Azken-aurreko sailkatua, Sporting hartuko du Realak etxean datorren igandean (16:00). Partida horrekin ekingo diote donostiarrek txapelketaren bigarren erdiari. Esan beharrik ez zer-nolako balioa izango lukeen aurkari zuzen bati irabazteak. Anoetako azkenaldiko nora eza bideratzera derrigortuta daude txuri-urdinak, azken jardunaldietako urduritasunetatik salbu egoteko. Asturiarren kontrako partida benetako azterketa izango da. Ondoren, ia segidan igaroko dira Donostiatik Zaragoza, Mallorca, Rayo Vallecano, Betis, Vila-real eta Racing, guztiak ere aurkari zuzenak. Sevilla, Levante eta Valentziaren aurkako partidekin osatuko du itzulia.
Kopuruen hoztasunean murgiltzen hasita, lehen luzean hamar puntu baino ez dituzte lortu txuri-urdinek euren jokalekuan, Anoetan. Rayo Vallecanok adina. Zaragozak soilik ditu zenbaki eskasagoak: bederatzi puntu denera etxean, Romaredan. Jaisteko postuen barruti lokaztuaren inguruan dabil- tzan taldeen artean, Getafe eta Vila-real izan dira indartsuenak, 16na punturekin. Betisek bi puntu gutxiago atera ditu, eta Granadak eta Racingek, berriz, hamahiruna. Mallorca eta Sporting ibili dira larriago lehen itzulian; 12 eta 11 punturekin, hurrenez hurren. Gutxienez hiru arrazoik argi dezakete txuri-urdinek etxeko sarraila behar bezala itxi ahal izateko iluntasuna.
1. Kontrario gogorrenek ez dute barkatu
Sailkapen nagusia erditik banatuz gero, aurreneko zatian borrokan ari direnetatik zazpik jokatu dute Anoetan: Real Madril (0-1), Bartzelona (2-2), Espanyol (0-0), Osasuna (0-0), Athletic (1-2), Atletico Madril (0-4) eta Malagak (3-2). Beharbada, aurkari horien guztien kontra emandako itxura nahi bezain lehiakorra izan ez bada ere, ez da inolako hondamendia Philippe Montanierrenek irrist egin izana. Izan ere, aurkari horietatik gehienak Realaren kirol ahalmenaren gainetik daude. Partida eta aurkari horiez gain, Granada garaitu zuen, Dani Estradaren jaurtiketa harrigarri bati esker, eta Getaferen kontrako neurketa hutsean amaitu zen, bi taldeek 90 minutuan pattal jokatuta.
2. Eraginkortasun apala
Bederatzi partida horietan, zazpi gol ospatu dituzte Realeko zaleek, eta Cholo Simeonerenek berriki emandako muturrekoagatik, 11 aldiz atera behar izan du Claudio Bravok baloia bere saretik. Bost egunetan ez da gai izan gola sartzeko; gehiegi, eta aurrerapausorik eman nahi bada eraginkortasuna zorroztu behar duten seinale. Osasunaren kontra, esaterako, gipuzkoarrek goitik behera menderatu zuten neurketan, tiroa zuzentzea baino ez zitzaien falta izan merezitako garaipena eskuratzeko. Realarekin orpoz orpo ari direnen artean, Santanderko Racingek ekingo dio soilik bigarren itzuliari kopuru eskasagoarekin —sei gol sartu ditu Sardineron—. Zaragoza (7), Sporting (9), Vila-real (15), Granada (8), Mallorca (11), Rayo (10) eta Betis (12) trebeagoak izan dira azken jaurtiketan.
3. Erasoko jokalarien ekarpen urria
Anoetatik urrun etekina atera dio Philippe Montanierren multzoak etxekoen garaipen beharrari. Romaredako eta Vallecaseko erabateko ezina alboratuta —lehiakortasun apurrik izan ez duten bi partida nabarmenenak dira horiek—, beste guztietan zeresana izan du. Bereziki mingarriak izan ziren Mallorca eta Levanteren kontrako porrotak, irabazteko merituak egin baitzituen. Eta neurri apalagoan, ia bigarren zati guztian jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zutelako, baita Vila-real eta Racingen aurkako berdinketak ere.
Partida horietatik zapuztuta itzuli ziren txuri-urdinak, sari potoloago bat galdutako penatan. Bistan da erosoago sentitu direla aurkariak zirrikituak utzi dituenean eurek zuloak topatu behar izan dituztenean baino. Jokoaren ekimena eramatea ez baita nahikoa. Parean behar bezalako antolaketarekin tupust egin duen bakoitzean, lanak izan ditu azken pasea emateko, eta, ondorioz, ez du jorik erakutsi. Are gehiago, Agirretxeren lana salbuetsita, golak sartzeko garaian, erasoko jokalarien ekarpena ez da oparoa izan: Velak, Ifranek eta Griezmannek gol bana sartu dute etxean, eta Xa- bi Prietok eta Zurutuzak alerik ez. Joseba Llorentek ia ez du parte hartzeko aukerarik ere izan. Golak sartzeko garaianportzentajea hobetzean egon- go da hobekuntzaren koska, hortaz.
Horiek hala, etxetik kanpoko talde onenen artean bosgarrena da Reala, baina joera aldatzea komenigarria izango du oso. Hain zuzen, Camp Nou, Santiago Bernabeu, San Mames, Cornella eta Vicente Calderonen puntuak batzea ez da umeen jolasa. Haizearen norabidea aldatzeko lehen abagune argia Sportingen kontrakoa izango da, Bartzelonaren gotorlekura lasaiago joan ahal izateko.
Anoetan sendotasuna behar du
Bigarren itzulian etxean ondo baino hobeto aritzea da Philippe Montanierren plangintza betetzeko gakoa. Jaisteko postuetatik ihesi dabiltzan zazpi talde etorriko dira Anoetara, eta ezinbestekoa izango da sendo aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu