Hauteskunde kanpainan agindutakoa betez, Jose Luis Astiazan Realeko presidenteak atzo aurkeztu zuen Donostiako Kursaal aretoan Anoetako estadiorako prestaturiko egitasmo mardula. Proiektuaren aurkezpena bi alditan egin zuten talde txuri-urdineko agintariek: bat eguerdian, kazetariei; bestea, iluntzean, erakunde, agintari eta hainbat eragileren aurrean.
Proiektua, hiru urteko lanaren emaitza zela azpimarratu zuen Astiazaranek. Izan ere, harmailak zelaira gerturatzeaz gain, Anoeta erabilera anitzeko futbol zelai bilakatzea da egungo Administrazio Kontseiluaren asmo nagusia etorkizunera begira. Izena bera ere aldatzea dute helburu talde txuri-urdineko agintariek, Anoetaren ordez Gipuzkoarena jarri nahi diote. Anoeta eraberritzeko 102 milioi euro erabiliko dira, eta bi urte eta erdi barru lanak bukatuta egotea espero dute. Orain arteko hiru urteetan arlo teknikoa jorratu dute Realeko ordezkariek. Egun, aldiz, arlo juridikoan murgilduta daude buru-belarri, eraikinetarako baimen guztiak bildu nahian. Ondoren, garapena bermatzen duen finantzaketa arloan hasiko dira lanean. Realak uste du hamaika urtean Anoetako estadioa txiki geratu dela. 32.200 ikuslerentzat tokia du estadioak, eta talde txuri-urdinak egun 28.500 bazkide inguru ditu. Toki arazoagatik, ezin du gehiago hartu. Talde txuri-urdinak atzo iragarri zuenez, 1.600 bazkide inguru omen daude zain, eta horiei tokia egin nahi zaie. Atletismoko pista kenduta, hamar mila eserleku berri egingo dira Anoetan. Orain arte bi lehiaketa handi soilik egin dira estadioan; 1993ko Europako Gazte Mailako Atletismo Txapelketa eta 1995eko Munduko Maratoi Kopa. 2005eko Munduko Beteranoen Txapelketa da bertan egingo den azken lehiaketa garrantzitsua.
Mundu osoko hainbat futbol zelai aztergai
Izaskun Larzabal, Fernando Garate eta Agustin Oteiza arkitektoak aritu dira lanean, buru-belarri. Realeko hainbat ordezkarirekin batera mundu osoko hainbat futbol zelai ikusi dituzte azken hilabeteetan. Larzabalek, Gipuzkoarenak antzekotasunik gehien Amsterdam Arenarekin izango duela adierazi zuen. «Hura hartu dugu erreferentzia nagusitzat, sei urte daramatzalako funtzionamenduan eta denek oso ongi hitz egin digutelako». Hala ere, Bayern Munichen Allianz Arena (Alemania), Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Detroit Ford Field, Schalke 04ren Arena Aufschalke (Alemania) eta beste hainbat ere hartu omen dituzte eredugarri. Hiru estadioak nahiko berriak dira.
Eraberritze lanak urte honen amaieran edo 2005eko urtarrilean hasi eta bi urte eta erdi geroago amaituko dira. Bitarte horretan, talde txuri-urdinak ez dio Anoetako estadioan jokatzeari utziko eta hori hala izanik, futbolik ez dagoen udako hilabeteak aprobetxatuko dituzte lanak pixkanaka-pixkanaka aurreratzeko.Gipuzkoarena proiektua Donostian ikusgai egongo da datorren asteazkenetik hilaren 29ra bitartean. Ondoren, Gipuzkoako zein iparraldeko hainbat herritara zabalduko dute.
FUTBOLA
Anoeta, Gipuzkoarena
Estadioa eraberritzeko proiektua aurkeztu zuen atzo Realak; 102 milioiko aurrekontua du, eta 2007rako amaitu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu