Izenez, berdin-berdinak izango dira Lau t'erdiko Txapelketako bi finalerdiak: Martinez de Irujo-Bengoetxea batetik, eta Olaizola II.a-Saralegi bestetik. Urtebetean, beraz, ez da ezer aldatu. Ustez. Baina Olaizola eta Irujo ez dira izan hain Olaizola eta Irujo, eta bidean geratzeko zorian egon dira biak ala biak. Iaz egin bezala, herenegun Ezkurdiak gogotik estutu zuen goizuetarra (22-16), eta, lehen erdia ikusita, finalerdietan sar zitekeela sinesten hasiko zen, ziurrenik, Olaetxea —Olaizola II.ak galduz gero, lizartzarrak egingo zuen aurrera—. Lehen jardunaldian Xalaren aurka 14-22 galduta, berriz, Saralegiren lesioak samurtu dio bidea Iberokoari (22-0). Iazkoarekin alderatuta, beraz, izenez antzekoa izaten ari da Lau t'erdiko Txapelketa, baina antzekoa ez da berdina.
Behe-behetik hasita, maila harrigarria eman du Olaetxeak, eta Olaizola II.a bera 18 tantoan utzi zuen final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian. Lemuno, Jaunarena, Barriola, Ezkurdia eta Olaizola II.ari irabazi eta Bengoetxea VI.aren aurka galduta, finalerdien atari-atarian geratu da gipuzkoarra. Beste multzoan, berriz, den-dena alde zeukanean, Retegi Bik utzi du Xala finalerdietatik kanpo (15-22), Saralegiren mesedetan.
Bueltan-bueltan, iazko itxura berbera daukate bi finalerdiek, baina gertutik zaindu beharko da Saralegiren ezker eskuko hatz erakuslea. Irujoren aurka jokatzeari uko egin ondoren, amezketarrak bi aste gehiago izango ditu osatzeko. Azaroaren 29an jokatuko da bigarren finalerdi hori, Iruñeko Labriten. Amezketarrak jokatzerik izango ez balu —eta beste atzerapenik ezean—, Retegi Bik jokatuko luke Olaizola II.aren aurka —iaz 22-18 irabazi zion Olaizola II.ak Saralegiri—. Datorren igandean jokatuko da, berriz, Irujo-Bengoetxea VI.a finalerdia, Bilbon. Oso estua izan zen iazko finalerdia: 20-22 Irujoren alde.
Larunbatean, 2. mailakoa
Maila nagusiko bi finalerdien zain, datorren larunbatean Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko da Bigarren Mailako Lau t'erdiko Txapelketako finala, Altuna III.a eta Artolaren artekoa. Profesionaletan debuta egin eta bost hilabete eskasera jokatuko dute biek finala. Finalerdietan Altuna III.ak 14-22 irabazi zion Victorri, eta Artolak 3-10 Rico IV.ari. Errioxarrak min hartu zuen, eta ezin izan zuen amaitu partida.
Antzekoa ez da berdina
Iazko finalerdi berberak izango ditu Lau t'erdiko Txapelketak, baina, ezustekoak direla-eta, askoz orekatuagoa izan da final-laurdenetako ligaxka

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu