Anoeta berria, gertuago

Otsailaren 9an amaituko da Anoeta estadio berria eraikitzeko lehiaketa publikoaren epea, eta gero jakinaraziko dute irabazlearen izena. Oraingoz Realak soilik azaldu du proiektua aurkezteko asmoa.

Realak aurkeztutako proiektuaren maketa; bi harmaila nagusiak erabat berrituta, zelaiarekin bat egingo lukete bi ateen atzean dauden harmailek ere. REALA.
jon eskudero
Donostia
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gero eta gutxiago falta da. Urte berrian sartu eta hilabete eskas besterik ez da falta Anoeta estadio berria eraikitzeko lehiaketa publikoaren epea amaitzeko, eta, beraz, Jokin Aperribai Realeko presidentearen esanetan, «Realaren inoizko fitxaketarik onena» gauzatzen hasteko. Zehazki, Donostiako udalbatzarreko lau alderdi politikoek —Bildu, EAJ, PSE-EE eta PPk— osatutako Anoeta Kiroldegia elkarteak joan den urteko abendu hasieran onartu zituen, aho batez, lehiaketaren baldintzak: estadioak 40.000-45.000 eserleku artean behar dituela izan, atletismo pistarik gabekoa izango dela, eta 45 milioi euroko aurrekontua edukiko duela. Bada, otsailaren 9an amaituko da Donostiako Udalean proiektuak aurkezteko epea, eta, ondo bidean, orduantxe emango zaio oniritzia Anoeta berriari.

Ez berehalakoan, egiari zor. Izan ere, aspaldiko nahia dute Donostiak eta Realak berak estadioa birmoldatzea. «Bi hamarkada daramatzagu zelai berria eskatuz», esan zuen hilabete atzera Aperribaik. Javier Olaberri abokatuaren eskariz, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak mugak jarri zizkion aurreko proiektuari, ez zuelako arrazoirik ikusten zelaiaren lau ertzetan dorre bana eraikitzeko. Dena den, bere horretan jarraitu zuen estadioa berritzeko lehiaketa publikora deitzeko ideiak, eta behin proiektuak aztertuta emango dute irabazlearen izena. «Horrenbeste atzerapauso eman eta gero, lan handia egin dugu Anoeta berria eraikitzeko bidean, eta, azkenean, badirudi bide zuzenean goazela. Halere, prozesuak luze joko du», aitortu du Josu Ruizek, Donostiako kirol zinegotziak.

Ruizen hitzetan —alkateordea ere bada—, pauso garrantzitsua izan zen Anoeta Kiroldegiak lehiaketaren baldintzak onartzea. «Udalean gauden alderdiok hiriaren onura bilatzen dugu, eta Anoeta berriak horretarako aukera emango digu». Iritzi berekoa da Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaia ere. «Hiriaren ikuspegitik aukera gehiago eskainiko dituen instalazioa izatea da helburua. Egungo Anoeta zaharkitu samarra dago, eta, azpiegiturak hobetuta, estadio distiratsu bat lortuko dugu. Edozein ekitaldi dagoela ere, jendea erakarriko du».

Hitz batean, eskaintza hobetuta eskariak ere gora egingo duela uste du Ruizek. «Atotxa zaharra bota eta Anoeta eraiki zenean, Realaren bazkide kopuruak gora egin zuen. Oraingo kasua ez da berdina izango, eta zaila izango da betetzea, baina han biltzen diren ikusleak orain arte baino gusturago sentituko dira, erosoago». Goiaren iritziz, estadioaren inbertsioaz eta ustiaketaz arduratuko denak ahalegina egin beharko du harmailak betetzeko. «Ez dakit Anoeta berria beteko den ala ez, baina edozein ekitaldi antolatuta ere, jendeak ongi erantzun ohi du, eta horrek eragina du hirian. Besteak beste, arlo ekonomikoan». Aperribaik azaldu zuenez, beharrezkoa da 40.000 lagun baino gehiago hartuko dituen zelaia eraikitzea. «Nazioarteko txapelketak hartzeko moduko instalazioak nahi ditugu. Etorkizuneko estadio bat, alegia».

