Donostiako udal gobernuak Anoeta estadioaren eraberritzea ahalbidetzeko plan aldaketa onartuko du, gaur jakinarazi duenez. Erreformarekin ere estadioa udalarena izango da baina, planaren arabera, ez ditu atletismo pistak edukiko, 40.000 lagunentzako tokia izango da —gaur egun 32.000 sartzen dira—, eraikinaren altuera txikiagoa izango da eta hirigintza eraikigarritasuna 15.800 metro koadrotik 12.000ra murriztuko da.
Aurrekontua 62,5 milioi eurokoa litzateke, eta lanek lau urte iraungo lukete, baina bitartean ere Anoetan jokatu ahal izango da —obren garaian gutxienez 27.000 lagunentzako tokia legoke—.
Estadioan, futboleko partidez gain, errugbikoak ere izateko neurriak hartuko ditu udal gobernuaren plan aldaketak, eta ondoko estadio txikia biziberritu egingo lukete, urte osoan atletismoko mota guztietako probak hartzeko.
Anoeta 1993ko abuztuan inauguratu zuten. Realak jokatzen du han.