Anoetaren beharrean

Valladoliden eta Kordoban emandako itxura hobetu nahi du Realak etxean Espanyoli irabazita

Anoetaren beharrean.
Donostia
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lasaitasun eta urduritasun egoerak marra batez erdibituta baleude, bi zangoak marraren gainean lituzke jarrita Realak denboraldia hasi denetik lehen aldiz. Horrek esan nahi du puntuak premiazko diren une garrantzitsura iritsi dela, batez ere, Valladoliden eta Kordoban (Espainia) jokatutako neurketa ezin eskasagoek betebehar hori areagotu ostean.

Jakinekoa zen txuri-urdinek ezingo zituztela etxeko partida guztiak irabazi eta hori gertatzen zenerako kanpoan aurrerapausoa eman beharko zutela giro sosegatu batetik ez aldentzeko. Azken egunetan asmatu ez eta, ondorioz, Espanyolen aurkako gaurko partidak azterketa kutsua hartu du. Philippe Montanierrentzat, Kopan «istripua» izan zutela frogatzeko garaia da.

Griezmann, min hartuta

Zer esanik ez Griezmannen parte hartzerik gabe —jokalari frantziarrak gihar-etena dauka ezker izterrean, eta ez da gaur Anoetan ariko—. Horrek zaildu egiten dizkio lanak Realari, Griezmann baitzebilen sasoikoen aurreneko txanpa honetan. Zurutuza ere min hartuta dagoenez, litekeena da Ruben Pardok jokatzeko aukera izatea Anoetan. Behin baino ez da aritu hasieratik etxean, eta, otsaileko astelehen hartan, Sevillaren kontra, maila zoragarria erakutsi zuen —gol bat sartu zuen ere—. Era berean, ezin liteke baztertu Velak edo Xabi Prietok jokatzea bi euskarrien aurretik, nahiz eta Pardoren aldeko apustua sendoagoa izan.

Kordobakoa ahazteko asmoz, pentsatzekoa da De la Bella, Iñigo Martinez, Markel, Vela eta Agirretxe hasieratik ariko direla, Estrada, Mikel Gonzalez eta Illarramendi bezala.

Reala bezalaxe, gaurko aurkaria, Espanyol behartuta zelairatuko da Anoetara. Zortzigarren jardunaldian lortu zuten denboraldiko lehen garaipena Rayo Vallecanoren aurka, etxean, azken segundoan eskuratu ere, lehen zazpi astetan ezinean aritu ostean. Espanyolen erradiografiak argi erakusten du Realaren gabezia berberak dituela, gehienbat, Bartzelonatik urrun jokatzean azaleratzen direnak bere osotasunean. Duela 11 hilabete lortu zuten etxetik kanpoko azken garaipena kataluniarrek. Gijonen izan zen (Espainia). Harrezkero hiru puntuak biltzeko hamahiru ahaleginetatik seitan berdinketarekin konformatu behar izan dute. Sasoi honetan, gainera, Mallorca, Levante eta Betisen aurka galdu dute, itxura eskasa emanez eta Valladoliden berdindu.

Txuri-urdinen ibilbide berbera da. Espanyolen larruazala, gainera, urratuagoa dago Cornellako bazterrak nahastuta baitaude aspalditxoan. Aurki presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte, kluba krisialdian sartuta dago eta. Esaterako, azken lau urteetan aurrekontua erdira murriztu behar izan dute. Mehartze horrek multzoaren berregituratzea ekarri du, eta, Mauricio Pochettinok harrobiari sakondu handia eman arren, gehiago izan da irauteko, talde on bat itxuratu ahal izateko baino. Joan Verdu eta Sergio Garcia beteranoenek irudikatzen dute jarraitutasun eta kalitatea, eta bi horiek izango dira Samuele Longo aurrelari italiarrarekin batera Espanyoleko erasoko arma nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.