Finantzaketari dagokionez, Realak berak hartuko luke bere gain aurrekontuaren %75. Egindako kalkuluen arabera, 43,8 milioi euro inguruko kostua izango lukete lanek, baina Realak ahalegina egingo luke 40 milioi eurorekin estadioa berritzeko. Hortaz, Donostiako klubak 30 milioi euro jarriko lituzke —horietatik hamar milioi Kutxabankekin lortutako akordio bati esker—, eta gainerako hamar milioi euroak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko lirateke. «Ahalegin izugarria egingo dugu, eta espero dut jendeak aintzat hartzea». Aperribairen hitzak dira horiek.

Ordea, zilegi ote da krisi garaian halako inbertsio bat egitea? «Gogoeta interesgarria da hori», azaldu du Goiak, baina ez du zalantzarik. «Zinemaldiarekin ere galdera hori egiten da askotan, eta ez dugu ezbaian jartzen. Kontua ez da zinema gustuko dugun ala ez, horrek hiriari zer-nolako onurak ematen dizkion baizik. Eta Anoetarekin gauza bera gertatzen da. Proiektu bideragarria izango da». Gainera, haren arabera, guztiz normala da diru publikoa tartean egotea. «Eusko Jaurlaritzaren laguntzak egingo du posible estadioaren birmoldatzea. Diru publikoa erabiltzearen inguruko kritikak entzun ditut, eta ez nator bat, azken finean aurrerantzean ere publikoa izango den azpiegitura bati lagunduko baitzaio».

Izan ere, orain arte bezala, futbol partidak ez ezik, errugbi neurketak, kontzertuak eta bestelakoak ere hartuko ditu Anoeta berriak. «Urtean hamabost egunez estadioa erabiltzeko eskubidea izango du udalak», gogorarazi du Ruizek. Atletismoari lotutako ekintzak, hori bai, estadiotik kanpo egingo dira, pistak desagertu egingo baitira. Zehazki, Anoetaren alboko estadio txikia ere goitik behera berrituko da. «Orain arte ez diogu erabilpen handirik eman Anoeta barruko atletismo pistari, eta ongi iruditzen zaigu estadio txikia berritzea», aitortu du Mikel Odriozola Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidenteak. Proiektuaren arabera, 5.000 lagun hartzeko ahalmena izango du estadio txikiak, eta nazioarteko erdiko mailako txapelketa batzuk bertan jokatuko dira. «Anoeta berrituta, atletismoak ere irabazi egingo du».

Realak, proiektua prest

Oraingoz, eta hilabete baino gutxiago falta dela, Realak soilik esan du lehiaketa publikora aurkezteko asmoa duela. Hortaz, irabazle bakarra izateko aukera handiak ditu. «Ilusioz gainezka gaude, aspaldiko nahia egia bihurtzetik gertu baikaude. Guk nahi dugun estadioa izango dugu», adierazi izan du Aperribaik. Hain justu, joan zen urtearen erdialdera eman zuen bere proiektuaren berri Donostiako klubak.

Izaskun Larzabal arkitektoak osatu du proiektua, eta erabat itxuraldatuta ageri da bertan Anoeta. Zelaia karratua izan arren, estadioa biribila izango litzateke, urdin kolorekoa barrutik eta kanpotik. Guztira 42.300 eserleku izango lituzke estadioak, gaur egun baino 10.300 gehiago. Harmailak futbol zelaitik zortzi metrora leudeke, atletismo pistarik gabe; 122 metroko luzera izango luke, eta egungo bi harmaila nagusiak zelairaino gerturatuko lituzkete eta beste biak guztiz berritu.

Kasurik onenean, lanak aurtengo udaberrian hasiko lirateke, eta zatika aurreratu, 2017ko azaroan amaitu arte. Hasteko, teilatuari eusteko zortzi zutabe erraldoi jarriko lituzkete. Gero, udan, futbol zelaia lau hilabetez itxi, zelaia bi metro behera jaitsi, eta harmailak hamar metro aurrera hurbilduko lituzkete. Realak denboraldi hasierako bizpahiru partida etxetik kanpo jokatu beharko lituzke. Behin zelaiko obrak bukatuta, ipar eta hegoaldeko harmailak bota eta berreraikiko lituzkete. Eta, azkenik, kanpoko fatxada berrituko lukete. Sarrerak hobetzeko asmoz, egungo eskailerak kenduko lituzkete. Paperetik errealitatera pasatzea falta da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.