Eskubaloia

Aortako aneurismagatik hil da Rivero

Iruñeko Portland eskubaloi taldeko atezain Vladimir Rivero hilotz aurkitu zuten atzo gauean Barañainen (Nafarroa), bere etxean. Portlandeko presidente Juan Ignacio San Miguelek eta mediku Javier Akerretak agertu dutenez, autopsiak argitu du jokalariaren heriotzaren kasuak "guztiz naturalak" izan zirela; zehazki, aortako aneurisma bat. Asteartetik asteazkenerko gauean, eta beranduenez asteazken goizean hil zela zehaztu dute.

2004ko azaroaren 25a
13:45
Entzun
Rivero atzo ez zen agertu Portlandek jokatu zuen partidara, eta, halaber, ez zen joan neurketa bakoitzaren aurretik beste taldearen joko taktikak azaltzeko atezainei banatzen zaien bideoa jasotzera. Hori dela eta, kezka sortu zen Portland taldeko arduradunen artean, eta jokalariarekin harremanetan jartzen saiatu ziren.

Saio horiek huts egin zuten, ordea, eta Riveroren faltaren berri Iruñeko Udaltzainei eta Guardia Zibilari ematea erabaki zuten, azkenean, Portlandeko buruek. Hain justu, Guardia Zibila joan zen Riveroren etxera atzo gauean, eta hilotz aurkitu zuten 23:30ak aldera, ohean etzanda.

Juan Ignacio San Miguel Porltandeko presidenteak eta Javier Akerreta medikuak prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian Riveroren heriotzaren inguruan dituzten datuen berri emateko. Hain zuzen ere, autopsia egin diotela eta heriotza "guztiz naturala" izan dela nabarmendu dute: zehazki, aortako aunerisma izan duela atezainak. Halaber, heriotza asteartetik asteazkenerako gauean edo beranduen jota asteazken goizean jazo zela azaldu dute.

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako iturriek 'Efe' albiste agentziari agertu diotenez, agi denez, depresioa zuen Portlandeko atezainak.

Riverok 33 urte zituen, kubatarra zen sortzez, eta punta-puntako kirolaria zen eskubaloian, besteak beste, Kubako selekzioko atezain izandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.