«Urteak alferrik pasatzen ez direla eta», Realeko beteranoenetako bat bihurtu da Xabi Prieto. Horrek ardura eskatzen duela uste du, «taldearen orekari eusteko orduan», batez ere. Urteen poderioz dezente aldatu dela dio donostiarrak, bai futbolari gisa, bai pertsona gisa.
Nolakoa da Xabi Prieto zelaitik kanpo?
Zelaian bezalakoa ez, baina antzekoa bai. Lasaia, isila eta hotza, esango nuke. Beste edozein pertsona bezalakoa. Askotan, jendeak beste begi batzuekin begiratzen digu, futbolariak garelako, baina gu ere herritarrak gara. Sinpleak.
Nola deskonektatzen du futbolari batek?
Ez pentsa zaila denik. Futbolariak bere lan orduak sartzen ditu, eta etxerako bidea hartzen du. Askotan ematen dizkiot bueltak buruari, baina entrenatzailearen postua txarragoa da, alde horretatik begiratuta. Niri familiarekin eta lagunekin egotea gustatzen zait, eta horrekin aski dut deskonektatzeko.
Aita izateak ere lagunduko du, ezta?
Aita izateak arlo guztietan laguntzen du, bai deskonektatzen, arazoak ahazten... Porrot bat hartu eta etxera triste joatean, ez dago haurren irribarrea ikustea bezalakorik. Niri on egiten dit horrek.
Granerok orain gutxi aitortu zuen ez duela inon ezagutu Realean bezalako talde girorik. Nolakoa da, bada?
Nik ez dut beste inongo girorik ezagutu, eta nekez erantzun dezaket. Giro jatorra daukagu, familia bat gara, eta jokalari berriak gustura senti daitezen saiatzen gara.
Zuk ardura handia izango duzu horretan. Nolako lana egiten duzu?
Ez dut aparteko ezer egiten. Berriren bat etortzean harekin hitz egiten dut, hirian zein toki bisita ditzakeen gomendatzen diot, eta ezer gutxi hortik aurrera. Norabait joango banintz, nik jaso nahiko nukeena ematen saiatzen naiz.
Esan duzu ez duzula beste inongo talderik ezagutu. Oso bihotzean al duzu Reala?
Bai, noski. Txikitatik joan izan naiz Realaren partida guztiak ikustera, eta beti zen nire ametsa Lehen Mailara ailegatzea. Lortu nuen, eta oso zoriontsu naiz.
Inoiz ez al duzu beste norabait joateko tentaziorik izan?
Ez. Eta behin hona iritsita, ez dut uste izango dudanik ere. Oso gustura nago Realean.
Euskara sarri entzuten al da aldagela barruan?
Bai, bai. Esango nuke gure hizkuntza nagusia dela. Euskal hiztun asko gara taldean, eta gure artean beti hitz egiten dugu euskaraz. Bai lan saioetan eta bai partidetan ere. Entrenatzailea euskalduna izateak asko laguntzen du. Noski, beti ezin izaten dugu gure hizkuntzan egin, jokalari atzerritarrak baditugulako, baina tarteka haiek ere esaten digute euskaraz mintzatzeko. Nonbait, gustatu egiten zaie gu euskaraz aditzea.
Eta, erretiratzean, zer egingo duzu?
Oraindik ez daukat pentsatuta. 2017ra arteko kontratua daukat, eta indartsu segitu nahi nuke. Futbolari gisa, Anoeta berrian jokatzera iristen banaiz, gustura erretiratuko naiz. Hortxe-hortxe ibiliko naiz. Eta, hortik aurrera, auskalo. Futbolari lotuta jarraitu nahiko nuke, hori argi dut. Ez dut baztertzen entrenatzaile izatea.
«Anoeta berrian jokatzera iristen banaiz, gustura erretiratuko naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu