Espainiako Vuelta

Antzekoa, ez berdina

Bi etapa korrituko dira Euskal Herrian: hamaikagarrena, Donapaleutik Urdazubira; hamabigarrena, Los Arcostik Bilbora. Etapa motzak prestatu dituzte

Espainiako Itzuliko aurtengo irabazle Simon Yates mikrofonoarekin, atzoko aurkezpenean. MORELL / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etapa motz eta bortitzak, eta ezaugarri bereko igoerak izan dira Espainiako Vueltaren bereizgarriak azken urteetan. Ez da giro izan arnasa luzeko txirrindularientzat. Bada, 2019ko ibilbideak ere ez ditu asebeteko. Izan ere, etapen luzerari dagokionez, azkenaldiko filosofia indartuko da: ez da 200 kilometrotik gorako etapa bakar bat ere izango. Ibilbide motz eta malkartsuak atonduta, ikuskizuna bermatzea eta zirrarari amaierara arte eustea da antolatzaileen xedea; esentzia gordetzea, alegia. Hori bai, ez diote muzin egin berritasunak txertatzeari. Hala nola, ohi baino amaiera piko eta labur gutxiago eta mendate luze gehiago egongo da. Gainera, bost amaiera berri egongo dira maldan gora: Javalambre, Ares de Maestrat, El Acebo, La Cubilla eta Gredos. Eta aurrenekoz, maillot zuria soineratuko du gazterik onenak.

Guztira zortzi etapek edukiko dute bukaera malkartsua, eta erlojuaren kontra, 54 kilometro osatu beharko dira. Hiru izango dira 2019ko Vueltaren interesgune nagusiak: Andorrako etapa, lehen atseden egunaren aurretik; Asturiaseko bi amaiera berriak, 15. eta 16. etapetan; eta Avilako probintzian jokatuko den azkenaurreko etapa erabakigarria. Horretaz landa, bi erlojupeko egongo dira, bata taldekakoa, 18 kilometrokoa, probari hasiera emateko, eta bestea banakakoa, 10. etapan. 36 kilometro izango ditu, eta Jurançon eta Paue (Frantzia) artean jokatuko da. Lasterketa Euskal Herrian ere barneratuko da: Donapaleun hasi eta Urdazubin bukatuko da 11. etapa, 12.ean tropelak Los Arcoseko zirkuitutik Bilborainoko bidea egingo du, eta 13.ean Bizkaiko hiriburutik abiatuko da.

Lehen eguneko erlojupeko lauak sailkapeneko lehen aldeak eragin ostean, berehala izango dute oilarrek aldapa gora moka hasteko aukera, 5. etapan hain zuzen. Lehen Mailako Javalambren egongo da helmuga. Igoera gogorra da, 11 kilometro eta %7,4ko bataz besteko pendizarekin. Hurrengo bi egunetan, berriz ere aurrez aurre izango dira sailkapen nagusiko hautagaiak: 6. etapa Hirugarren Mailako Ares de Maestraten bukatuko da, eta 7.a Lehen Mailako Mas de la Costan, aurrez ziklistek beste lau mendate igo ondotik.

Gauzak hala, 9. etapan izango dute liderrek lehen suzko proba serioa, Andorran. 96 kilometro eskaseko etapa izango da, baina distantzia labur horretan, txirrindulariek bost mendate gogor gainditu beharko dituzte: Ordino, La Gallina, Comella, Engolasters, eta amaierako Cortals d'Encamp. Azken bi igoeren artean, asfaltorik gabeko lau kilometroko tartea egongo da. Halako etapek erritmo itogarria izaten dute, eta ibilbidearen gogortasuna ikusirik, gerta liteke faboritoren bat jada jokoz kanpo iristea lehen atseden egunera. Maillot gorriaren lehian jarraitzen dutenek beste azterketa garrantzitsu bat izango dute hurrengo etapan, erlojuaren kontra. Saio luze eta gorabeheratsua izango da, espezialistentzat aproposa.

Lasterketako banakako erlojupeko bakarraren ondotik, Euskal Herrian sartuko da Vuelta. Iparralden hasiko da, Donapaleun, eta Nafarroan bukatu, Urdazubin, 169 kilometro osatu ostean. Akaso, gogorregia da esprinterrentzako, eta bigunegia igotzaileentzako, Bigarren Mailako mendate bat eta Hirugarren Mailako hiru igo beharko baititu tropelak; beraz, aukerako etapa izan daiteke ehiztarientzat. Biharamuneko etapak, 12.ak, Los Arcoseko zirkuituan izango du hasiera, eta Bilbon edukiko helmugako marra. Ibilbidea leuna da oro har, baina azken 40 kilometroetan klasiko itxura hartuko du, Hirugarren Mailako Urruztimendi, Ganguren eta Arraizekin.

Galbahea Asturiasen

Mugimenduak egon litezke faboritoen artean, baina batek baino gehiagok nahiago izango du zuhurtziaz jokatu, bortitza izango baita hurrengo etapa. Bilbon hasiko da, eta sei mendate gainditu eta gero, Maila Bereziko Los Machucosen bukatu. Hori horrela, trantsiziozkoa izango da 14. etapa, Asturiaseko ibilbide malkartsuei bide emateko. Acebo eta Cubilla galbahe estua izango dira sailkapen nagusiari begira. Bertan bukatuko dira 15. eta 16. etapak. Ibilbide gogorra izango dute biek ala biek, eta bukaerako igoerek ez dute inor barkatuko. Aipatzekoa da Cubilla, 28 kilometro eta %15era iristen diren pendizak baititu.

Bi etapa horien ostean, azken txanpa besterik ez da geldituko maillot gorriaren jabea nor izango den erabakitzeko. 18.ean, Guadarramako mendizerran barna ibiliko da tropela. Lehen Mailako lau mendate gainditu beharko ditu, eta jaitsiera luze baten ostean aurkituko du helmuga. Azken bala 20. etapan izango dute liderrek, segadetarako aproposa den ibilbide batean. Ez da etaparik gogorrena, baina ordurako ziklistek neke handia izango dute pilatuta hanketan, eta ibilbidearen gorabeherek min handia egin dezakete. Bost mendate egongo dira, Lehen Mailako bi tartean, eta amaierako Gredos, Hirugarren Mailakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.