugu bi herrietako zale taldeen artean. Oroitzen naiz Espainiako gazte mailako txapeldun izan zenean Ezkioko jendearekin egin genion ongietorria. Egun oso polita izan zen hura».

Bi multzoak, gainera, jendetsuak dira. Ezkiokoak 45 bat kide ditu, eta lehengusuen multzoa ere handia da. «Pentsa, hemeretzi lehengusu gara guztira, eta askok dagoeneko seme-alabak dituzte. Iazko Itzulian, esaterako, Eibarren, hogeitik gora elkartu ginen. Alex animatzera joatea familiako bazkari bat antolatzea bezalakoa da», azaldu du Debak.

Ezkioko zale taldeko kide da Unai Alberdi, Aranbururen bizilaguna eta txikitako adiskidea. «Gurea multzo handia da, Ezkioren gisako herri batentzat. Herrian ilusio handia dago. Elastikoak ditugu, Alexen berri izateko webgunea... Harreman zuzena dugu harekin, baita Whatsapp multzoa ere. Lehiatzen den bakoitzean, ahots mezu bat bidaltzen digu, eta han egoten gara guztiok zer esango zain». Gazte mailan hasitako bidea profesionaletara luzatu dute, eta hainbat tokitan izan dira dagoeneko. «Itzulian, Asturiasen, Burgosen, Tourmaletera Route du Suden... Alex bigarren pasatu zen Tourmaletetik, eta, elurra ari zuen arren, ez genuen hotzik pasatu! Auto bat baino gehiago joan ginen, eta gaua han egin genuen hurrengo etapa ikusteko. Ondo antolatu genuen».

Biek elastiko propioak dituzte, eta Itzulian ez dira oharkabean pasatzen. Aztirikoek Debatarrak jarria dute, eta Ezkiokoek, Alexentxako animuak. Itzulian hor dabiltza, ia egunero bisita egiten kutunari. «Une politena irteerakoa da: argazki batzuk atera, Alexekin hitz egin... Gero, errepidera joaten gara, eta, bukatzean, berriz ere autobusera», zehaztu du Alberdik. Debarrek ere ez dute kale egin, kide batzuk Frantziara joan izan diren arren, eurena etxeko egutegia da: «Ordiziako klasikoan egon gara, Getxoko zirkuituan, Zornotzan... eta, noski, Itzulian», gogoratu du Debak.

Itzuli honetan hiruzpalau etapatan egon dira jadanik, eta gaur, Arraten egongo dira. «Lurrean pintaketak egin ditugu, espraiarekin. Lehenbizi, Izuan egongo gara, eta, gero, Matsariara goaz. Guztiak balio du indarrak emateko», gehitu du Debak. Ezkiokoak ere han egongo dira, bi taldeek oso argi baitute Aranburuk asko eskertzen duela. «Nik uste dut gehien gustatzen zaion proba Itzulia dela. Noski, Vueltara joatea gustatuko litzaioke, baina Itzulian jendeak gertutik ikusten du, eta zirrara horrek hunkitu egiten du», azaldu du Alberdik. Deba ere bat dator harekin, Itzuliak ahalbidetzen duen gertutasun hori ez duela beste probetan sentitzen.

Eta Aranburuk eman du zeresana Itzulian. Asteazkenean, esaterako, Gaubearako bidean esprinta hausteko ahalegin ausarta egin, eta helmugatik 500 metrora harrapatu zuen tropelak. «A zer nolako urduritasuna!», esan du Debak, «une batez helmugan ikusi genuen. Pena izan zen». Alberdi ere itxaropentsu dago. «Adin onean dago, eta lan asko egin du. Ea aurten jauzitxo hori ematen duen. Bide onean doa». Animoak, behintzat, ez zaizkio falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.