Antzekoa, ez berdina

Bayernek garesti ordaindu du atzeko lerroko ahulezia eta bina egin du Turinen.Bartzelona fidagarriago aritu da, eta 0-2 irabazi dio Arsenali

Thomas Mueller Bayerneko aurrelaria, atzo Juventusi sarturiko gola taldekideekin ospatzen. ALESSANDRO DI MARCO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko otsailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bartzelonak eta Bayern Munichek antza dute. Askoren ustez biak dira Txapeldunen Liga irabazteko faborito handiak. Pep Guardiola teknikariaren estiloaren zilborresteak lotzen ditu bi erraldoiak, baina badute aldea ere. Atzeko lerroan dute alderik nabarmenena, Bayernen hutsuneengatik bereziki. Atzo bi taldeek partida bera jokatu zuten baina emaitza oso ezberdina lortu zuten. Biak jaun eta jabe izan ziren etxetik kanpo, baina Bartzelonak Arsenali 0-2 irabazi zion bitartean Bayernek bina egin zuen Turinen, Juventusen estadioan.

Biak ala biak faboritoak dira final-laurdenetarako sailkatzeko. Bartzelonak, halere, askoz lasaiago jokatuko du itzulerako partida martxoaren 16an. Bayern nagusi izan zen Turinen, eta lehen zati beldurgarria jokatu zuen. Zati osoa egin zuen Juventusen zelaian eta baloia bahitu zuen alde batetik bestera mugituz. Juventus hipnotizatu zuen bere kulunkarekin. Gol aukera garbi ugari izan zituen, baina bakarra baliatu zuen, Muellerrek (43. min.).

Bigarren zatiaren lehen ordu laurdena berdina izan zen. Juventus ez zen ageri eta Robbenek ezkerretik sartu eta erdira joanez mila aldiz sarturiko gola errepikatu zuen (54. min.). Fisikoki ezinezkoa zirudien Juventusek ez galtzea, baina Bayernek dardara egin zuen. Hutsune asko zituen atzean: Badstruber, Boateng, Javi Martinez, Benatia... eta ordezkoek kale egin zuten. Lehenbizi Kimmichek, eta Dybalak baliatu zuen (62. min.). Golak Juventus puztu zuen, iazko txapeldunordea zela oroitu eta harrotasuna berreskuratu zuen. Gora egin zuen, eta berriz ere Bayernen atzeko lerroko erraztasunak baliatu zituen kontraeraso batean.Sturarok sartu zuen bigarrena (76. min.). Juventusek itxaropena bizirik du oraindik.

Londresen antzeko partida ikusi zen, baina Bartzelonak ez zituen arrakala horiek utzi atzean. Arsenalek, era berean, ez du Juventusen ahal fisiko edo golik. Bartzelona nagusi izan zen eta Arsenalek kontraeraso batzuk izan zituen arren iazko txapeldunak ez zuen estutasun handirik pasa. Halere, bigarren zatira arte ez zuen bere agintea zukutzerik izan. Messi izan zen kalitate keinu bikainez 0-1ekoa sartu zuena (71. min.). Baloia ia une oro oinetan izan arren, Bartzelonak kontraeraso batean sartu zuen gola. Bigarrena, aldiz, penaltiz lortu zuen, Messik ere bai (83. min). Flaminik oparitu zion penaltia, falta argia egin baitzuen. Bartzelonak merezitako emaitza lortu zuen.

Proba Cityrentzat

Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko azken partidak gaur jokatuko dira. PSVk Atletico Madril hartuko du Eindhovenen, eta Manchester City Ukrainara joango da Dynamo Kieven aurka jokatzera. Cityrentzako enegarren proba da Europan. Ingalaterrako Ligan bolada txarrean da eta Txapeldunen Ligan berreskuratu nahi du ilusioa. Manchesterreko taldea faborito argia da, baina hutsune asko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.