Granada. Los Carmenes futbol zelaia. 2019ko maiatzaren 11. Faborito izan gabe, Realaren emakumezkoen taldeak Espainiako Kopa irabazi zuen estreinakoz, Atletico Madril 1-2 mendean hartuta. Bost urte geroago, halako beste balentria bat egiteko aukera du talde txuri-urdinak larunbatean, Zaragozan, Bartzelonaren aurka. 2019ko talde hartako kide ziren Sandra Ramajo eta Cristina Pizarro Chini. Biak ados daude: «Orduan ere ez ginen faborito, eta irabazi genuen. Final honek antz handia dauka Granadako finalarekin». Bizi izan zutena deskribatzeko, aski dute hitz bat: zoriontasuna.
Sandra Ramajo (Realeko jokalari ohia): «Jokalariak lasai eta konfiantzaz ikusten ditut»
Sandra Ramajo izan zen garaikurra Granadako zeruetara jaso zuena. Kapitaina zen. Egun, erretiroa hartuta dago, eta talde txuri-urdinaren kadete mailako entrenatzailea da. Garbi du: «Nereak [Eizagirre] jasoko du kopa, eta ez Alexiak [Putellas]. Sinetsi egin behar dute, bai jokalariek, bai Zaragozara doan jendea guztiak. Posible da. Granadan, zaleen bultzada erabakigarria izan zen, eta sinesteko eskatuko nieke». Jokalariei gomendio hau eman die: «Argi izan behar dute zer dagoen jokoan. Gozatu dezatela esango nieke, Realaren armarria harro eramateko, eta bete-betean lehiatzeko».
Zelaian izango ez bada ere, «pozik» dago Realaren beste final bat bizitzeko aukera izateagatik. Jokalariekin egoteko aukera izan du. «Lasai eta ilusioz ikusten ditut, konfiantzaz». Kopa irabazi zuten jokalarietatik hiru geratzen dira egungo multzoan: Nerea Eizagirre, Ane Etxezarreta eta Elene Lete. «Ziur nago orduko izpiritu hura transmititzen jakingo dutela aldagelan».
Egun bereziak izan zirela aitortu du. «Ez geunden ohituta halako zerbait bizitzera. Ikusmina izugarria izan zen. Psikologikoki ere landu behar izan genuen partida, batez ere testuingurua. Ordutik, emakumeen futbolaren ikusgaitasuna handitu egin da, eta jokalariak ohituago daude halako egoeretara. Hori abantaila handia da».
Bartzelonak talde menderaezina dirudien arren, Ramajok final «parekatua» espero du. «Argi dago Bartzelona dela faborito. Talde indartsua da, baina denboraldi honetako partida batzuetan ahulgune batzuk ikusi dizkiot. Horiek antzeman behar ditugu, eta gure indarguneak baliatu. Partida ahalik eta luzeena izatea lortu behar dugu, eta, baloia lapurtzean, kontraerasoa baliatu. Guri partida perfektua atera zitzaigun. Ea oraingoan ere posible den».
Garaikur hark garaipenetik harago zer eragin zuen ere azaldu du: «Balio izan zuen Gipuzkoan emakumezkoen futbolak hazten jarraitzeko eta zale gehiago erakartzeko. Ni, orain, kadeteen entrenatzailea naiz, eta ikusten dut final honekin duten ilusioa. Zaragozan izango dira. Realarekin titulu bat irabaztea posible ikusten dute».
Cristina Pizarro (Realeko jokalari ohia): «Nire kirol ibilbideko egunik zoriontsuenak izan ziren»
Cristina Pizarro Chini jokalari ohia Madrilen bizi da orain, Getafen jokatzen baitu. Ezin izango da finalean egon. «Haurrak ere entrenatzen ditut, eta partidak ditugu. Baina gauean, elastikoa eta bufanda hartu, eta telebista aurrean egongo naiz, animatzen. Aneri eta Nereari mezu bat bidaltzeko asmoa dut animoak emateko», adierazi du. Granadako finalaren bezperako egunei erreparatu die. «Gogoan dut gogotsu geundela eguna iristeko». Taldeak izan zuen batasuna ere nabarmendu du. Gogoan du egun batzuk lehenago bazkari bat egin zutela Oihana Aldairen baserrian. «Talde moduan asko disfrutatu genuen aste hori».
Finala irabaztea posible zela sinetsita joan ziren elkarrekin. «Gehienentzat lehen finala zen, titulu bat irabazteko lehen aukera. Atletico Madril, berriz, ohituta zegoen tituluak irabaztera. Umiltasunez joan ginen, baina argi izanda irabazteko aukera hor zegoela». Sinesmen hori handitu egin zen egonaldia egin zuten hoteletik zelaira joan zirenean. «Estadiora iritsi ahala, Realaren hainbeste zale ikustea izugarria zen. Harmailetan Atletico Madrilen zaleak gehiago ziren, baina Realaren zaleei gehiago entzuten zitzaien. Haiek eman ziguten emaitzari eusteko falta zitzaigun indarra».
Partidari dagokionez, argi du non egon zen gakoa. «Guk plan bat genuen partidari begira, eta goitik behera bete genuen, nahiz eta galtzen hasi. Atzean sendo egon nahi genuen, eta aurrean genituen jokalari bizkorrekin min egin: Nahikari [Garcia], Nerea, Marta [Cardona]... Bikain atera zen. Hori izan zen irabazteko gakoetako bat, eta bestea, sufritzen jakin genuela emaitzari eusteko. Denak oso nekatuta ginen. Baina bati indarrak huts egiten zionean, bestea agertzen zen. Inoiz baino taldeago izan ginen».
Amaieran festa piztu zen. «Gogoan dut ez genuela lekua hartuta ospakizunerako, eta klubak Atletico Madrilekin hitz egin zuela hark hartua zuen dantzalekua erabiltzeko. Hantxe egin genuen festa». Hurrengo egunean hasi ziren lortutakoaz jabetzen. «Gau hartan, nik behintzat, ez nuen telefonoa begiratu. Baina bueltan ginela, Donostiako ospakizuneko bideoak ikusten hasi ginen, eta orduan konturatu ginen. Harrerak, hurrengo egunetan herrietatik egin genuen bira... Nire kirol ibilbideko egun zoriontsuenak izan ziren».
Finala, berriz, honela aztertu du: «Realarentzat gakoa izango da aurreikusi duen plana betetzea, emaitza edozein izanda ere. Alferrik da Bartzelonari erreparatzea. Defentsan sendo aritu beharko du, eta aukerak baliatu».